Irungo Udalak, Gizarte Ongizateko Arloaren bitartez, ‘Altxor‘ proiektu pilotuaren ezarpena iragarri du hirian. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen hau 60 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, eta haien ahalduntzea, autonomia, garapen pertsonala eta partaidetza aktiboa sustatzea du helburu. Orain arte Euskadiko hiru hiriburuetan bakarrik egon da martxan, eta Irun izango da zerbitzu hau jasoko duen hurrengo udalerria, Udalak Luis Mariano zentro sozialean utzitako lokal bati esker.
Proiektuaren xehetasunak ezagutzera emateko, informazio hitzaldi bat antolatu da datorren asteazkenean, maiatzak 13, 17:00etan, Palmera-Montero Guneko 2. aretoan. Zerbitzu berri honek hamabost egunean behin eskainiko du arreta, adinekoen eskubideei eta baliabideei buruzko informazioa emanez eta bizi-proiektuak garatzeko laguntza pertsonalizatua eskainiz. Gainera, adinekoen artean sortzen diren proiektu komunitarioak babesteko gunea ere izango da.
Zehazki, psikologo batek eta gizarte-langile batek osatutako taldeak emango du arreta maiatzaren 20an eta 27an, eta ekainaren 10ean eta 17an, 16:00etatik 19:00etara. Ekimen honekin, Irun Lagunkoia planaren esparruan egindako eskaera bati erantzuten zaio, bereziki erretiroa hartu berri dutenentzat, beste batzuk zaintzen dituztenentzat edo gizarteari ekarpena egiten jarraitu nahi dutenentzat bideratua. Udalak herritarrak hitzaldian parte hartzera animatu ditu, gizarte aktiboagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitze bidean.



