Datorren ikasturtean euskarak ez du plazara jalgitzeko arazorik izango euskaltegien eskaintzari esker

Ikasturte hasiera, urte berriaren hasierarekin gertatu ohi den moduan, proposamen eta helburu berriez beteta egon ohi da. Batzuk aspaldidanik egiteke dauden helburuen bila abiatuko dira, eta beste batzuk, berriz, inoiz iristen ez den “geroagorako” utziko dituzte. Euskara zerotik ikastea edo ezagutza maila hobetzea helburu horietako bat izan daiteke eta Irungo euskaltegiek askotariko ikastaroak proposatzen dituzte ezina, ekinez bada ere, egiteko.

Udal Euskaltegia
Irungo Udal Euskaltegian izena emateko epea irailaren 1ean hasi eta 19ra arte egongo da zabalik. Irungo Udal euskaltegia Urdanibia plazako 5. zenbakian kokatua dago.

Udal euskaltegian A1, A2, B1, B2 eta C1 mailako ikastaroak eskaintzen dira. Interesdunek astean bi, hiru, lau eta bost egunetan eskolak jasotzea aukeratu ahalko dute. Gainera, Udal Euskaltegiak gurasoentzat, erretiratu eta merkatarientzat bereziki prestatutako ikastaroak ere eskaintzen ditu. Astean bitan mintza taldeak antolatuko dira. Azkenik, larunbatetan B2 eta C1 mailetako azterketak prestatzeko ikastaro bereziak egingo dira larunbat goizetan. Ikastaroen eskaintza zehatza ezagutu eta izen emate inprimakia eskuratzeko udal webgunea kontsultatu beharko da. Ikastaroaren maila aukeratzeko ikasleek sarrera proba bat egin beharko dute taldeak antolatu ahal izateko.

Informazio gehiago lortu nahi duten horiek 943505273 zenbakira deitu edo euskaltegi@irun.org helbidera idatzi beharko dute.

LANNAHI
Udalak, gainera, urriaren 3tik abenduaren 23ra ikastaro trinkoak debalde eskaintzen dizkie langabezia egoeran dauden ikasleei, % 50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) dauden ikasleei, edo lanean egonda ere, gehienez %50eko lanaldia dutenei LANNAHI programaren bitartez. Programa hau Euskara Arloak martxan jarri zuen euskara ikasteko ahaleginean ari diren irundarrentzako.

Herri Jakintza
Herri Jakintza Euskaltegiak nobedade garrantzitsu batekin hasiko du 2022-2023 ikasturtea, helbidea aldatu baitu. Orain Euskaltegia San Juan Arria plazako 4. Zenbakian kokatua dago.

Herri Jakintza euskaltegiak egunero euskara ikasteko ikastaroak eskaintzen ditu A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetan. Ikastaro hauek astelehenetik ostiralera bitartekoak dira eta 2 edo 3 orduko saioetan antolatzen dira, goizez, arratsaldez eta gauez ematen direnak.

Astean hiru eguneko ikastaroak nahiago dituzten horiek A1, A2, B1, B2 eta C1 mailako ikastaroak izango dituzte aukeran. Eskola horiek astelehen, asteazken eta ostiraletan emango dira, bi edo hiru orduko saioetan banatuak. Ikasleek ere goizeko, arratsaldeko edo gaueko ordutegiak izango dituzte aukeran.

Era berean, Herri Jakintza euskaltegian astean bi eguneko ikastaroak eskainiko dira aurten. Astearte eta ostegunetan 3 edo 4 orduko eskolak emango dira goizez eta arratsaldez.

Asteburuan ikastea nahiago duten horiek larunbatetan emango diren B1, B2 eta C1 ikastaroetan izena emateko aukera izango dute. Larunbatekoak 4 orduko saioak izango dira, goizeko 9:00etatik 13:15etara.

Autoikaskuntza Herri Jakintza euskaltegiko ikastaroak jarraitzeko beste modu bat izango da. Ikastaro horiek 3 edo 9 hilabeteko iraupena izango dute.

Aurretik aipatutako eskaintzan interesa duena 943 63 52 66 telefono zenbakira deituta edo herrijakintza@gmail.com helbide elektronikora idatzita jarri ahalko da harremanetan Herri Jakintza euskaltegiko arduradunekin.

Irungo AEK
Irungo AEK euskaltegiak maila guztietako ikastaroak eskainiko ditu 2022/2023 ikasturtean zehar. Hau da, ikasleek HABEko A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 tituluak lortzeko aukera izango dute, maila horien prestaketara bideratutako ikastaroak eskainiko baitira. Zehazki, larunbatetan 5 orduko ikastaroak eskainiko dira B2 eta C1 tituluak prestatu ahal izateko.

Euskara eskolen ordutegia ere zabal-zabala da, izan ere, ikasleek aukeratu ahalko dute astean zehar bi, hiru edo lau orduko ikastaroak egitea. Gainera, Irungo AEK-k eskolak goiz, eguerdi, arratsalde zein iluntzetan eskaintzen ditu ikasketa prozesua bestelako zereginekin uztartzea posible izan dadin. Dena den, beren erritmora ikastea nahiago duten ikasle horientzat autoikaskuntza ikastaroak proposatzen ditu.

Are gehiago, AEK-k hainbat berrikuntza dauzka hastear den ikasturterako. Batetik, goizez zein arratsaldez mintza ikastaroak proposatzen ditu. Bestetik, astelehenetan eta asteazkenetan 19:30etatik 21:00etara hika ikastaroa proposatzen du.

AEKren bulego ordutegia astelehenetik ostiralerakoa da goizeko 9:30etik 13:30era eta arratsaldeetan 16:30etik 19:30era. Gogoratu AEKren egoitza Irungo Legia kaleko 6. Zenbakiko behean kokatua dagoela. Beraz, interesdunek bulegora harrera ordutegian hurbildu, irun@aek.eus helbidera idatzi, 943628834 telefonora deitu edo 688746633 zenbakira WhatsApp bidez idazteko aukera izango dute.

Ahalegin saritua
Orokorrean, Irungo hiru euskaltegien kasuan, ikasleek euskara ikasteagatik diru laguntzak jasotzeko aukera izango dute. Eusko Jaurlaritzak HABEren euskara-mailak edo horien baliokideak gainditzen dituzten ikasleei dirulaguntzak emango dizkie. Horrez gainera, Irungo Udalak, berriz, kurtsoaren kostuaren % 100a ordainduko die ikastaroak ondo aprobetxatzen dituzten ikasleei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude