Tokiko Gobernu Batzarrak Elizatxo hiribidea berrurbanizatzeko proiektua idaztea kontratazioa onetsi du, 193.600 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Jarduketa Letxunborro hiribidearen eta Porcelanaseko biribilgunearen artean gauzatuko da.
ADIFen eta Euskotrenen trenbideen zabaltzak bi zatitan banatzen dute Katea. Iparraldean, Aranibar bizitegi gunea dago, eta, hegoaldean, Andrearriaga ibilbidetik beherako biztanlegunea.Elizatxo hiribideko biaduktuaren eta trenbideen ondorioak nabari ditu auzoak, Andearriaga ibilbidearekiko paralelo bukatzen baita Elizatxo hiribidea eta, horrela, auzoa zatitzen baitu. Gainera, oinezkoentzako zeharkako loturak txikiak dira eta degradatuta daude: auzoaren bi aldeak Teileria kaleko pasabidearen eta Molino errepidearen bidez bakarrik lot daitezke oinez.
Hirugarren haria eraikitzeko, Elizatxo hiribideko bideen gaineko zubiaren galiboa handitu behar du ADIFek, eta, horretarako, egungo zubia desmuntatu eta berri bat eraikiko du. Era berean, Euskotren azterlan bat egiten ari da, bere linea hirian integratu eta ADIFen gainerako azpiegiturekin lotzeko.
Irungo Udalak aldaketa hori baliatu eta aipatutako bide ardatza Katetik Plaiaundirainoko ardatz berde berri baten abiapuntua izateko moduan eraldatzeko aukera ikusi du.
Letxunborro hiribidetik Porcelanaseko biribilgunerainoko bide ardatza berrurbanizatzeko, bide egitura aldatu beharko da, eta horrek Letxunborro hiribidea hiria egituratzen duen bide ardatz berria bihurtzea ekarriko du.
ADIFek aurreikusten duen pasabidea arina izango da, eta egungo hormek ematen duten lubaki sentsazioa desagerraraziko du. Proiektuak lan hauek zehaztu beharko ditu:
- Andrearriaga ibilbidetik ADIF eraikitzekoa den pasabide berrirainoko biaduktu zatia kentzea eta pasabide berri arin bat eraikitzea, azpitik pasatzeko eta are azpian lokal batzuk jartzeko aukera ematen duena –proiektuak berak zehaztu beharko ditu lokalak–.
- Elizatxo hiribidea berrurbanizatzea, Letxunborroko biribilgunetik Porcelanaseko biribilguneraino, oinezko eta txirrindulariek erabil dezaten bultzatzeko.
- Andrearriaga ibilbidearen ondoko eta pasabidearen azpiko eremua berrurbanizatzea, trenbideen ondoan parke bat sortuta eta egungo eraikinak eraisteko aukera kontuan hartuta.
- Saneamendu sarea eta edateko ura hornitzeko sarea berritu eta konpondu beharrik dagoen aztertzea; argiteria berria jartzea, jasangarritasun irizpideei eta energia aurrezteko irizpideei jarraikiz; eta gainontzeko azpiegiturak mantendu, berritu edo handitu beharra dagoen aztertzea.