Bidasoa bizirikek ekintzailetzari bultzada emango dio diru-laguntzen bitartez

Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik elkarteko Ekintzailetza eta Jarduera Berriaren sailaren bitartez, enpresa ideia eta enpresa proiektuak martxan jartzeko 22 laguntza ekonomiko bideratzen ari dira. Diru-laguntza hauek LANBIDE – Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaileei laguntzeko programaren barruan sartzen dira.

Zehazki, 1.000 euro bideratuko dira enpresa ideia bat eratuko duten pertsonentzat. Bestetik, 1.500 euro erabiliko dira enpresa proiektu bat martxan jartzen duten pertsonak laguntzeko. Zenbateko hauek %15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste %15 emakumezkoa bada.

Laguntzak eskatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik Bidasoa bizirik-en tutoretza eta aholkularitza prozesua hasi izana. Hortaz, eskaera egin nahi duten horiek derrigorrez joan beharko dute laguntzen aurkezpenera, azaroaren 9an izango dena.

Diru-laguntza deialdi honek enpresa ideia baten sorrera, analisia eta egituraketa posible egiteko helburua du, proiektu lokalen testuinguruan prozesu honen tutoretza eta laguntzara bideraturik egongo dena.

Era berean, edozein jarduera adarreko negozio ideia definitu bat duten pertsonak laguntzea bilatzen da, enpresa jarduera abiatzea ahalbidetuko duten beharrezko laguntza eta aholkularitza ekintzen bitartez.

Aurkezpena

Diru-laguntzak jasotzeko interesa duten pertsona guztiek azaroaren 9an, osteguna, eguerdiko 13:30etan Bidasoa bizirik-eko bulegoetan (Hendaia kalea, 8. Ducoureau Jauregia. Irun) egingo den aurkezpenean parte hartu beharko dute. Baldintza, eskakizun edo prozeduraren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko, www.bidasoa-activa.com/eu/ webgunean eta  www.ideiakbizirik.com blogan kontsultatu, 943 50 96 00 telefonora deitu edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera posta elektroniko bat bidali dezakete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude