Bidasoa ibaiaren mugak gainditzen ditu Recicla Birziklatu elkartearen proiektuak

Argazkia: Estudio Gover

Recicla Birziklatuk urriaren 14an Bidasoa Ibaia Garbi proiektuaren barnean Bidasoa ibaiaren garbiketa antolatu zuen. Hondakinen bilketa aldi berean egin zen Irun, Hondarribia, Hendaia, Biriatu, Urruña, Bera eta Lesakan. Elkarteak 211 boluntario elkartu zituen ibaia barrutik eta kanpotik garbitzeko. Rober Serna eta Laida Rodriguez Gorka Alcantarillarekin batera elkarteko kideak dira eta lehengo biek elkartearen azken ekitaldiaren balorazioa egin dute.

Urriaren 14koa ez da Recicla Birziklatu elkarteak antolatutako lehen zabor bilketa izan, ezta?

Laida: Hori da. Orain arte hainbat zabor bilketa antolatu ditugu, Hendaian, Hondarribian edo San Martzial mendian, besteak beste.

Azken bilketa hau Bidasoa Ibaia Garbi izeneko proiektuaren barnean antolatu duzue?

Rober: Bai, Bidasoa Ibaia Garbi gure proiektu handiena da eta atzetik lan handia duen arren, bilketaren lehenengo edizioa izateko oso pozik gaude emaitzarekin. Orain balorazioa egiteko garaia da eta datorren urterako zer antolatuko dugun ikusteko dago.

7 udalerritan ekitaldi bat aldi berean antolatzeak lan handia eskatzen du.

Laida: Bai, antolakuntza aldetik hilabete askoko lana eskatzen du, udalekin eta kolaboratzaileekin bilerak egin behar baitira. Honetaz aparte guk gure lana dugu, beraz, era boluntarioan egiten dugun zerbait da. Proiektu honi egunero zortzi ordu eskainiko bagenizkio errazagoa izango zen dena.  

Bidasoa ibaia barrutik eta kanpotik garbitu duzue?

Rober: Bai, proiektu handia da eta laguntzeko prest dagoen jende asko behar dugu. Horretarako, aurretik lantaldeak antolatzea beharrezkoa da eta hori ere ez da batere erraza, ibaian eta kanpoan dabiltzan pertsonen segurtasuna bermatu behar baita, noski.

“Proiektu handia da eta laguntzeko prest dagoen jende asko behar dugu”

Rober Serna, Recicla Birziklatu elkarteko kidea

Zenbat pertsonek parte hartu zuten urriaren 14an egindako bilketan?

Laida: 211 pertsonak hartu zuten parte boluntario gisa. Horietaz gain, ekintza koordinatzeko arduradun boluntarioen laguntza eskatu genuen, elkarteko kideak bakarrik 3 garelako eta ezin gara toki guztietan egon. Laguntzeko prest agertu zirenei gure konfiantza guztia eman genien eta arduradun bakoitza bolondres talde bat kudeatzeaz arduratu zen.

Zer motako hondakinak topatu dituzue ibaian?

Rober: Ni Endarlatsa eta Biriatu arteko zatian ibili nintzen eta bertan kotxe eta kamioien gurpil asko, sokak, plastikoak eta uretako ponpa handi bat ere aurkitu genuen bere kableatu guztiarekin. Azken hori izan zen gehien harritu ninduen gauzetako bat, hori nola iritsi ahal izan zen pentsatzeak. Santiagotarrak inguruan idazmahaiko aulkiak, koltxoi bat eta erosketa orgatxoak aurkitu ziren.

Laida: Hondarribian, berriz, asko kutsatzen duten bateriak, burdinak, beirak eta edukiontziak topatu ziren.

Rober: Gainera, bilketa egin bitartean marea jaisten ari zen, eta horrek asko lagundu zigun. Horrela, hondakinak agerian geratzen dira eta errazago da haiengana iristea.

Ondoren, zer egin zenuten bildutako guztiarekin?

Laida: Hegoaldean hondakinen kudeaketaz Txingudiko Zerbitzuak arduratu zen eta Iparraldean, berriz, Bil Ta Garbi. Amaieran, puntu bakoitzean jasotako hondakin guztiak Avenida zubiaren bi aldeetan elkartu ziren. Hondakin horiei bigarren bizitza bat emateko baliabide nahikorik ez dugunez, aipatutako erakundeak arduratu dira horien kudeaketaz.

Rober: Kasu gehienetan berrerabili ezin diren gauzak dira, zikinak edo hondatuak dauden gauzak direlako. Baina gutxienez ibaitik kanpo daude.

Familia osoarentzako ekintza izanik, izango al du haurrengan ere eraginik?

Laida: Bai, etorkizuneko belaunaldiek arazo honetaz jabetu behar dute. Hala ere, askotan etorkizunaren ardura haurrengan jartzen dugu, baina benetan ardura hori helduena da. Beraiek heztea gure ardura da. Hondakinak birziklatzea oso ondo dago, baina gutxiago sortzea are hobeto. Beraz, helburu nagusia hondakinak murriztea izan behar du, kontsumitzeko eta bizitzeko modua aldatuz.

“Askotan etorkizunaren ardura haurrengan jartzen dugu, baina benetan ardura hori helduena da”

Laida Rodriguez, Recicla Birziklatu elkarteko kidea

Orain egindako lanaz hausnartzeko momentua iritsi da.

Rober: Proiektu honek indar handia eman digu hiruoi, baina mentalki leher eginda gaude oraindik, azken hilabeteetan lan asko egin baitugu ekintza hau antolatzeko. Beraz, ekimen txikiagoak antolatzen jarraitu aurretik arnas pixka bat hartu behar dugu.

Laida: Zer hobetu daitekeen baloratu ostean. Neguan kosmetika tailerrak antolatzen jarraitzeko asmoa dugu.

Beraz, buruan jada proiektu berriak dituzue, ezta?

Laida: Garbiketak antolatzen jarraituko dugu. Horien antolaketa konplexuagoa denez, bitartean kosmetika naturalen tailerrak antolatzen ditugu. Izan ere, horrelako jarduerek jendea kontzientziatzeko ere balio dutelako. Gure eguneroko bizitzan bestelako erabakiak hartuz gauza asko aldatu ditzakegu eta horregatik sortu genituen tailer hauek. Erabaki kontzienteak hartuz ingurunea eta geure gorputza gutxiago kutsatzea lortu baitezakegu.

 

Laguntzaileak

Recicla Birziklatu elkartetik ekimen hau aurrera eramateko beren aletxoa jarri duten erakunde eta entitate guztien laguntza eskertu nahi dute. Hauek izan dira kolaboratzaileak:  Kayak Basque Country, Santiagotarrak, Bidasoa Basque Brewery, Mucha Kombucha, Alkain, Askora, Restaurante La Juanita, Bioterra/Ficoba, Botika, Ekomodo, Arteka Ocean, Surf Teknika, Surflogic, Lehena Ecole de Surf, Centre Nautique D’Hendaye, Central Surf, Decathlon Irun, Tribord Hendaya eta Ura-Uraren Euskal Agentzia.

 

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude