Erbestearen biktimak omentzeko estatu mailako ekitaldia egingo da Ficoban maiatzaren 8an

Irungo Ficoba erakustazokak erbestearen biktimak omentzeko estatu mailako ekitaldi ofiziala hartuko du datorren maiatzaren 8an. Topaketa hau Memoria Demokratikoko Estatu Idazkaritzak antolatu du gure hirian, lotura zuzena duten tokiei aitortza egiteko asmoz. Ekimenaren helburu nagusia erbesteratuei zein haien gertukoei aitorpen kolektiboa eta erreparazio pedagogikoa eskaintzea da.

Hitzordu horretan, musika eta dantza emanaldiez gain, askotariko ikus-entzunezko proiekzioak ere izango dira bertaratzen direnentzat. Ekitaldiko ordezkaritza instituzionalaren buruan Ángel Víctor Torres, Espainiako Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroa, egongo da, eta berarekin batera memoria demokratikoari lotutako hainbat erakunde, kargu publiko zein agintari bilduko dira. Egunaren aukeraketak badu bere arrazoi legala; izan ere, Memoria Demokratikoaren Legearen zortzigarren artikuluak maiatzaren 8a ezartzen du erbestearen biktimak gogoratzeko egun ofizial gisa, data horrek Bigarren Mundu Gerraren amaierarekin, Europaren askapenarekin eta erregimen faxisten porrotarekin bat egiten baitu.

Memoria demokratikoa

Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu duenez, estatu mailako omenaldi hori joan den urtarrilaren 30ean hiriko Avenida zubian memoria demokratikoaren gune gisa plaka bat jarri eta gero gauzatuko da, memoria hori aldarrikatzeko asmoz. Pauso honen bitartez, Irunek topaketa zein memoria espazio gisa daukan zeregina indartzen du irmo, eta argi uzten du iraganeko biktimen oroitzapena bizirik mantentzeko nahiz balio demokratikoak sustatzeko daukan borondatea.

Ekitaldi hau ezaugarri horiekin antolatzen den laugarren aldia izango da; lehenengoa 2023an Frantziako Le Perthus, Argelès-sur-Mer eta Collioure guneetan ospatu zen; bigarrena 2024an Alacanten egin zen, Ipar Afrikarako bidea hartu zuten Stanbrook ontziko bidaiariak bereziki gogoratuz; eta iazkoa Asturiasko Avilés herrian garatu zen, “Espainiako Askatasunaren 50 urte” izeneko markoaren barruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude