Oskarbi Elkarteak Irungo Udalak antolatutako hurrengo Liburu Azokan parte hartuko du. Eta, gainera, modu sentituan eta berezian egingo du; izan ere, hilaren 23ko goizeko 11:00etan, Zabalgune plazan horretarako dagoen karpan, Edward Rosset hil berria oroitzeko ekitaldi labur bat antolatu da. Idazlearen senideek eta “Los Navegantes” edo “Colón, en busca de Cipango” bezalako izenburu esanguratsuen egileek, besteak beste, aleak sinatuko dizkiete gerturatzen direnei, eta idazlearen bizitzaren eta obraren laburpen txiki bat egingo dute. “Horri ezin zaio omenaldia deitu”, azaldu du Bakarne Atxukarro elkarteko ordezkariak. “Aurtengo zirkunstantziek, edukiera hain txikiak, eta abarrek ez digute uzten ekitaldi bat antolatzen bere figuraren mailan. Baina Liburuaren Egunean ezin dugu ahaztu Irungo letren adierazle nagusietako bat, hiriaren izena oso urrutiko puntuetara eraman zuena”, gaineratu du Atxukarrok.
Irungo Udalak berak ere bat egingo du oroigarri horrekin, eta Rosset-en azal batzuk erakutsiko ditu Elkar eta Tinta Comics liburu-dendek hartuko dituzten aleen saltokien karpan. “Garrantzitsua da azpimarratzea liburuen salmenta postu hauetan egingo dela -azpimarratu du Atxukarrok- eta Oskarbik ez dituela salduko ez Rosset-en liburuak, ez azokan zehar aurkezpenak egin edo aleak sinatuko dituzten egileetako inorenak”.
Izan ere, elkarteko kideek hainbat jarduera prestatu dituzte azokak iraungo duen hiru egunetarako. Hala, hilaren 23an, 12:30ean, Roman Huartek “Mery Ann se aparece” opera primaren aleak sinatuko ditu. Bestalde, arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Virginia Gasull eta Bakarne Atxukarro idazleek “Nicole” eta “El café de los miércoles” eleberrien aleak sinatuko dituzte, hurrenez hurren.
Larunbatean, 12:30ean, elkarteko beste bi egilek, Virginia Gilek eta Itziar Sistiagak, “Madre despierta” eta “maldito Gorri” liburuak aurkeztu eta sinatuko dituzte. Azken egunean, igandean, goizeko 11:00etan, Jose Mensuro Mensu eta Javier Gilen txanda izango da, eta 13:00etan Eva Huebra eta Rosa Rubiorena.
Beste jarduera batzuk
Oskarbi elkarteak beti izan du beste kolektibo batzuekin sinergiak sortzeko joera. Horren erakusgarri izan ziren joan den abenduan Ondare elkartearekin batera argitaratu zuen liburua (azokan ere salgai egongo da) eta igandean, hilak 25, 18: 00etan, Amaia Kultur Zentroan egingo den ekitaldia, Santiagoko Deabruak kultur elkartearen eskutik. Roman Huarteren “Mery Ann se aparece” eleberriaren aurkezpena da, eta aipatutako elkarteak sortutako girotze berezia izango du, baita literaturari eta terroreari buruzko solasaldia ere, Virginia Gasull, Bakarne Atxukarro, Itziar Sistiaga eta Laura Balaguérekin batera. Gonbidapenak honako helbide honetan jaso daitezke.