Bidasoa hilobi bihurtu da berriro

Bidasoa ibaiaren urak hilobi bihurtu dira berriro muga zeharkatzen saiatu den migratzaile batentzat. Azaroaren 20an Endarlatsa inguruan paddel surf egiten ari zen pertsona batek aurkitu zuen gorputza. Irungo Harrera Sarea erakundea jazoerarekin atsekabetuta azaldu da, orain dela aste batzuk berriro ere muga zeharkatzeko migratzaileek hartu beharreko arriskuak salatu ostean. Horrela, agintarien erantzukizuna salatu du eta migrazio politiken aldaketaren beharra eskatu du hiritar sareak.

Azaroaren 20an Bidasoa eskualdea atsekabez bete zen, bi herrialdeen arteko muga banatzen duen ibaian migratzaile bat hilik agertu zela jakin ostean. Gorpua topatu zen eremura larrialdi zerbitzuak, Ertzaintzaren helikopteroa eta Gipuzkoako Suhiltzaileak hurbildu baziren ere, ezinezkoa izan zen ibaian itotako migratzailearen bizitza salbatzea. Heriotzaren berri izan eta egun batzuetara jakin denez, hildakoak 38 urte zituen eta Boli Kostakoa zen. Irungo Harrera Sareak migratzailearen identitatea lehenbailehen identifikatzea eskatu du, hildakoen senideei heriotza jakinarazteaz gainera. Izan ere, Irunen migratzaileei harrera egiteaz arduratzen den sareak hildako gizona izenik gabeko biktima berri bat bihurtu dadila saihestu nahi du, familiari beren senidearen heriotzarengatik negar egiteko aukera emateaz gain.

Gertakarien segida
Eskualdean azken urteetan migrazio prozesuarekin lotutako lehen heriotza 2021eko apirilean gertatu zen, pertsona batek ibaiaren ertzean bere buruaz beste egin ostean. Ordutik, 3 pertsona ito dira Bidasoa ibaian eta urrian Ziburuko trenbidean trenak harrapatuta 3 migratzaile hil ziren. Urrutiegi joan gabe, azken itoaldia gertatu aurreko astean, trenak iparraldean azken migratzaile bat zauritu zuen.

Irungo Harrera Sareko kideek ohartarazi dutenez, Bidasoa ibaian gertatutako azken heriotza ezin daiteke gertakari isolatu gisa ulertu. Herritar sareko kideek heriotza testuinguruari erreparatuz ulertu behar dela adierazi dute. Izan ere, migrazio politika bidegabeek migratzaileak beren bizitzak arriskatzera behartzen dituzte. Azken heriotza jakin ostean, Irungo Harrera Sareak salatu du Irun eta Hendaia arteko muga gero eta modu zorrotzagoan itxi dela, migratzaileen zirkulazioa oztopatuz.

Hiritarren erantzuna
Ezbeharra jakin bezain pronto, hiritarrak Bidasoan zendutako pertsona oroitu eta migratzaileek bizi duten egoera gaitzesteko antolatu ziren. Heriotza jakinarazi eta hurrengo eguneko eguerdian, azaroaren 21eko 12:30etan elkarretaratzea deitu zuen Irungo Harrera Sareak (IHS) San Juan plazan. Ehunka hiritarrek deialdiarekin bat egin zuten eta udaletxearen aurrean elkartu ziren. Elkarretaratzean bertan Jon Aranguren IHSko kideak adierazi zuen, “migratzaileak muga Bidasoa ibaia zeharkatuz igarotzeko saiakerak egiten jarraitzen dutela jakin badakigu”.

Elkarretaratzean, minutu bateko isilunea gorde ostean, hiritar sareko ordezkariek agintariek migrazioaren esparruan duten erantzukizuna gogoratu zuten, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Irungo Udalari migrazioaren auzian esku hartzea eskatuz. Igandeko eguerdiko elkarretaratzean IHSko Josune Mendigutxiak adierazi zuen, “ariman min ematen badigu ere, ez gaude harrituta, bagenekielako berriro gertatu zitekeela eta hala salatu genuen”. Instituzioen axolagabetasunaren aurrean, “instituzioek egin beharko luketen lana geuk egiten dugu” gehitu du Mendigutxiak, nekatuta daudela, ahalegin handia suposatzen diela eta boluntario moduan egiten duten zerbait dela gogoratzearekin batera.

Iluntasunean itxaropen argia
Azaroaren 22ko iluntzean, berriz, Bidasoa ibaiaren gainetik igarotzen den Santiago zubian bat egin zuten mugaren bi aldeetako herritarrek. Iparralde eta Hegoaldeko eragileek deiturik, herritarrak kandelekin, lastargiekin eta esku-argiekin zubiko bi ertzetatik abiatu eta tarteko puntuan elkartu ziren, Frantziako poliziak modu iraunkorrean zubian kokatutako kontrolaren parean. Bertaratutakoek minutu bateko isilunearekin oroitu zuten Bidasoan hildako azken migratzailea.

Eragileen salaketa eta aldarrikapen mezuen ostean, Diadie Bak hitza hartu zuen, orain dela 10 urte Irunera iritsitako Mauritaniako migratzaile baten hausnarketa bertan bildutakoei jakinarazteko. “Irunera iritsi nintzenean uste nuen Bidasoa ibaian ezin zitekeela inor ito”, adierazi du Diadie Bak. Mikrofonoa eskuen artean zuela aprobetxatuz, Diadie Bak Afrikan gertatzen dena Europako agintarien errua dela salatu zuen, denetarik duen herrialdea izanda, adibidez, urrea edo mineralak, ezin baita ulertu Afrikan pobreak izatea. Era horretan, Europa osoari laguntza eskatu dio Diadie Bak, migrazio politikak aldatu daitezen. Ekitaldiaren amaieran mugaren bi aldeetako biztanleek aho batez Mikel Laborearen Txoriak Txori abestia kantatu zuten.

Irungo Udalaren erantzuna
Migratzailearen heriotza baieztatuta, Irungo Udalak gertatutakoaren berri izan ostean José Antonio Santano alkatearen tristura adierazteko prentsa-oharra zabaldu zuen. Gainera, igande goizean udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzean udal gobernuko hainbat ordezkarik parte hartu zuten, Miguel Ángel Páez alkateordea buru zutelarik.

Hedabideetara zabaldutako adierazpenean, Jose Antonio Santano Irungo alkateak biziki deitoratu zuen heriotza berria, eta adierazi zuen “izugarri tristea” dela eta “inpotentzia izugarria” eragiten diela “poliziaren kontrolak saihestuz bizitza arriskatzeko eta Bidasoa zeharkatzeagatik bizitza galtzeko prest dagoen jendea dagoela ikusteak”. Santanok berretsi zuen Frantziak ulertu behar duela “ezin diogula inori mugako pasabidea itxi, eta are gutxiago hori azkenean tranpa hilgarri bihurtzen bada bere bideari jarraitzeko ahaleginean atzera egiten ez dutenentzat”. Alkateak hitz egin du mugako kontrolak birplanteatzeko beharraz, pertsona horiek mugatik pasatzeagatik bizitza jokatzera eramaten ari baitira. Gainera, berriro esan duenez “Europak migrazio-politika komunak ezarri behar ditu batasuneko herrialde guztientzat, drama horiek saihesteko”.

Migratzaileen fluxuan gorakada
Era berean, Irungo Harrera Sareak azken asteetan zehar migratzaileen fluxuak gora egin duela antzeman du. Azken asteetan zehar 25-30 migratzaile iritsi dira Irunera. Migratzaileen jarioa handitzeaz gain, emakumeen kopurua modu nabarian handitu da, hirira iritsitako miratzaileen %10a izatetik, azken asteetan %30 izatera pasa dira.

Baldintza desegokiak
Europako migrazio politiken oztopoaz gainera, migratzaileak Irunera iristen direnean harrera baldintza egokiak betetzen ez direla salatu du Irungo Harrera Sareak. Izan ere, Gurutze Gorriak Hilanderas aterpetxean migratzaileek gehienez hiru gau igaro ditzakete. Beste gauza batzuen artean, baldintza horiek migratzaileak eragindako presioak muga edonola zeharkatzen saiatzera bultzatzen dituzte. Are gehiago, azken astean zehar 10 migratzailek gaua kalean igaro behar izan dutela salatu du IHSak, aterpetxean lekua egon arren, gaua bertan igarotzeko aukera ukatu ostean. Josune Mendigutxiak azaldu duenez, IHSko kideek ez dute batere argi zeintzuk diren migratzaileei aterpetxera sartzeko eskatzen zaizkien baldintza zehatzak. Eskakizunetako bat Espainiar estatuan urtebete baino gutxiago egotea da. Josune Mendigutxiak azaldu duenez, “baldintzak jakin ez arren, ondo dakiguna da egunero kale gorrian norbait uzten dutela”.

Migratzaileen harrera modu duinean gauzatu dadila bermatzeko, Irungo Harrera Sareak Europan zehar migratzaileentzako korridore seguruak sortzeko beharra adierazi du. Horrekin batera, herrialde batera iritsitako migratzaileek harrera duina jasotzea bermatuta egon beharko litzatekeela gehitu dute IHSko kideek. Horrela, gaitutako baliabideak ez direnez behar bezala kudeatzen, Irun Harrera Sarea bezalako taldeen lana ezinbestekoa dela gogoratu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude