Sultana Jaya ekintzaile sahararra Irunen izango da datorren ostiralean

Sultana Jaya, giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararra, Euskadin izango da Euskal Fondoaren eta eLankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eskutik. Bisitaldian, euskal agintari eta ordezkariekin bilduko da, eta aukera ere izango du hitzaldiak emateko eta sentsibilizazio-jarduerak egiteko udalerri gutxi batzuetan, besteak beste, Irunen.

Bira honen helburua Mendebaldeko Sahararen egoera larria eta sahararrek han bizi dituzten gertaerak ezagutaraztea da. Hitzaldia, Udaleko Lankidetza arloaren laguntzarekin, Amaia KZn izango da irailaren 23an (ostirala), 19:00etan. Hassaniaz hitz egingo du, eta gaztelaniaz itzuliko da aldi berean. Aurretik, eguerdi aldera, Irungo Udalean harrera egingo zaio aktibistari. Harekin batera izango dira Jadiyetu El Mohtar, Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaria, eta Itsaso Andueza, Euskal Fondoa erakundeko Sahara Unitateko kidea.

Santi Jiménez Lankidetzako ordezkariak, “ongietorria egin dio Sultana Jayari, pertsona garrantzitsua den aldetik”. Uste du “Sahararen egoerari buruz egin duen gogoetak eta, batez ere, haren aktibismoak berebiziko garrantzia duela. Haren esperientzia lehen eskutik ezagutzea aberasgarria bezain beharrezkoa da. Herritarrei gonbita egiten diegu Saharako herriak gaur egun bizi duen egoerari buruzko gogoeta-gune hau partekatzera”.

Sultanak 41 urte ditu. Bojadorren jaio zen, Mendebaldeko Sahararen ipar kostaldean, eta han bizi da. Giza Eskubideen aldeko aktibista da, eta sahararra den aldetik, erabat sartu da lurraldea berreskuratzeko herria egiten ari den borrokan. Ia herrikide guztiek bezala, familia banatua du kanpamentuetan eta okupatutako lurraldeetan, baina berak erabaki zuen bere hiri okupatuan geratzea Marokoaren okupazioaren aurka borrokatzeko. 2010ean, Giza Eskubideen Defentsarako eta Natur Baliabideen Espoliazioaren aurkako Liga Sahararra sortu zuen beste batzuekin batera, eta gaur egun, liga horren buru da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude