Emakumeak Irungo merkataritzan erreferente

Nekane Arostegi

Azken hamarkadetan zehar emakumeek lotura estua izan dute hiriko merkataritzarekin. Hain zuzen ere, Irunen ibilbide historiko luzeko denden erakusmahai atzetik haien negozioak aurrera ateratzeko borrokatu dute, garai berrietara egokituz eta unean uneko erronkei aurre eginez.

Hurbileko merkataritza bizirik mantentzeko borrokaren erakusle garbia da Nekane Arostegi, Irunen Nekane izenaren azpian emakumeentzako bi arropa-denda dazukan emakumea. Nekanek 1986. urtean ireki zuen Jose Eguino kaleko 7. zenbakian kokatutako bere lehen denda Irunen eta, beranduago, bigarren denda bat ireki zuen Colon ibilbideko 27. zenbakian. Colon Pasealekuaren atzeko aldean, Luis Mariano kaleko 10. zenbakian Essere izeneko denda propioa ireki zuen 2016. urtean Beatriz Iglesiasek.

Lehen urteetako erronkak
Beatriz Iglesiasek esperientzia bidelagun izan zuen Essere denda zabaltzeko erabakia hartu zuenean. Hain zuzen ere, aurreko 17 urteak Boutique Victoria dendan lanean eman baitzituen. Nekane, ordea, ostalaritzan ibilitakoa zen, baina, arropa denda zabaltzeko erabakia hartu zuen, amak ehungintzaren sektorean izandako esperientzia eta lanpostuarengatik erakarrita sentitu ondoren.

Denda ireki eta negozioa aurrera ateratzeko lehen urte horiek ez ziren errazak izan. Hala ere, Beatriz Iglesiasi langabezia egoera alde batera utzi eta proiektu berri bat abiatzeko aukera eman zion dendaren irekierak. Luis Marianoko dendariak azaldu duenez, “zalantzak sortzeko denbora gutxi izan nuen, izan ere, otsailaren 6ean nire aurreko kontratua amaitu eta martxoaren 17an, berriz, nire denda propioa ireki nuelako”. Nekane Arostegi, ordea, bi semeren ama zen lehenengo denda ireki zuenean, baina, bere hitzetan “ilusio eta gogoek lehenengo urte horietan denda aurrera ateratzen lagundu ninduten”. Modu hoentan, zailtasunak alde batera utzita, negozio propio bat izateak eragiten duen askatasun eta eraberritze aukerez gozatzeko modua topatu zuten bi emakume dendari hauek.

Bilakaera etengabea
Saltokiak garai ezberdinetan ireki arren, bi emakumezkoentzako arropa-denda hauek Irungo merkataritzak azken urteetan jasandako bilakaeraren lekuko izan dira. Nekane Arostegik azaldu duenez, “Irungo merkataritzaren aldaketa garrantzitsuena azken 5 urteetan zehar gertatu da”. Beatriz Iglesiasek, berriz, gogoratu du Irun historian zehar merkataritzaren sektorean hiri erreferentea izan dela, nabarmenduz, “probintziako hiri eta herri desberdinetako jendea Irunera erosketak egitera etortzen zen duela ez hainbeste urte”. Zentzu horretan, emakumeek historian zehar Irungo denda askoren erakusmahaien atzen egon dira Essere dendako Breatriz Iglesiasek azaldu duenez. Nekane Arostegik, ordea, “emakumearen irudia edozein sektoretan garrantzitsua dela” azpimarratu du.

Merkataritzan izandako aldaketari loturik, bi emakume dendariek azken hamarkadan hiri inguruan kokatu diren merkataritza-gune handiak, hirian sartu diren frankiziak eta egun gauzak interneten erosteko dagoen joera aipatu dituzte. Izan ere, faktore hauek kontutan hartu gabe, ezinezkoa da egun Irungo Merkataritzak bizi duen egoera ulertzea.

Beatriz Iglesias

Emakumeak emakumeentzat
Essere eta Nekane emakumeentzako arropa eskaintzen duten bi denda Irundar dira, merkatuaren zabalpen garai honetan haien negozioa ezberdintzeko apustu garbia egin dutenak. Bere dendetan adin-ertaineko emakumeentzako arropa proposamenak ekartzeko ahalegindu da betidanik Nekane Arostegi. “Merkataritzarekin batera, emakumeen janzkera asko aldatu da azken urteetan”. Beatriz Iglesiasek, berriz, bere dendan marka eta estilo eskaintza zabala biltzen saiatzen da.

Bi denda irundar hauek emakumeak dituzte helburu. Bezeroen beharrei dagokionez, Nekane Arostegi eta Beatriz Iglesiasek bezeroek hurbiltasuna gehien baloratzen dutena dela onartu dute aho batez. “Une honetan arreta pertsonalizatua da dendari txikien altxorra”, Beatriz Iglesiasek adierazi duenez. Gainera, bi denden kasuan emakumeentzako arropa saltzen denez, erosleek emakume dendariaren aholkuak gustora jasotzen dituztela azaldu du Nekane Arostegik: “Eroso sentitzen dira gurekin, lagun batekin erosketak egingo balituzte bezala”.

Etorkizun ezezaguna
Merkatari txikiek momentuan bizi dituzten zailtasunez haratago, etorkizun ezezaguna da istorio honetako mamua. Beatriz Iglesiasen ustetan garrantzitsua da hiria erakargarri egiteko ekintza ezberdinak antolatzea bertan, adibidez, kontzertuak, antzerkiak edo familientzako ekintzak. Horrela, hiriko bazter ezberdinak erakargarri bihurtzea lortuko da. Gainera, merkatarien batasuna ezinbestekoa ikusten du egoerari buelta emateko.

Nekane Arostegik, inguruko instituzio eta entitateen babesgabetasunaz gainera, erosleen ardura azpimarratzen du, “azken finean, oraindik kasu askotan emakumeak dira erosketak egiteaz arduratzen direnak eta gure esku dago gauzak non erosi nahi ditugun erabakitzea”. Zentzu horretan, hirian dendak zabalik mantentzeko, ezinbestekoa da inguruko dendetan erosketak egitea merkataritza bizirik mantentzeko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude