Elkarteek bilerak euskaraz egin ditzatela sustatzeko Telegram aplikazioaren ikastaroak eskainiko ditu Euskara Arloak

Elkarte eta entitateek bilerak gero eta maizago euskaraz egitera animatu nahi ditu Irungo Udaleko Euskara Arloak. Hori helburu hartuta, Telegram aplikazioaren inguruko ikastaro bat antolatu du. UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, aplikazio hori erabiltzen du bilerak euskaraz egin eta gaztelaniara aldiberean itzultzeko. Bada, aplikazio hori erabiltzen erakusteko zenbait saio antolatu ditu Irungo Udalak. Bi egun izango dira, aukeran: irailaren 21ean, asteazkenean, arratsaldeko 18:30etik 19:30era edo urriaren 6an, ostegunean, eguerdiko 14:30etik 15:30era edota 18:30etik 19:30era, eskariaren arabera. Saio guztiak Palmera Montero Gunean izango dira eta UEMAko teknikaria den Garikoitz Goikoetxeak azalduko du sistema.

Bertaratzeko, izena ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako, deitu edo idatzi: 943 31 00 34 edo kaleanbai@siadeco.eus. Izena emateko epea saioa baino bi egun lehenago amaituko da. Ikastaro hauetan parte hartzeko, bestalde, norberak bere smartphonean Telegram aplikazioa instalatu behar du eta telefonoaren aurikularrak soinean izan. Formazio saioa doakoa da.

“Elkarteetako euskaldunen eskubideak bermatu nahi ditugu; horregatik, UEMAren aplikazioaz jakinda, aukera hori elkarteetara zabal dezakegula ikusten dugu. Udalak baditu itzulpenerako baliabideak, baina teknologiak aurrera egiten du eta aplikazio horiek sortzen dira. Garrantzitsua da zerbitzu hau eskaintzea bilerak ahalik eta gehien euskaraz eman ahal izateko, Solas Jolas programaren bileran egin dugun bezala. Kalean Bai programan parte hartzen duten elkarteekin harremanetan jarri gara, baina gainerakoak ere gonbidatu nahi ditugu”, azaldu du Miren Echeveste ordezkariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude