Iraun haurtzaindegiko teilatuan kokatuta dago autokontsumo kolektibo fotovoltaikoko lehen udal instalazioa. Energia asko kontsumitzen duten beste bi udal eraikinetarako, Udaletxea eta CBA Kulturgunea, ere erabiliko da instalazio horretan ekoizten den energia. Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak instalazioaren aurkezpenean parte hartu du.
Borja Olazabal ordezkariak nabarmendu duenez, autokontsumo fotovoltaikoa energia-trantsizioari laguntzeko tresna nagusi bat bihurtu da duela urte batzuetatik hona, eta ia eremu publiko guztietatik ari da sustatzen. “Ildo horretatik, Irungo Udalak hainbat jarduera egin ditu gure hirian autokontsumoa ezartzea sustatzeko”, gaineratu du Garapen Jasangarriko ordezariak.
Udal-eraikinetako lehen instalazio-proiektuak idazteko kontratazioa 2021ean aktibatu zen. 2022an, azterketa bat egin zen udalak energia-komunitateen esparruan autokontsumoa hainbat modalitatetan sustatzeko zer egin zezakeen aztertzeko.
Lehenengo instalazio-lanak 2022aren amaieran egin ziren, eta 17,5 kW fotovoltaiko gauzatu ziren Iraun haur-eskolako estalkian. Instalazioa 2022an amaitu arren, proiektua ezin izan da sarera konektatu orain arte, autokontsumo kolektiboko instalazioak atzerapenak izaten ari baitira banatzaile elektrikoarekin legeztatzeko tramiteetan. Energia asko kontsumitzen duten beste bi udal eraikinetarako, Udaletxea eta CBA Kulturgunea, ere erabiliko da Iraun haur-eskolako instalazio horretan ekoizten den energia. Horrela, autokontsumo kolektiboaren modalitateari esker, autokontsumo-mailak maximizatzea lortzen da, bertan berriztagarri moduan sortuz 3 eraikinen faktura elektrikoa murriztuta.
Gaur egun, lanean ari dira Azken Portuko kiroldegian 75,6 kW-ko potentzia duen instalazio fotovoltaiko berri bat egitea lizitatzeko. Kasu horretan, kiroldegiak energia asko kontsumitzen duenez, eraikinaren autokontsumorako bakarrik sortuko da. Lanak 2024an egitea aurreikusten da, eta esku-hartzea aprobetxatu eta ur beroa sortzeko erabiltzen diren eguzki-plaka termikoen funtzionamendua optimizatuko da. Bestalde, datozen hilabeteetan proiektu berri bat idatziko da Elatzeta ikastetxeko haur hezkuntzako eraikinean instalazio bat jartzeko. Obra horiek ez dira 2025 baino lehen egingo.
Energia-komunitateak
Udal-eraikinetan autokontsumoa garatzeko jarduketez gain, energia-komunitateen esparruan ere autokontsumoa sustatzen hasi da udala. Energia-komunitateek aukera ematen dute baliabide berriztagarriak dauden tokietan aprobetxatzeko, eta energia-ekoizpenean herritarren parte-hartzea sustatzen dute. Beraz, udalak uste du ezen, komunitateen helburuak eta irismena autokontsumotik haratago joan arren, eguzki-energiako instalazioak abiapuntu onak direla herritarrek energia-trantsiziorako egiten duten ekarpena aktibatzeko.
Dinamizatzaile-lana bere gain hartuta, azken asteetan, Udala industria-sektoreko hainbat eragilerekin harremanetan jarri da, aztertzeko ea interesik badagoen energia-komunitateak sortzen laguntzeko, gero herritarren eremura zabaldu ahal izateko asmoz.





