Tania Benito coach eta hezitzailea da, eta maite du pertsonei beren amets profesionalak betetzen laguntzea. Bere prestakuntzari eta metatutako 15 urtetik gorako esperientziari esker, bere ezagutza guztia liburu batean islatzea erabaki du, “Vive tu sueño profesional” titulupean. Irundarrak liburua zeinentzat pentsatua dagoen eta nola egituratua dagoen azaldu digu.
Nolatan erabaki zenuen coach eta prestatzaile izan nahi zenuela?
Unibertsitateko ikasketak amaitu nituenean berehala sartu nintzen lan merkatuan. Orduan konturatu nintzen pertsonak ez zirela hain eroso sentitzen bere lan ingurunean, askotan zenbaki huts bat izatearen sentsazioa zutelako. Pertsona horiei laguntzea erabaki nuen, ez liratekeelako horrela sentitu behar. Ikertzen hasi eta horrela coachinga ezagutu nuen. Hori 2005ean izan zen, eta coachingari buruzko master bat egin nuen Madrilen. Coaching pertsonaleko master exekutibo bat zen, enpresa arlokoa. Ordutik, pixkanaka eboluzionatuz joan naiz eta orain zentratuago nago ekintzaile izan nahi duten, beren burua berrasmatu nahi duten edo lan merkatuan sartu nahi duten pertsonei laguntzen. Horrela, hainbat urteko esperientziaren ondoren, ikasitako guztia liburu batean islatu nahi izan nuen eta neure liburua argitaratu nuen.
Beraz, pertsonei laguntzea asko gustatzen zaizula argi dago.
Egia esan, ilusio handia eragiten dizu pertsona bat zeinen azkar eraldatu daitekeen ikusteak, batez ere lan ingurunean. Langabezian eta lanik aurkitu gabe urteak zeramatzaten pertsonekin lan egin dut eta pozgarria izan da bai fisikoki zein animoz berriro lana bilatzeko gogo hori nola berreskuratzen zuten ikustea. Izan ere, lehenagoko egoera ondorengo aldaketa hori da benetan gogobetetzen eta ilusionatzen nauena.
Eta nola erabaki zenuen liburu bat argitaratzea?
Mentoretza batean parte hartu nuen eta bertan liburu bat argitaratzeko oinarriak azaldu zizkidaten. Horrela, pixkanaka edukia sortzen hasi nintzen, jarraitu beharreko bidea zein zen jakinda. Gero Círculo Rojo argitaletxearekin harremanetan jarri nintzen, eta lana interesatzen zitzaiela esan zidaten. Ondoren, berrikuspenak eta gainerakoak egiteko momentua izan zen. Azkenik, orain arte niretzat ezezaguna zen prozesu bati esker proiektua errealitate bihurtu arte. Izan ere, azkenean egia da zure lanaz ari zarela, baina ohituta ez zauden formatu batean.
Beraz, erraza suertatu zaizu argitalpen lana?
Bidean erronka txikiak aurkitu ditut, adibidez, errebisioak edo ortografia zuzenketak. Baina tira, argitaletxeak eta bertako profesionalek asko lagundu didate eta oso eskertua nago.
Nori dago zuzendua liburua?
Beren lanean ondo ez daudelako beren burua berrasmatu nahi duten pertsonei, lan merkatuan sartu eta benetan gustatzen zaienera argi eta garbi orientatu nahi duten pertsonei eta beren negozioarekin bidea egiten ari diren ekintzaileei zuzenduta dago. Orduan sortzen baitira lehen zailtasunak, ez dizutelako ondo ulertzen zure negozioaz eta erronkez hitz egiten duzunean. Eta, tira, ondo dator liburuak eskaintzen dizun laguntza hori ere, une jakin batzuetan zure ekintzailetza bideratzeko edo birplanifikatzeko.
Zer aurkituko dute bertan irakurleek?
Zehazki, istorioak, gida bat eta nire bezeroekin erabiltzen dudan metodologia irakurri ahal izango dituzte, urratsez urrats ikus dezaten zer etapa hartu behar dituzten kontuan lortu nahi duten amets profesional hori lortzeko.
Galduta sentitzen zarenean, horrelako laguntza euskarri bat eskura izatea asko eskertuko da, ezta?
Hori da. Gainera, liburu honek erronkak proposatzen dizkizu, zure buruari galderak egin diezazkiozun. Horrela, ariketa eta adibideen bitartez pentsarazten dizu ea benetan zauden lekuan jarraitu nahi duzun edo aldaketa egiteko momentua iritsi den.
“Hainbat urteko esperientziaren ondoren, ikasitako guztia liburu batean islatu nahi izan nuen eta nire liburua argitaratu nuen”
Beraz, eduki teoriko eta praktikoak tartekatzen ditu.
Bai, hainbat ariketa eta praktika ditu. Adibidez, balioei dagokienez, askotan ez dugu kontuan hartzen, baina lan batean eroso egoteko gure balioek nolabaiteko lotura izan behar dute enpresaren balioekin. Bestela, talka etengabean biziko zara. Adibide grafiko bat erabiltzen dut beti hau azaltzeko: animalien babesle sutsua bazara, hiltegi batean lan eginez gero, etengabeko borrokan biziko zara. Agian oso muturreko adibidea izan daiteke, baina uste dut oso ondo islatzen duela balioen gaiarekin transmititu nahi dudana.
Uste duzu amets egitea benetan ona dela pertsonentzat?
Nik uste dut ona dela, baina garrantzitsua iruditzen zait proiektuak amets batean bakarrik ez geratzea. Izan ere, amets batean geratu eta ekintzara pasatzen ez bazara, ez duzu helbururik edo estrategiarik ezartzen nahi duzuna lortzeko. Beraz, pausua ematen ez baduzu, frustragarria ere izan daiteke.
“Liburuan oinarrizko metodologia bat lantzen da, baina gero kasu bakoitza ezberdina da eta bakoitzak bere lanketa egin behar du”
Hala ere, kasu bakoitza desberdina izango da, ezta?
Bai, noski. Liburuan oinarrizko metodologia bat lantzen da, baina gero kasu bakoitza ezberdina da eta bakoitzak bere lanketa egin behar du. Dena den, liburuan lantzen direnak denontzako baliagarriak izan daitezkeen oinarrizko pausuak dira.
Zer kontatu dizute irakurleek irakurketaren ondoren?
Ba irakurleek feedback oso positiboa eman didate eta gainera, liburua irakurri ondoren, beste pertsona batzuei oparitu nahi izan diete, beraz, hori oso positiboa da, lana bestei laguntzeko baliagarria izan daitekeela pentsatzen dutelako. Beraz, oraindik irakurri ez dutenei, irakurtzeko gonbidapena egiten diet, aukera izanez gero, irakur dezaten.
Non erosi daiteke?
“Casa del libro” gisako liburu dendetan eta baita hemen Irunen dauden hainbat liburu dendatan ere eros dezakete, edo baita webgunearen bidez.
Eta Tania, zuk zerekin amesten duzu?
Gustatuko litzaidake pertsona gehiagori lagundu ahal izatea beren helburu profesionalak lortzen. Horregatik, talde mentoretza bat sortu nahiko nuke. Horrela, lanketa taldean eginez, sinesmen okerrak ezabatzea errazagoa da, bakarka landu ordez. Talde txiki bat izango litzateke, 10 edo 15 pertsonak osatua, euren amets profesionalak lortzen laguntzeko.



