Etxeetako eta merkataritzako lokaletako efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko diru-laguntzak eskatzeko epea ireki da

Herritar guztiei jakinarazten zaie diru-laguntzak eskatzeko epea ireki dela hiriko etxe eta merkataritzako lokaletako efizientzia energetikoa, irisgarritasuna eta egituren birgaitzea hobetzeko lanetarako.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean deialdia argitaratu eta gero, hilabete hauetan posible da dagoeneko informazioa eskuratzea eta laguntza ekonomiko horietakoren bat eskatzea, dagoeneko 147 pertsonak egin duten bezala.

Laguntzak egoitza elektronikoan eska daitezke. Epea azaroaren 2an bukatuko da. Aurreko deialdietan banatutako diruari dagokionez, 2021ean 727.000 euro izan ziren (596 eskabide), eta 2022an 789.000 euro (653 eskabide).

Zer jarduketa sartzen dira?

Lerroz lerro, hona hemen diru-laguntza hauetan sartzen diren jarduketetako batzuk:

  • Irisgarritasuna hobetzea

Jarduketak bizitegi-eraikinetan: Obrak egitea igogailu bat lehen aldiz instalatzeko, obrak egitea instalatuta dagoen igogailu baten bidezko ibilbidea guztiz irisgarri egiteko kaletik etxebizitza guztietara edo obrak egitea pasabideak edo ateak egokitzeko (zabalera, norabidea…) eta/edo beharrezko mekanismoak edo elementuak instalatzeko. Barruan sartuta daude, halaber, etxeetan edota merkataritzako establezimenduetan egin beharreko jarduketak.

  • Efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak.

Jarduketak bizitegi-eraikinetan, hala nola eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko lanak, eraikinen inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketak egiteko proiektu teknikoak edo autokontsumorako energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioak. Barruan sartuta daude, halaber, etxeetan edota merkataritzako establezimenduetan egin beharreko jarduketak: galdarak berritzea, berotzeko edo hozteko instalazioak hobetzea, etab.

  •  Egitura birgaitzeko jarduketak:

Egitura birgaitzeko obrak eta egitura birgaitzeko proiektu teknikoak.

Aurrekariak

Udalak, bere eskumenen barruan, udalerriko diru-laguntzen gaiari lotuta, laguntzak eman ditu azken urteetan irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko. Zehazki, 2013. eta 2014. urteetan laguntza ekonomikoak eman ziren Irungo etxebizitzen eta merkataritzako establezimenduen jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko egindako jarduketa pribatuetarako, energia gutxiago kontsumitzeko. 2015 eta 2019 artean, merkataritzako establezimenduen irisgarritasuna hobetzeko lanak ere sartu ziren diru-laguntza-deialdian.

2021an diruz laguntzeko modu beste ildo bat gehitu zitzaien aurrekoei, bizitegi-eraikinen egituraren segurtasuna bermatzeko egurrezko egiturazko elementu guztiak birgaitzeko obrak eta proiektu teknikoak diruz laguntzeko. Horren guztiaren xedea da hiriko ondar eraiki zahar eta zaurgarrienean obrak egin daitezen sustatzea, egurrezko egiturak gaur egungo segurtasun- eta funtzionalitate-beharretara egokitzeko.

2022an eta aurten, 2023an, beste jarduketa bat gehitu zaie diru-laguntzei, egun instalatuta dauden galdara indibidualak kendu eta aerotermia-sistemekin ordezteko (aire-aire teknologiak izan ezik). Efizientzia energetiko handiko ekipamenduak dira, eta efizientzia energetikoaren ildoaren barruan ematen dira laguntzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude