Ficobak erbestearen biktimak omentzeko ekitaldia hartu du gaur

Gaur goizean, Ficobako auditoriumean, erbestearen biktimak omentzeko estatu-ekitaldi instituzionala egin da, Irungo hiriak memoria demokratikoarekin duen konpromiso sendoa agerian utziz. Ekitaldia Angel Víctor Torres Politika Territorialeko eta Oroimen Demokratikoko ministroa buru dela egin da, eta ehunka lagun bildu ditu, tartean biktimen senideak, elkarte memorialistak eta agintari ugari.

Cristina Laborda Irungo alkateak harrera egin die bertaratutakoei, Irunek askatasunaren eta exilioaren bidean izan duen garrantzia nabarmenduz.  Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu Maria Jesus San Josek, omendutako familien ordezkari Alda Blancok, Carlos Blanco Aguinagaren alabak ere hitza hartu dute homenaldian.

Erreparazio artistiko eta pedagogikoa

Omenaldian zehar, erreparazio artistiko eta pedagogikoari tarte zabala eskaini zaio musika, dantza eta ikus-entzunezkoen bidez. Lourdes Maldonado kazetari irundarrak aurkeztu du ekitaldia, eta erakundeen esku-hartzeak, jarduera artistikoak eta memoria demokratikoari lotutako testigantzak uztartu ditu. Ekitaldiari hasiera emateko ‘Maitia Nun Zira’ interpretatu da biolontxelo eta klabinoba musikarekin, Verdini Dantza Taldeko dantzariek lagunduta. Gainera, Errepublikaren erbesteko lehen pertsonako irudiekin eta El Pilar ikastetxeko ikasleekin bideo bat proiektatu da, Maria Teresa Leon eta Jose Maria Iparraguirreren testuen irakurketa egiteko.

Ekitaldiaren une garrantzitsuenetako bat Errepublikaren erbestearen hogei biktima eta senitartekoei Errekonozimendu eta Erreparazio Adierazpenak ematea izan da. Biktima eta senide horiek une oro egon dira eszenatokian, eta aurreskua dantzatu zaie. Ekitaldia amaitzeko, Landarbaso Abesbatzak ‘Ukuthula’ eta ‘Txoria txori’ abestu ditu entzuleekin batera.

Avenida zubia ardatz

Avenida zubia, duela gutxi Memoria Demokratikoko leku izendatua, ekitaldiko ardatz nagusietako bat izan da, milaka pertsonarentzat ihesbide eta itxaropen ikur izan zelako. Ministroak azpimarratu duenez, gaurko eguna —maiatzaren 8a— erbestearen biktimak gogoratzeko data ofiziala da, Europaren askapenarekin bat egiten duena, eta beharrezkoa dela haien memoria bizirik mantentzea etorkizuneko belaunaldientzat.

Ekitaldi honekin Irunek bere lekua berretsi du memoria historikoaren mapan, Frantzian (2023), Alacanten (2024) eta Asturiasen (2025) egindako aurreko omenaldien lekukoa hartuta. Senideen hitzek eta egindako omenaldiak duintasuna itzuli nahi izan die erbesteratutako milaka gizon eta emakumeri, Irungo mugak behinola banandu zituena gaur elkartasun eta gogorapen gune bihurtuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude