
Irungo Ibarlako auzoan kokatutako Félix Manso jatetxeak Repsol gidaliburuan “Sol” sari bat jaso du. Saria jaso ostean, Felix Mansok eta Sonia Garciak jatetxearen ohiko fun-tzionamenduari eutsi diote zoriontasun mezuen artean, bezeroei urte-sasoiko lehengai eta maitasuna eskaintzen jarraitzeko.
Nola jakin zenuten zuen jatetxeak “Sol” saria jaso behar zuela?
Félix: Ez genekien. Aurten oso lasai geunden, ez genuelako imajinatzen data honetan izango zenik eta ia oporretan harrapatzen gaitu sarituak ginela jakin genuenean.
Ospe handiko saria jasotzeak poztasun bikoitza eragiten du?
Félix: Bai, aurretik beste bi “sol” izan nituen arren, jatetxea ireki genuenetik bertako produktuak lantzeko apustua egin dugu eta hortan jarraitzen dugu.
Zer sentitzen da horrelako sari batekin zure eguneroko lana saritzen denean?
Sonia: Oso pozik gaude egia esan. Eskerrak eman nahi ditugu jaso dugun sariarengatik eta zoriondu gaituen jende guztiarengatik, inguruan jendea ere oso pozik baitago. Felixek azaldu bezala, jendea gure etxean zoriontsu egiten saiatzen gara. Felixek sukaldean eta ni jantokian lan egin arren, oso ondo moldatzen gara bezeroa eroso sentiarazteko. “Sol” sariak, berriz, ezagutzen ez gintuen jendearengana hurbildu gaitu.
Sariak izen handiko jatetxeen pare kokatzeak presiorik eragiten dizue?
Félix: Ez, hasieratik jatetxean maila berdina mantentzeko ahalegina egin dugulako. Hala ere, jatexea Irunen kokatuta egoteaz asko pozten gara. Bertako gastronomia defendatzen saiatu gara beti, hiria behar duen tokian kokatu eta eskualdean izan ditugun sukaldari onek iraganean erakutsitakoa itzultzeko.
Etorkizunean saria mantentzen edo gehiago lortzeko ahalegin berezia egingo duzue?
Sonia: Guk orain arte egin bezala, lanean jarraituko dugu. Presioa egunero berdina da, bezero bat atetik sartzen den unetik ebaluatuak sentitzen garelako. Jatetxea ez dago hiriko erdigunean, beraz, jendeak zerbaitegatik erabakitzen du guregana etortzea. Sariak ongietorriak dira, baina, bezeroen ongizatea da gure helburua.
Zuen ustez, zeintzuk izan dira saria jasotzeko arrazoiak?
Félix: Jatetxe txiki bat gara, betidanik jasangarritasunaren eta kilometro zero elikagaien aldeko apustua egin duena. Hortaz gain, hiriko gastronomia eta bertako dendari zein baserritarrak laguntzen saiatu gara. Kategoriako produktuak izateko apustua egin dugu eta, horregatik, askotan nahi baino prezio altuagoak ordaindu behar dira. Sukaldaritzak kalitatezko osagaiekin lotura estua du eta esfortzu etengabea eskatzen du, gero, jendeak mahaiaren inguruan familia giroan janariaz gozatzeko.
Jendeak sariak kontutan hartzen ditu jatetxeak aukeratzerako orduan?
Félix: Bai, saria jaso ostean, lan handiko denboraldia izan dugu. Jatetxean antola-tzen ditugun jai eta ospakizun desberdinetan jendeak asko maite zaituela konturatzen zara eta hori oso garrantzi-tsua da.
Euskal Herria goi mailako sukaldaritza asko duen lurraldea dela esango zenukete?
Sonia: Hemen gastronomia oso ona dela dakite eta ondo jateko asmoarekin datoz.
Félix: Euskal Herriak sukaldaritza maila altua duela erakutsi du historian zehar. Kritikak jasoko ditugu noizean behin, baina, harrigarria da munduko leku ezberdinetako jendea zure jatetxeraino nola iristen den ikustea. Jendeak Euskal Herriko jatetxeen inguruan argitaratzen diren publizitate eta artikulu guztiak irakurtzen ditu.
Zuen jatetxea kokapen berezia du Irungo hiriaren barnean?
Sonia: Asko gustatzen zaigu gure jatetxearen kokapena eta gure lan egiteko erarekin bat egiten du. Leku txikia izan arren, oso erosoa da. Astean zehar karta zein eguneko menuarekin lan egiten dugu denboraldiko osagaiak landuz, dastatzeko menuaz gainera. Asteburuetan dastatzeko menua eta karta eskaintzen dugu eta ospakizun bereziak ere antolatzen ditugu.
Félix: Oso leku atsegina da, jatetxera sar-tzen zarenetik, atetik ateratzen zarenera arte. Hasieratik oso argi izan dugu gauzak nola egin nahi genituen.
Nolako egoera bizi du momentu honetan eskualdeko ostalaritzak?
Félix: Gure kasuan erritmo onean goaz, baina, denok norabide berean arraun egitea garrantzitsua da. Hurbileko merkataritza oso garrantzitsua da Irunentzat, hurbiltasunak inguruan familia txiki bat sortzea ahalbidetzen baitu. Guztia loturik dago, merkataritza ondo badago ostalaritza ondo joango da.
Zeintzuk dira Felix Manso jatetxearen etorkizuneko helburuak?
Félix: Poztasun handiz begiratzen dugu etorkizunera, lehenengo eguneko ilusio berdina mantentzen dugulako. Lana gure bizitzan bihurtu da eta oso pozik gaude horrela.