Asteburu honetan Euskal Trenbide Sareak Gaintxurizketa eta Hendaia arteko zerbitzua etengo du

Elizatxo hiribideko trenbidearen gaineko pasabidea eraisteko lanak direla-eta, asteburu honetan, hilak 18 eta 19, ETS Euskal Trenbide Sareak Gaintxurizketa eta Hendaia arteko zerbitzua etengo du, bi noranzkoetan.

Lan horiei esker, Irungo Udalak, Hirigintza Arloaren bidez, ADIFekin elkarlanean, beste pauso bat emango du Katea berrurbanizatzeko. Lanak hirugarren hariaren eraikuntzaren esparruan egingo dira, azpiegitura beharrezkoa bera abiadura handiko trena hirian sartzeko.

Hori dela eta, Irungo Udalak aldaketa hori baliatzeko eta aipatutako tartea Katetik Plaiaundirainoko berdegune jasangarri berri baten abiapuntua izateko moduan eraldatzeko apustua gogorarazi du.

Lehenengo alkateorde eta Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezen esanetan, “Katea auzo atseginagoa izateko lanak aurrera doaz, sendo joan ere, eta, horrela, planteamendu berri bat gauzatuko dugu hirigunean, oinezko eta txirrindularien zirkulazioari garrantzi handiagoa emango diona, trenbideen gaineko pasabideko egungo euste hormak desagertuko baitira”.

Lanak Elizatxo hiribidea Letxunborro hiribidearen eta Porcelanaseko biribilgunearen artean berrurbanizatzeko proiektuaren parte dira. Beroni esker, trenbideen eta Kateko biaduktuaren inpaktua arintzea lortuko da, gaur egun batak eta besteak auzoa zatitzen baitute eta haien ondorioz oinezkoentzako konexioak zeharkakoak eta laburrak baitira eta degradatuta baitaude.

ADIFek aurreikusitako pasarela berria eraikuntza arin bat da, eta egungo hormek eratzen duten lubakia desagerraraziko du, pasarelak oinezko eta bizikleta bidezko zirkulazioa sustatuko baitu. Gainera, pasarela berriaren azpitik ere ibili ahalko da.

Etenak eta ondorioak Euskotrenen zerbitzuan

Egungo pasarela eraisteko lanak direla-eta, asteburu honetan, hilak 18 eta 19, ETSk Gaintxurizketa eta Hendaia arteko zerbitzua etengo du, bi noranzkoetan.

ADIFek bere sarean hirugarren haria instalatzeko proiektuaren esparruan egingo dira lanak.

Zerbitzua etengo denez, ETSk autobus zerbitzu alternatibo bat eskainiko du Hendaia eta Gaintxurizketa artean, Donostia eta Gaintxurizketa arteko trenen asteburuetako ordutegi berean.

Larunbat gaueko autobusek, ordea, Oiartzundik eta Oiartzuneraino bakarrik zirkulatuko dute.

Hendaiara bidean, hemen geldituko dira autobusak:

  • Gaintxurizketan, geltokiaren ondoan, Muebles Rey dendako zabaldegian
  • Katean, ugaldeko 45 zenbakiko geralekuan
  • Belaskoenean, geltokiaren ondoan
  • Irun Colónen, luis Marianoko autobus geralekuan
  • Ficoban, ficobako barruko biribilgunean, Iparralde hiribideko 47 zenbakian
  • Hendaian, geltokiko autobus geralekuan, General de Gaulle bulebarreko 85 zenbakian

Amarara (Donostiara) bidean, berriz, hemen geldituko dira:

  • Hendaian, geltokiko autobus geralekuan, General de Gaulle bulebarreko 85 zenbakian
  • Ficoban, Ficobako barruko biribilgunean, Iparralde hiribideko 47 zenbakian
  • Irun Colónen, topoaren geltokiko autobus geralekuan, Colón ibilbide 52 zenbakian
  • Belaskoenean, geltokiaren ondoan
  • Katean, Elizatxo hiribidearen eta Molino errepidearen arteko bidegurutzeko autobus geralekuan
  • Gaintxurizketan, geltokiaren ondoan Muebles Rey dendako zabaldegian

ETSk nabarmendu duenez, honako hauek hartu beharko dira kontuan autobusean joateko:

Mugikortasun murriztuko per­tso­nek, bestelakotasun funtzionala dutela-eta garraiatzeko behar bereziak dituztenek, 943504350 telefono zenbakira deitu beharko dute, aurrez.

Bidaia planifikatzeko, erabiltzaileek kontuan hartu beharko dute litekeena dela, erabilgarri dauden bitartekoen arabera, helmugara 30 minutu berandu iristea.

Animaliei dagokienez, muturrekoa daramaten txakurrek bakarrik bidaiatu ahalko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude