Bidasoa ibaia iragaitzazko migratzaileentzat amu bihurtzen denean

Maiatzaren 22an gizon beltz baten gorpua topatu zen Bidasoa ibaian. Irungo Harrera Sarearen hipotesien arabera, bidaia jarraitu nahian ibaia zeharkatzen saiatu zen migratzailea zen. Gertakaria jazo aurreko asteetan hiritar sareak horrelako zerbait gerta zitekeela ohartarazi zuen. Maiatzaren 29an, berriz, iragaitzazko migratzaileek eskualdean bizi duten egoera salatzeko manifestazio jendetsua antolatu zen.

Ertzaintzako agenteek eta suhiltzaileek maiatzaren 22ko goizean Bidasoa ibaitik, Santiagoaurrea uhartetik, gizon baten gorpua atera zuten. Hendaiako suhiltzaileek muga ibaitik zeharkatzen saiatu zen gizon beltza zela baieztatu zuten. Datu horiekin, Irungo Harrera Sarearen hipotesi nagusia bidaia jarraitu nahian iragaitzazko migratzaile bat zela da. Gainera, goiz berean Hendaiako Intzura auzoko bizilagunek ibaitik 16 urteko mutiko beltz bat erreskatatu dute. Mutikoak indarrak berreskuratu ostean bere bidearekin jarraitu du. Bi orduren buruan, ordea, Irungo Harrera Sareak salatu duenez jendarmeek kanporaketa ilegala ezarri diote, adingabe eta migratzaile izateagatik dituen eskubideak urratuz.

Gertakari horiek jazo baino 24 ordu lehenago, Irungo Harrera Sareak prentsaurrekoa antolatu zuen maia- tzaren 29an Irun eta Hendaia artean egin zen manifestazioa aurkezteko. Sareak hilabete amaierako elkarretaratzearen urkezpenean eta aurreko agerraldietan migratzaileen aurkako jazarpena salatzeaz gainera, ibaia zeharkatzen saiatzeak duen arriskuaz ohartarazi zen. Irungo Harrera Sareak egoera salatu zuen azkenekotik 24 ordu igaro ostean, lehen heriotza jazo da.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak, gertatutakoaren xehetasunak argitzeko zain, bere tristura agertu zuen. Alkateak udalaren esku dauden baliabide guztiak eskaini zituen. Zentzu horretan, Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuarekin hitz egin zuen, koordinazioan eta lagungarria izan zitekeen udal-laguntza eskaintzeko. Santanok “guztion hausnarketa sakona” eskatu zuen “etsipenak pertsona horiek bizitza arriskuan jartzera eta, tamalez, oraingo honetan bezala, galtzera, eraman ez ditzan eta konponbide eraginkorrak bilatzeko”.

Erantzukizun eske
Iragaitzazko migratzailearen heriotzaren ostean, Irungo Harrera Sareak hurbileko erakunde publiko guztiei migrazio eta harrera erantzukizunak hartzea eskatu zien. Era berean, instituzioak interpelatu zituzten eskubideak sistematikoki urratzen dituen muga horri irtenbidea eman eta behar dituzten instantziekin harremanetan jartzeko.

Maiatzaren 25ean Azken Portun, gorpua aurkitu zen tokian, elkarretaratzea egin zen. Horrela, Irungo Harrera Sareko kideek adierazi dutenez, “erakunde guztiei exijitzen diegu, gertukoenetatik hasita, pertsonak hiltzera bultzatzen duten kontroleko migrazio-politikak aplikatzeari uzteko, Migrazio Ministeriotik eta Europako instantzietaraino iritsiz”. Are gehiago, Irungo Harrera Sareak iragaitzazko migratzailearen heriotza dela eta zabaldutako komunikatuan beste migrazio- eta harrera-politika batzuk posible direla aldarrikatu du.

Maiatzaren 29ko manifestazioa
Maiatzaren 29an arratsaldeko 17:00etan Irungo Harrera Sareak deitutako bi manifestaldi abiatu ziren, bata Irungo udaletxetik eta, bestea, Hendaiako herriko etxetik. Bi manifestazioek Hendaiako atxikitze zentroan bat egin zuten, ondoren, Santiago zubirako bidea hartzeko.

Manifestazioen bitartez mugaren itxiera gogortu dela, migratzaileek geroz eta modu okerragoan bidaiatu behar dutela eta Bidasoalden egiten zaien harremanak ez dituela migratzaile guztiak eta behar bezala hartzen salatu zen. Ficobako lautadan, elkarretaratze jendetsuaren amaieran, bertan bildutako politikari eta erakundeetako ordezkariei pertsonen bizitza hobetzeko lan egitea eskatu zieten.

Hiritarrei manifestazioan parte hartzeko deialdia zabaltzeaz gainera, manifestua sinatzeko atxikimendua eskatu zuten. Manifestazio jendetsuaren bitartez argi gelditu zen asko direla hurbileko instituzioei eta mugetako kudeatzaileei beste migrazio eta gizarte politikak eskatzen dituztenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude