Astelehenean eraitsiko da Elizatxo hiribideko trenbide gaineko zubia

Astelehenean eraitsiko du Adifek Elitzatxo hiribidean trenbideen gainean dagoen zubia. Eraisketa lanak joan den azaroan Adifek abiadura handiko trena Astigarraga eta Irun arteko tartean sartzeko hasitako lanen barnean daude. Lanek Katea auzorako planteamendu berri bat egingo dute. Antolaketa berrian oinezkoentzako ibilbideek garrantzi handia izango dute, eta errepide gaineko pasabideak kenduko dira, euste hormarena egiten baitute.

Behin Molino errepideko lanak bukatuta, astelehen honetan, hilak 11, Adifek Elizatxo hiribideko trenbidearen gaineko pasabidea eraitsiko du. Horretarako, hiribidearen lehenengo zatia behin betiko itxi beharko da, Erromerieta eta Porcelanas artean. Tarte horretako trafikoa bideratzeko, Molino errepidea bi noranzkoetan irekiko da: Elizatxo hiribiderantz eta Letxunborro hiribiderantz.

Trafiko aldaketak

Adifek jakinarazi duenez, Katean egiten ari den lanen esparruan, astelehen honetan, hilak 11, Elizatxo hiribidearen lehenengo zatia behin betiko itxiko da, Erromerieta eta Porcelanas artean, hiribidearen gaineko pasabidearen eraisketa dela eta.Tarte horretako trafikoa bideratzeko, Molino errepidea bi noranzkoetan irekiko da: Elizatxo hiribiderantz eta Letxunborro hiribiderantz. Letxunborro hiribiderantz (Porcelanasetik aurrera), edonola ere, 10 tonatik eta/edo 10 metrotik gorako kamioiak ezingo dira ibili. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, informazioa banatu du postontzietan, aldaketen berri emateko.

Itxiera horrek ondorioak izango ditu inguruko zirkulazioan. Egoiliarren ibilgailuak bakarrik sartu ahalko dira Molino errepidetik Elizatxo hiribidera hiribidearen gaineko pasabiderantz. Gainontzeko ibilgailuek ezingo dute zirkulatu. Ahal dela, ibilgailu astunek AP-8 autobidea erabili beharko dute Arretxe-Ugalde industrialdera joateko, Burniola eta Gobaragin kaleetako irteera baztertuta.

Autobus zerbitzuari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalari jakinarazi dionez, aldaketa izango dira ere hiriarteko autobusen ibilbideetan.Irunerantz E22 lineak betiko ibilbidea egingo du. E24, E26, E27, E28 eta E77 lineetan Elizatxo hiribidean Porcelanasen parean dagoen geralekua itxi egingo da, eta, haren ordez, berri bat jarriko da Molino errepideko bidegurutzean.

Errenteria eta Donostiarantz, berriz,  E22, E24, E26, E27, E28 eta E77 lineek betiko ibilbidea egingo dute Porcelanaseraino, eta, handik aurrera, Molino errepidetik sartuko dira, geraleku berrian barrena, Letxunborro hiribiderantz (suhiltzaile etxerantz). Elizatxo hiribideko 62 zenbakian Katea parean dagoen geralekua itxi egingo da, eta, haren ordez, berri bat jarriko da Molino errepideko bidegurutzean.

Hiri barruko autobus zerbitzuak aldiz, normal-normal funtzionatuko du.

Kateko pasarela berria

Behin 2023ko otsailean Tokiko Gobernu Batzarrak Elizatxo hiribidea berrurbanizatzeko proiektua idazteko kontratazioa onartuta, Udalak Kateko pasarela berriaren aurreproiektua aurkeztu zuen, Elizatxo hiribidean Erromerietatik, hau da, Letxunborro hiribidetik, Molino errepideko bidegurutzeraino oinezko eta txirrindularientzako pasabide bat sortzeko proposamen bat.

Proiektu honen ildotik, Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezek eta Udaleko zerbitzuek adierazi dutenez, informazio bilerak egiten ari dira auzotarrekin, Kateko Auzo Elkartearen bidez, proiektua zertan den jakinarazteko eta haien iritzia biltzeko, eta aurrerantzean bilera gehiago egitea espero dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude