Aizpea Goenagaren lekukoa hartuz, Oiasso Museoak aro berri bati ekin dio Ander Arrese zuzendari berriaren eskutik. Arresek profil tekniko eta arkeologiko sendoa dakar kargura, alorrean esperientzia zabala izateaz gain, aurretik ere gertuko lotura izan baitu museoarekin, Arkeolan Fundazioarekin eta FICAB jaialdiarekin. Zuzendari berriak eskarmentu handiko lantaldearen martxari jarraipena emateko konpromisoa hartu du, betiere museoa etengabeko berrikuntzan, dibulgazioan eta herritarrekiko elkarlanean bultzatuz.
Nola iritsi zara Oiasso museoko zuzendari izatera?
Azken batean, badakizuen bezala, Aizpea Goenagak, aurreko zuzendariak, jubilazioa hartu du. Beraz, bete beharreko zulo bat zegoen hemen, museoan, esleipena daukan Arkeolan Fundazioari dagokionez. Oraingoan, profil arkeologikoagoa bilatzen zuten. Aizpeak zuen gaitasun dibulgatiboa, antolaketa gaitasuna, izaera eta lanerako dohaina ez ditugu berdinduko, baina gauza da profil teknikoagoa eta arkeologikoagoaren bila zebiltzala. Nik urte asko daramazkit arkeologian. Arkeolanekin askotan lan egin dut eta konpetentzia ere izan naiz. Beti esaten dudan bezala, arkeologian ez gara asko, baina ezta gutxi ere, eta badugu elkarren artean saretutako hartu-eman bat. Beraz, aurretik ezagutzen nindutenez, proposamena egin zidaten, indusketaz gain, dibulgazio eta zabalkunde aldetik ere esperientzia badudalako. Erakusketak antolatu izan ditut, historiaurreari eta Erdi Aroari buruzkoak, adibidez. Alde horretatik, iruditu zitzaien aukera ona nintzela. Bestalde, FICABekin ere izan dut hartu-emana aurretik, urpeko arkeologian jardun dudanez, urpeko filmak aurkeztu izan ditudalako bertan. Historiarekin lotutako dokumentalak egin ditut, horiekin FICABen parte hartuz. Beraz, Museoaren zuzendari izatera iritsi aurretik, izan dut Oiassorekin loturiko istorio bat lehenagotik ere. Horrek hona etortzeko baldintzak bildu ditu.
“Nik urte asko daramazkit arkeologian”
Zure esperientzia eta ibilbidearen ostean, nolakoa izan da museoaren zuzendaritza kargura egokitzeko prozesua?
Orain arte behintzat izan dudan sentsazioa da nire aurretik egon denak, Aizpeak, martxan utzi duen bagoi batera igo naizela. Aldapan behera bizikletaz zoazenean bezala, pedalei eragiten diozunean baina askotarako balio ez duenean, bizikleta bakarrik doalako berez aurrera. Momentu bat iritsiko da non pedal horiek indarra beharko duten martxan jarraitzeko. Baina sentsazioa da oraingoz bere martxan doan zerbaiten gainean jarri naizela eta pedalak ematen hasi naizela. Badakidana da oso ondo engranatutako lantaldea dela, lanerako eta sormenerako gaitasun handia duena. Bakoitzak bere lana eta esparrua oso ondo ezagutzen ditu. Nabari da teknikariek eskarmentu handia dutela eta urte luzeak daramatzatela lan hau egiten eta gainera pasioz egiten dutela. Beraz, nire alde daude osagai guztiak.
“Badakidana da oso ondo engranatutako lantaldea dela, lanerako eta sormenerako gaitasun handia duena”
Oiasso museoan zeintzuk dira zuzendariaren zereginak?
Esan dezakegu, denaren gainean egotea dela nire zeregin nagusia. Orokorrean, dena gainbegiratu behar dut, proiektu eta ekintza guztiei onespena emateko, baina neure ikuspuntua gehituz, noski. Esan dizudan bezala, hemen lan fina egiten duten teknikariak daudenez, gainbegiraketa hori egitea errazagoa da. Beste aldetik, museoan, enpresa batean bezala, kudeaketa bat gauzatzen da. Diru sarrerak eta diru irteerak daudelako, eskatu beharreko eta zuritu eta justifikatu beharreko dirulaguntzak daude, dirulaguntza horietan agintzen diren gauzak betetzen direla ziurtatzeaz gainera. Beraz, nire zeregina kudeaketa orokor bat egitea da, enpresaren zatia eta zabalkundearena uztartuz. Lan horretan sartu beharko genuke aurrera begirako berrikuntzak egitea, hau da, etortzen zaizun hori hartu eta zure ideiak horri gehitzea. Geldirik dagoen zerbait izan ordez, zure proiekzioa gehitzeko, eta noski, teknologia berriak baliatuz, erakusketa berriak proposatuz eta ideiak garatuz, ohiko martxan jarraitu bitartean.
“Beste aldetik, museoan, enpresa batean bezala, kudeaketa bat gauzatzen da”
Gaur egun nolako egoera bizi du museoak?
Nik uste dut gaur egun arte museoak izan duen ibilbidea ikusgarria izan dela, jende askorengana iristen delako eta indar handiz, gainera. Zabalkunde handi bat ematen dio ondare arkeologikoari eta baita ondareari orokorrean. Ni oso txundituta nago Irunen duen erakarmenarekin. Ekintza asko proposatzen diren arren, jende askok erantzuten du. Alde horretatik, garbi dago urte luzetan egin dela lan handia hori lortzeko, eta beraz, jendeak ondo ezagutzen du museoa jada, eta erne dago beti, museoak zer proposatuko duen zain. Aurretik museoarekin izan dudan loturaren ondorioz eta hemen egin ditudan ekintzetan egiaztatu ahal izan dudanez, museoak zerbait proposatzen duen bakoitzean beti da handia erantzuna. Museoaren zabalkundea eta irisgarritasuna izugarriak iruditzen zaizkit. Baita museoaren eraikuntza bera ere, azken garaietan gainera, berritu dena. Gauzak horrela, instalakuntza berria da eta teknologiari esker txundigarria. Niretzat beti lortu behar da oreka teknologiaren eta helburuaren artean, teknologia besterik gabe txertatzea ez baita aberasgarria, erakutsi nahi huts bat izan daiteke. Museo honen kasuan aberasgarria dela uste dut, 3Da eta betaurreko birtualak erabiltzen diren lekuetan aztarnategiaren ulermenera bideratuak daudelako. Berrikuntza horiek museoari beste maila bat eman diote. Termen bisita dibulgatiboki oso ondo diseinatua dagoela uste dut, eskura dauden ikus-entzunezko erreminta birtualak egokiak dira eraikuntzaren zabaltze berria ondo ulertzeko. Aldaketa horrek museoari gorakada bat eman dio, bai erakusketa bezala, baita bisitari kantitateagatik ere, nahiz eta kopuruak ez nauen gehiegi obsesionatzen. Gure helburua beti da zabalkundea ahal den eta urrutien iristea, batez ere gaur egun bizi dugun gorakada garai honetan, instalakuntza eta baliabide berriei esker.
“Nik uste dut gaur egun arte museoak izan duen ibilbidea ikusgarria izan dela, jende askorengana iristen delako eta indar handiz, gainera”
2026ko uztailean museoak 20 urte bete ditu, kanporako lana eginez, baina baita kanpora begirakoa eginez ere, ezta?
Hori da, bertako jendearen parte-hartzea ere sustatzen du, Dies Oiassonis edo bertan antolatzen diren tailerrekin, ikastaroekin edo hitzaldiekin. Parte-hartze hori asko sustatzen da jende irundarraren artean eta hori ere inguruan gehiago zabaldu nahi dugu. Iraunarazi beharreko oso balio garrantzitsua da hori.
Museoak badu urteen poderioz finkatutako programazio bat. Esaterako, azaroan FICAB jaialdiaren edizio berria antolatuko du. Hortik aurrera, berrikuntzarik gehitzea aurreikusten duzue?
