Gaztelumendi Antxon jatetxeko sukaldariak iaz eskuratu zuen bere lehen nazioarteko saria,
American Culinary Nestle Professional lehiaketan, hain zuzen ere. Ordutik, bere taldearekin
erdietsitako lorpenak goruntz doaz ziztu bizian. Berriki, Grezian burutu den Europako
Hegoaldeko Nazioarteko Sukaldaritza Lehiaketatik urrezko domina ekarri du eta aurten, WACS
Munduko Sukaldari Elkarteak deituta, munduko elitearen norgehiagokan parte hartuko du
Suitzan.
Munduko Sukaldaritza Erakusketa 6 urtean behin antolatzen du WACS delakoak. Heldu den
azaroan Suitzako Basilean egingo da, Europako 30 herrialdetako eta munduko 10 talderik
onenek parte hartuko dutela. Haien artean chef irundar bat, sekula izan duen erronkarik
handienaren aurrean. “Mailarik goreneko lehiaketa da. Pentsa gastronomiaren alorreko
potentziak gure aurkariak izango direla”, azaldu du Felixek. Guztira 110 platertxo prestatu
behar izango dituzte.
Sentitzen duen ardura ez da makala, kontuan hartuta 1989. urtetik lehiaketara ez dela
Espainiako talderik aurkeztu. Taldea 8 sukaldariz osatua da eta horietako lau titularrak dira:
Carlos Duran eta Alberto Moreno madrildarrak, Burgoseko Antonio Arrabal eta Felix Manso.
“Kide kopuruak laster batean gora egingo du, Suitzara gozogile pare bat eramango ditugulako,
horietako bat Bartzelonako Oriol Balaguer-en gozo-dendako nagusia, Adriá-rentzat lan egin
zuena”.
Taldeak arrakasta lortuko badu, sendoa izatea; alegia, kideen arteko harreman oneko eta
izaera osagarriko sukaldariak izatea behar-beharrezkoa dela ongi daki Felixek. “Dagoeneko
ibiliak gara zenbait lehiaketatan elkarrekin eta badakigu nola pentsatzen dugun eta zertan
nabarmentzen den bakoitza”. Dream team izatetik hurbil badaude ere, irabaztea ez dela
helburua aitortzen du Felixek. “Oraingoan ikustera goaz”.
Greziakoak ere ez zirudien helburu samurra nazioartean bataiatu berria zen taldearentzat,
baina urrea ekarri zuten. “Salonikakoa oso polita izan zen. Ez dut sekula horrenbeste sufritu
lehiaketa batean: hiru modalitateetara aurkeztu ginen eta goizeko zazpietatik lauetara
txandaka lanean jardun genuen 36 osagarri jakinez eratua behar zuen menua sukaldatzeko.
Eskerrak erritmo azkarrean lan egitera ohituta gauden!”. Grezian lortutako urreak 2014an
egingo den American Culinary Nestle Professional-erako txartela eman zien. Beraz, agenda
betea dago, ilusioz betea, egon ere.
Felix Mansok izurgarri atsegin du bere ogibidea. Horregatik, beti ari da lanean, bai sukaldean
bai sukaldetik kanpo. “Intuizioz lan egiten dut. Nahasketa berriak bururatu eta probatzeko
premia sentitzen dut”.
“Gogoan dut behin plater berri bat egiteko hilabete bat eman genuela: itxuraz ogi mamia zen,
baina, berez, esnez eta eztiz egina zen, erlauntza irudikatu nahian. Ez dugu berriro egitea lortu,
baina lortu arte ez dugu amore emango!!