Nekane Sánchez irakaslea da berez eta Anzaran auzoan duen akademian eskola partikularrak ematea da bere ogibidea. Psikologia eta coachingarekiko interesak, ordea, liburu bat idaztera eraman dute. Urte luzeetako lanari esker, “El color de la emoción” liburua sortu du, 23 saio edo entsegu laburrez osatua dagoena. Nekane Sánchezek aurreratu duenez, lan hau emozioen, koloreen eta norberaren bizipenen arteko elkarketatik sortu da.
Nola pasa zara irakasle izatetik, liburu bat idaztera?
Liburu hau duela hamar urte abiatu nuen proiektua da. Urte askotan irakaskuntzan aritu ostean, konturatu naiz ikasleei galderaren bat egiten nienean, erantzun gehienek emozioekin zerikusia zutela. Horrela, jabetu nintzen emozioek duten garrantziaz. Psikologia eta coachingean sakontzen hasi nintzen eta liburu honen lehen hiru atalak idatzi nituen. Orduan, nire bizitzak beste norabide bat hartu zuen, minbizia diagnostikatu zidatelako eta ondorioz ia 8 urtez proiektu hau alde batera utzi behar izan nuen. Tratamendua amaitutakoan, berriro idazteari ekin nion eta emaitza hau da: nire doluak laburbiltzen dituen liburu bat. Tituluan bizitzan zehar guztiok sentitzen ditugun emozio ezberdinak bildu nahi izan ditut, emozio onak eta ez hain onak daudelako. Nire amak 17 urte daramatza Alzheimerrarekin eta horrek ere asko irakatsi dit, bizitza gaixotasunarekin partekatzen ikasi dudalako.
Beraz, emozioak dira liburuko protagonistak?
Bai, azken batean, denok bizi ditugu emozio eta egoera berak, baina une ezberdinetan. Eta nik uste dut hori lantzea oso garrantzitsua dela, batez ere gauzak okertzen edo nahi ez bezala ateratzen direnean. Adibidez, “maite izatea” edo “behar izatea” oso antzekoak direla iruditu dezake, baina, tira, berez oso esanahi ezberdina dute. Norbait maitatzeak lasaitasuna transmititzen digun bitartean, norbait behar izateak menpekotasuna dagoela erakusten du. Beraz, funtsezkoa da gertakariak zein hitzak interpretatzen jakitea.
“Bai, azken batean, denok bizi ditugu emozio eta egoera berak, baina une ezberdinetan”
Nolakoa izan da liburua argitaratzeko prozesua eta nola bizi izan duzu zuk?
Liburu hau autoargitalpen bat da. Lana argitaratzeak ahalegin handia suposatu duen arren, orain emaitza ikusita liluratuta nago. Nire azkeneko umea balitz bezala sentitzen dut. Liburua idaztea erraza izan ez bada ere, oso ondo sentiarazi nau idazten nuen bitartean. Izan ere, orain bizitza beste era batera ikusten dut. Liburuaren maketazioa guk geuk egin dugu, etxekoek, nire ilobaren laguntzarekin, baita zuzenketa ere. Estresagarria izan den proiektu bat da, baina pixkanaka emaitzak ikusten hasten zarenean, estutasunak anekdota huts bihurtzen dira, azkenean, garrantzitsuena emaitza baita.
Eta zure ustez, zer ikasiko dute irakurleek liburu hau irakurriz?
Begira, nik ez diet irakurleei ezer irakatsi nahi. Izan ere, zer irakatsi diezaioket nik aita Alzheimerrarekin gaixorik duen pertsona bati, jada gaixotasunak irakatsi ez diona? Ezer gutxi. Sokratesek esan zuen bezala, ni ez nator ezer irakastera, baina pentsatzen irakastera natorkizu. Uste dut pentsatzea gehiago egin beharko genukeen ariketa dela, eta horregatik uste dut garrantzitsua dela emozioak lantzea. Orduan, nik hortik lagundu nahi ditut irakurleak. Nire esperientziatik abiatuta, emozio bat lantzeko ahaleginean norbaiti lagundu badiezaioket eta horri esker hobeto bizi bada, ni horrekin konformatzen naiz.
Non eskuratu ahalko da liburua?
Liburua lortu nahi dutenak, nirekin harremanetan jar daitezke, horrela salduko baitut, neronek zuzenean. Pozez zoratzen nago, egia esan, zorte handia izan dudalako, jendea liburuaren argitalpenarekin erotuta dagoelako irakurtzeko gogo handia omen duelako. Izan ere, oso harrera ona izan dut. Liburua ez dut Internet bidez salduko, argitalpen txiki bat delako, baina Facebookeko edo Instagrameko “El color de la emoción” orrialdearen edo nire telefono zenbakiaren bidez ere erosi ahal izango dute.
Zergatik erabaki zenuen liburua ilustrazioekin osatzea?
Marta Corzo Lópezek egin ditu ilustrazioak eta oso politak dira. Asko landu ditugu, entsegu bakoitzean landutako gaia ondo islatzea nahi genuelako. Adibidez, ilustrazio batean garuna eta torlojuak ikusten ditugu, zaratek batzuetan garunean emozioz aldatzea eragiten digutela irudikatzeko. Uste dut ilustrazioek gauzak bistaratzen laguntzen digutela, horiek nola eragiten diguten hobeto ulertzeko.
Proiektu hau liburu bat baino zerbait gehiago izatea nahi duzu, ezta?
Bai, izan ere, pixkanaka sortu eta eraldatu den proiektua da. Ezerezetik hasi nintzen eta lan askoren ostean, liburu bihurtu da. Behin hori lortuta, jendearekin hitz egiten hasi nintzen eta irakurketa tailer bat egitea bururatu zitzaidan, sentimenduak eta emozioak jorratzeko. Hori bai, irabazi asmorik gabe egin nahi dudan zerbait da. Hau da, liburuaren aurkezpena hartu nahi duten elkarteetara hurbiltzeko prest nago. Izan ere, liburuak lantzen dituen gaiak guztioi eragiten digutenak dira, beraz, elkarteetan lantzea lagungarria izan daitekeela uste dut.
“Uste dut pentsatzea gehiago egin beharko genukeen ariketa dela, eta horregatik uste dut garrantzitsua dela emozioak lantzea”
Bestalde, talde txikitan coaching tailerrak antolatu nahiko nituzke. Tailer horiek azalpen batekin hasiko lirateke, taldean elkartzen garenok elkarrekin ondo sentitzeaz gainera, sentimenduen, emozioen eta adimen emozionalaren inguruko azalpen orokor batzuk emateko. Horretaz gain, tailerrean coaching ariketa batzuk ere egingo genituzke, adibidez, bizitzaren arbola. Tailerra entsegu baten irakurketarekin amaituko litzateke. Hain zuzen ere, liburuko lehen entsegua landuz hasiko ginateke, zaurgarritasunaz edo kalteberatasunaz hitz egiten baitu. Izan ere, besteen aurrean beti oso indartsuak garela erakusten saiatzen gara, baina jendeak ez du ezagutzen benetan nolakoak garen. Beraz, nire ustez, gure eta besteen zaurgarritasunaz kontziente izatea oso garrantzitsua da bizitzan. Horri esker, zu zeu ezagutzeaz gain, bizitzan gauzak lortzea errazagoa izango zaizulako. Orduan, lehen tailer hori edonorentzat aproposa izan daitekeela pentsatzen dut. Dena eztabaida mahai formatuan egingo genuke, jendeak parte hartzeko aukera izan dezan eta mokadu txiki batekin bukatuko dugu, giro onean.
Horrela, gustatuko litzaidake hilean behin elkartzen den talde bat izatea, beti pertsona talde berdinarekin lan egiteko. Askotan gertatzen zait, kaletik noanean jendeak etengabe kontatzen didala bere bizitza eta nire buruari galdetzen nion ea zergatik gertatzen zaidan hau? Zerbaitegatik izango da, kasualitateak ez direlako existitzen. Orduan uste dut liburu hau instrumentu ona dela, proiektu huts bat baino askoz gehiago baita.