Erakusketa berriak antolatzeko lanean ari gara beti. Gordailuarekin dugun kolaborazio akordioaren harira, museoan leiho berri bat jarri dugu, bertan Gordailuko piezak ikusgai jartzeko, konexio hori eduki nahi baitugu. Izan ere, Gordailua Irunen bertan dagoen beste eraikin bat da, non Gipuzkoako arkeologia materialak gorde, zaharberritu eta kontserbatzen diren. Horregatik, atzo bertan bitrina berri hori jarri zen museoaren igoerako aldapan. Bestetik, erakusketa egonkorreko eremutik kanpo egingo diren erakusketak prestatzen ari gara. Bertan erakusketa berri bat antolatu nahi dugu datorren urterako. Beraz, orain FICAB jaialdia, erakusketa berriak eta Dies Oiassonis jaialdia antolatzen joango gara, aldiberean tailerrak, hitzaldiak eta beste gauza asko eginez.
“Erakusketa berriak antolatzeko lanean ari gara beti”
Museoko lantaldearen parte izatera pasa zarenetik, baduzu museoaren barnean bereziki atsegin duzun leku edo piezarik?
Egia esan, museo honetako hainbat materialekin hartu-eman berezia izan dut. Nik bere momentuan Jentilbaratzako gazteluko erakusketa antolatu nuen. Erdi Aroko gaztelua izanda, azpian dagoen kobazuloan agertutako eraztuna oso ezaguna da arkeologia munduan. Egun, Oiasso Museoaren erakusketa iraunkorraren parte da, eta beraz, han erakusteko eskaria egin behar izan nuen eta utzi zidaten. Gauzak horrela, oso oroitzapen ona dut museoari eta bertako materialei dagokienez. Gero, urpeko arkeologiarekin dudan loturari dagokionez, museoan ikusgai dauden Higerreko brontzeak pieza zoragarriak iruditzen zaizkit. Higerreko brontzeak kutxa batean zihoazen aplike moduko batzuk dira, hainbat jainko eta jainkosarenak, Higerreko badian aurkitu zirenak, beste hainbat material erromatar bezala hemen ikusgai daudenak. Horretaz gain, instalazio berrietako indusketa bera, noski, berregin delako eta elementu eta material berriak agertu direlako. Baina termak dira, jakina, museoaren zati ikusgarriena.
“Gero, urpeko arkeologiarekin dudan loturari dagokionez, museoan ikusgai dauden Higerreko brontzeak pieza zoragarriak iruditzen zaizkit”
Etorkizunari begira, zer erronka ikusten dizkiozu museoari?
Oiasso Museoak etengabe egon behar du berritze bidean. Egia da, gorakada momentu batean gaudela instalakuntza berriak inauguratu ditugulako eta horiek, inbertsioaren bidez, denboran irauteko egin dira. Horrek ez du esan nahi museoan beste gauza batzuk berritu behar ez direnik. Beraz, beti, pausoz pauso bada ere, azpiegituran urtetik urtera berrikuntzak egiteko beharra egongo da. Eta gero, erakusten diren materialen aldetik, agertzen diren material berrietara adi egon behar dugu, erromatar garaiari eta arkeologiari buruzko ikerketa gelditzen ez den zerbait baita. Ikerketek ematen duten emaitzaren arabera erakusketa iraunkorra berritu, aldatu eta ondorio berrietara iritsi gaitezke. Erakusketa bizirik iraunaraztea garrantzitsua da, bestela, ikerketa aurreratu arren, zabalkunde aldetik atzean geratuko ginatekeelako. Ikerketa iraunkorraren ondorioak ondo islatzen jakin behar dugu, zabalkunde proposamen berriak egiteko eta ideia berriak gehitzeko gai izanik museoak biltzen dituen arlo guztietan.
Ander Arrese Vitoria
Ander Arrese Vitoria EHUn Historian lizentziatua (2004) da eta ibilbide luzea du arkeologiaren alorrean, bai ikerketan eta bai lurreko zein urpeko indusketetan ere. Hainbat urtez autonomo gisa lan egin ondoren, 2011n Suhar Arkeologia S.L.U. enpresa sortu zuen. Urte hauetan guztietan, aztarnategi nabarmenak zuzendu ditu —hala nola Murumendiko kastroa, Jentilbaratza zein Gazteluberri gazteluak eta Aitzorrotz 2 leizea— eta dibulgazio arloan ere lan emankorra egin du, erakusketak, bisita gidatuak eta ikus-entzunezkoak ekoiztuz.
Elkarrizketa sooaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



