Udalak etxeetako eta merkataritzako lokaletako efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna hobetzen lagundu nahi du

Udalbatzak ahoa batez onartu du ostiral honetan 400.000 euro gehitzea 2023ko aurrekontuei, efizientzia energetikoa, egiturazko birgaitzeak eta irisgarritasuna hobetzeko dirulaguntzen programara bideratzeko.

Ogasun eta Hirigintzako ordezkariak azaldu duenez, «erabaki honi esker herritarren eskaerei erantzuteko gauza izango gara, hirian errotuta dagoen laguntza-programa baten bidez. Udal-instalazioetako efizientzia energetikoa hobetzen ari gara baina, harago joanik, konpromisoa daukagu norbanakoei eta enpresei ere laguntzeko, etxebizitzak edo ekipamenduak ildo horretan hobetu nahi dituztenean. Horren adibide dira dirulaguntza hauek».

Kreditu-gehikuntza honekin, programa honek 700.000 euroko aurrekontua izango du 2023an. Orain arte 464 eskaera jaso ditu Udalak; horietako 145 onartu eta eman egin dira, eta 27 ezetsi.  Eskabideak aurkezteko epea itxita dago, gehitutako kredituarekin izapidetzen ari diren eskaerei erantzungo zaie. Datorren urteko oinarriei begira, eskabideak aurkezteko epe zehatz bat zehaztuko da.

Barne hartzen dituen jarduerak

Hona hemen dirulaguntza hauetan sartzen diren jarduketetako batzuk. Batetik, irisgarritasun hobetzea, bizitegi-eraikinetan jarduketak eginez. Obrak egitea igogailu bat lehen aldiz instalatzeko, obrak egitea instalatuta dagoen igogailu baten bidezko ibilbidea guztiz irisgarri egiteko kaletik etxebizitza guztietara edo obrak egitea pasabideak edo ateak egokitzeko (zabalera, norabidea…) eta/edo beharrezko mekanismoak edo elementuak instalatzeko. Barruan sartuta daude, halaber, etxeetan edota merkataritzako establezimenduetan egin beharreko jarduketak.

Bigarren lan ildoa, efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak dira. Jarduketak bizitegi-eraikinetan, hala nola eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko lanak, eraikinen inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketak egiteko proiektu teknikoak edo autokontsumorako energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioak. Barruan sartuta daude, halaber, etxeetan edota merkataritzako establezimenduetan egin beharreko jarduketak: galdarak berritzea, berotzeko edo hozteko instalazioak hobetzea, etab.

Hirugarrena, berriz, egitura birgaitzeko jarduketak, egitura birgaitzeko obrak eta egitura birgaitzeko proiektu teknikoak biltzen dituenak.

Aurrekariak

Udalak, bere eskumenen barruan, udalerriko dirulaguntzen gaiari lotuta, laguntzak eman ditu azken urteetan irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko. Zehazki, 2013. eta 2014. urteetan laguntza ekonomikoak eman ziren Irungo etxebizitzen eta merkataritzako establezimenduen jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko egindako jarduketa pribatuetarako, energia gutxiago kontsumitzeko.  2015 eta 2019 artean, merkataritzako establezimenduen irisgarritasuna hobetzeko lanak ere sartu ziren dirulaguntza-deialdian.

2021an diruz laguntzeko modu beste ildo bat gehitu zitzaien aurrekoei, bizitegi-eraikinen egituraren segurtasuna bermatzeko egurrezko egiturazko elementu guztiak birgaitzeko obrak eta proiektu teknikoak diruz laguntzeko. Horren guztiaren xedea da hiriko ondar eraiki zahar eta zaurgarrienean obrak egin daitezen sustatzea, egurrezko egiturak gaur egungo segurtasun- eta funtzionalitate-beharretara egokitzeko.

2022an eta aurten, 2023an, beste jarduketa bat gehitu zaie dirulaguntzei, egun instalatuta dauden galdara indibidualak kendu eta aerotermia-sistemekin ordezteko (aire-aire teknologiak izan ezik). Efizientzia energetiko handiko ekipamenduak dira, eta efizientzia energetikoaren ildoaren barruan ematen dira laguntzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude