Baso biziak plataformak “Baso bizien aukera, matarrasarik ez” jardunaldia antolatu du azaroaren 27rako. Ekitaldia Txingudi Ikastolan egingo da eta basoen kudeaketa egokirako proposamenak landu eta bilduko dituzte bertan. Edu Zabala Baso Biziak plataformako kidea da eta azaroko azken larunbaterako antolatutako ekintzen nondik norakoak azaldu ditu.
Noiz eta nola sortu zen Baso Biziak plataforma?
Herrietan Baso Biziak taldeak sortzen joan dira azken urteotan eta momentu batean, zehazki 2020ko martxoan, filosofia beraren baitan mugitzen ari garen herritarrak saretzeko unea iritsi zela ikusi genuen. Horrela hasi ginen poliki poliki bide hau egiten. Ibilbide motzeko plataforma da momentuz, baina, behintzat, nik uste ibilbide luzea izan dezakeela.
Plataforman era askotariko eragile eta ekintzaileak biltzen zarete?
Bai. Esandako moduan, EAEko hiru probintzietako taldeak biltzen gara bertan. Hasi Amurriotik, eta Arratia, Berriatua, Eibar, Bergara, Plentzia, Soraluze, etab. Momentuz, oro har, 17 taldek osatzen dugu plataforma eta gehienbat filosofia beraren inguruan mugitzen garen antolakundeak gara. Uste genuen ondo egon zitekeela talde beraren inguruan elkartzea gure esperientziak eta proiektuak partekatzeko.
Zergatik aukeratu duzue Txingudi Ikastola azaroaren 27ko jardunaldia antolatzeko?
Azaroaren 27an goizean eta arratsaldean izango ditugu ekintzak. Goizean etorriko diren hiru hizlarien artean, bata Donibane Garaziko kooperatiba bat da eta haiei keinu bat egin nahi izan diegu ekitaldira gonbidatuz. Lehendik beste bi ekimen eginak geneuzkan. Lehena Diman, bigarrena Elgetan eta hirugarrena antolatzeko ekialdera etortzea erabaki genuen, gure jarduera apur bat zabaltzeko.
Zein motako publikoari zuzenduta dago ekintza hau?
Baso bizien inguruan sentsibilizatuta dagoen jendeari zuzendutako ekintza da. Azken urteetan zabaldu den monolaborantza industrialaren filosofia eta praktika alde batera utzi nahi dugun pertsonak gara eta, horren aurrean, konponbideak daudela uste dugu. Hainbat teoria zaharkituta geratu dira eta kaltegarriak dira guztiz herritarrontzat eta naturarentzat.
Goizean zein hizlari eta zein gai jorratuko dituzue?
Esan bezala, guztira hiru hizlari dira. Bata Donibane Garazi inguruko Sugarai kooperatibako kidea da. Hauek baso ustiaketa bat egiten dute, erregaia sortzeko, biomasa hurbileko inguruan landuz. Etxeetarako egurra eta hainbat enpresetarako pelletak esakintzen dituzte eta baso hori bertako espeziekin berreskuratuko dela bermatzen saiatzen dira. Bigarrena, Aramaioko Errez kooperatiba da eta ibilbide luze bat dute atzetik. Proiektu kooperatibo bat daukate eta basoaren inguruko bestelako aukerak eskaintzen dituzte. Hirugarrena Euskal Herriko Hazien Sarea da, bertako hazien zainketaz arduratzen dira eta gaztainondoen zainketaz arituko dira. Arratsaldean, gure plataformako kideok “matarrasarik ez” dokumentua irakurri eta hainbat irudien bitartez azalduko dugu. Dokumentuan matarrasak eragiten dituen kalteak kritikatzen ditugu, monolaborantza eredu horren eskutik. Horren ostean, EHUko lau katedradun etorriko dira tailer batzuk ematera. Balizko egoera bat planteatuko dute eta taldeka landuko dira, emaitza eta ondorioak bilatzeko.
Jardunaldian alde teorikoa eta praktikoa uztartuko dira. Zein da jardunaldiaren helburu orokorra?
Batetik, bestelako laborantza ereduak daudela erakutsi nahi dugu, monolaborantza industriala alde batera utzita. Matarrasa dokumentuarekin herritarrei eta eremu honetan dabiltzanei erakutsi nahi diegu bestelako aukerak daudela. Udalen bidez bada bide bat mozioen bitartez matarrasaren aurka egiteko. Matarrasa guztiz debekatzea konplikatua da, baina bestelako aukerak proposatu nahi ditugu.
Zer egin behar da jardunaldian parte hartzeko?
Aldez aurretik interesa duenak basobiziakplataforma@gmail.com helbidean izena eman beharko du. Sarrerak bost euro balio ditu, plataformak diru sarrerarik ez duenez, hizlarien kilometrajea ordaintzeko erabiliko dugu. Horretaz gain, sare sozialetan gaude, Twitterren eta Facebooken, bertan informazio guztia tramitatzeko.
Bidasoa inguruan aipatutako arazoen adibiderik bururatzen zaizu?
Ez, egia esan, hemen inguruan ez. Aiako Harria aipatu dezakegu eta, nahiz eta parke naturala izan, monolaborantza eredu horren ondorioz landatuta egon diren hainbat pinudi edo beste espezie batzuek irauten dute, baina ez da arazo berezirik. Ni Txingudi Ikastolako irakasle izan naiz eta Jaizkibel menditik hurbil dagoenez, askotan erreparatu diogu. Duela 33 urte suteak izaten ziren bata bestearen atzetik, baina, gerora, pixkanaka berreskuratzen joan dela dirudi eta orain beste itxura bat dauka. San Martzialen, berriz, ikasleek kontatu zidaten lehen Irunen jaiotako haur bakoitzeko zuhaitz bat landatzen zela eta, horri esker, oso baso txukuna dago bertan.
Instituzioez gain, hiritarrek ere nolabaiteko erantzukizuna dute egoera honen aurrean?
Guk kontzientziazio lan bat egin nahi dugu, hau da, modu pedagogikoan, eta jardunaldiak horretarako dira. Jendeari erakutsi nahi diogu bestelako aukerak badaudela, orain zertan ari garen eta aukeran zein bide dauden. Kontzientzia hartzeko bide asko daude, urratsak egiten hasi aurretik. Guretzat hori funtsezkoa da: ezagutzea, ikustea, errespetatzea eta urratsak egitea.
Baso Biziak plataformatik bestelako egitasmorik prestatzen ari zarete?
Diman gure filosofiaren berri emateko dokumentu bat plazaratu genuen, baso bizien alde egiteko. Bide horretan, irailaren 4an Elgetan udaletako mozioen gida aukeratu genuen, udaletan aurkeztuko diren mozioen zerrendarekin. Orain hirugarren hau daukagu eta aurrera begira guk geuk ere gure burua argitu behar dugu zein norabide hartuko dugun eta gure aukerak zeintzuk diren ikertzeko.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.