Gaur, hilak 8, Erbestearen Biktimak Omentzeko Egunaren harira, Irungo alkate Cristina Laborda eta Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkari Marisol Garmendia Avenida zubian elkartu dira, eta mugako pasabide enblematikoa “memoria leku” izendatua izango dela iragarri dute. Gainontzeko agintariekin batera, lore eskaintza egin dute erbestearen biktimak oroitzeko plakan eta Bidasoko interpretazio zentroa bisitatu dute.
Garmendiak azaldu duenez, hilabete batzuk barru iragarriko da ofizialki izendapena, oraindik tramite administratibo batzuk burutu beharra baitago, baina “erabakia hartuta dago jadanik”.
Labordak, berriz, nabarmendu du izendapenaren bidez Irunek “pauso erraldoia” eman duela gerraren eta diktadura frankistaren ondorioak pairatu zituztenak errekonozitzeko, haien eskubideak zabaltzeko eta haien aldeko neurriak hartzeko: “Bere historia ez dakien herria hura errepikatzera kondenatuta dago, eta gure ardura da hurrengo belaunaldiei gure iragana ahalik eta modu argi eta osoenean kontatzea. Ekitaldi hau xumea da itxuraz, baina memoria demokratikoa errekuperatzeko beste pauso bat da”.
Ondoren, alkateak berak eta Gobernuaren ordezkariak, gainontzeko agintariekin batera, lore eskaintza egin dute erbestearen biktimak oroitzeko plakan, eta Bidasoko interpretazio zentroa bisitatu dute.
Historia eta istorien bidegurutzea
Avenida zubia duela 100 urte baino gehiago eraiki zen, Irun eta Hendaia arteko komunikazioa hobetzeko, eta askatasunaren atea bilakatu zen 1936ko estatu kolpearen basakeriatik ihesi zihoazen guztientzat: bertan hasi zen erbesteratu ugarik indar frankistengandik ihes egiteko ibilbide latza, eta, tartean, zubia gurutzatuta hasi zuten askatasunerako bidea 1936ko irailaren 4an hiria suntsitu zuen sutetik ihesi zihoazen milaka eta milaka irundarrek.
Gaur, “memoria leku” izendatuta, mugako pasabide enblematikoa “horixe izango da guztion gogoan”, alkateak azpimarratu duenez.



