Ribera bekek Bidasoa ibaiarekin ,mugarekin eta memoria historikoarekin loturiko proiektuak bilatuko dituzte berriro

Kultura Arloak Ribera beken beste deialdi bat iragarri du. Ribera bekak berdingabeak dira Estatu osoan,  eta Bidasoa ibaiaren inguru geografikoan ibai eta muga kontzeptuez eta memoria historikoaz hausnartzeko prozesu artistikoen garapena dute helburu. Beken deialdiari buruzko informazio guztia udalaren webgunean aurkitu daiteke eta otsailaren 2ra arte zabalik egongo da proiektuak aurkezteko epea.

Bekadunek askotariko jakintza arloetan (geografian, soziologian, nazioarteko harremanetan, biologian, ingurumen zientzietan…) Bidasoa ibaiaren inguruan eta haren eragin eremuan muga kontzeptuari eta memoria historikoari buruz hausnartzeko ikerketa prozesu bat aurrera eraman behar dute, eta prozesu horrek emaitza artistiko bat ekarri behar du. Bereziki, alderdi soziala eta partaidetza prozesuak baloratzen dira.

Ribera beken berezitasuna da halaber, tandem formatua dutela; alegia, bi profil hauetako pertsona bana dira bekadunak: profil artistikoko pertsona bat eta gizarte zientziak esparruko ikertzaile profileko pertsona bat.

Beketan interesa duten pertsonek aurreproiektu bat aurkeztu beharko dute eskabidean, eta bertan, besteak beste, titulua, ikerketa-kontzeptua, metodologia eta kronograma jasoko dira. Gainera, portfolio gisa egindako proposamen artistikoen memoria ere aurkeztu beharko da.

Otsailaren 2ra arte

Beka bakoitzaren zenbatekoa 9.000 euro da, eta proiektua aurrera eramateko epea, bederatzi hilabete. Humanitateen esparruko profileko pertsona batek eta Arte Ederren (ikerketa-artea) esparruko profileko batek osatutako bikoteek aurkeztu behar dituzte proposamenak, eta bi obra artistiko eman behar dituzte. Eskaerak betiko bideetatik (Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan edo egoitza elektronikoaren bidez) aurkez daitezke, otsailaren 2ra arte.

Joan den urtean, proiektu hauek izan ziren irabazleak: “Fabricar un cuerpo. Transformación y resiliencia en el pasado industrial del Bidasoa”, María Alcaide eta Eladio Aguilerarena, eta “Kristaldutako gorputzetan”, Irati Inoriza eta Juan Guti Verarena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude