Luis Mariano Lirika Elkarteak ez dio hutsik egingo urteroko zarzuelaren hitzorduari

Luis Mariano Lirika Elkarteak “El huésped del Sevillano” zarzuela eskainiko du ekainaren 27an Amaia antzokian. Pandemiaren ondorioz iazko hitzordua bertan behera utzi ostean, hiriko jaien harira zarzuelarekin duen hitzorduari eutsi nahi zaio. Angel Pazos elkarteko eszena-zuzendariak ekainaren amaieran antzeztuko den obraren xehetasunak azaldu ditu.

Zarzuela Amaia kultur zentrora itzuliko da ekainean?
Bai, elkarte lirikoa sorreratik, lehen bi edo hiru urteak kenduta, Irungo jaietarako zarzuela bat antolatu izan dugu urtero. Hasieratik gure helburua ikusle irundarrei lan ezagunak eskaintzea izan da, besaulkietatik abestien zatitxoak abesteko aukera izan zezaten. Jardunaldia jaietako egitarauaren barnean txertatuta dago. Zarzuelak dibertigarriak eta entretenigarriak dira eta Irungo jaietarako jarduera aproposa izan zitekeela pentsatu genuen.

Joan den urtean zarzuela jaietako egitarauan mantentzea ezinezkoa izan zen, ezta?
2020. urtean 50 urte bete ziren Luis Marianoren heriotzatik eta ideia opereta bat antolatzea zen. Ekainean egitea ezinezkoa izan zenez, azkenean abuztuaren 13an egin genuen, Luis Marianoren jaiotzaren urteurrena aprobetxatuz. Izan ere, iazko urtean Irungo jaien inguruan antolatu zen ekintza bakarrenetako bat izan zen. Abuztuan, ordea, jendeak ikuskizunaz gozatu zuen.

Zailagoa da pandemia baten erdian zarzuela emanaldi bat antolatzea?
Orain zarzuela bat edo beste edozein emanaldi antolatzea konplikatuagoa da. Gure emanaldiak urte bateko tartearekin antolatzen ditugu aurrekontuak kalkulatzeko. Lehen kalkulu horietan aurtengo ekainean antzokiaren edukiera osorik erabiltzeko aukera izango genuela pentsatu genuen, hala ere, besaulkien erdia soilik betetzeko aukera izango dugu. Hortaz, neurri horrek kalte ekonomiko handia eragingo digu, sarreren salmentaren bitartez diru gehiago lortzea espero genuelako. Abesbatzak, berriz, musukoarekin abestu beharko du. Orain arte egindako beste emanaldietan horrelaxe egin dugu. Gure jarduera iaz, abuztuan, berreskuratu genuen eta ordutik ez dugu pandemiarekin loturiko ustekaberik izan, beraz, neurri egokiak hartu ditugula dirudi. Gure jarduera berriro etetea saihesteko, nahiago duug segurtasun neurriak hartzea.

Ekainean “El huésped del Sevillano” lana antzeztuko da. Zein izan da lana aukeratzeko arrazoia?
Beste gauza batzuen artean, orain arteko 18 denboraldietan ez dugulako zarzuela lanik errepikatu. Zarzuela ospetsuenak egin ditugu eta ikusleei lan asko ezagutzeko aukera eskaini diegu. Geroz eta zailagoa zaigu orain arte egin ez dugu lan bat aurkitzea. Zarzuela asko idatzi diren arren, ezagunenak 20 edo 25 izango dira. Lehen ekitaldian, “Fiel espada triunfadora” abesti ospetsua nabarmentzen da. Zarzuela arin bat da eta kasu honetan, ostalaria Miguel de Cervantes da, zarzuela guztien ohiko korapiloa Toledoko ostatu batean ikusten duena. Titulu ospetsu erakargarria da, egiteko genuen horietako bat. Noizbait antzezlanen bat errepikatu beharko dugu.

Obra abesti ezagunez osatuta egoteak publikoa erakartzen laguntzen du?
Bai, orain arte egindako zarzuela gehienetan sarrera guztiak edo ia guztiak saltzea lortu dugu. Urtero emanaldi bakarra eskaintzen dugu eta aurten, gainera, edukiera erdira murriztuta izango dugu. Alde horretatik, sarrerak azkar saltzen ari direla uste dut. Harpidedunak dauzkagunez, leihatilara soilik 150 sarrera atera ahalko ditugu. Alde horretatik, gure publiko fidelari esker sarrera guztiak salduko direla uste dugu.

Nola moldatzen zarete Irunera maila altuko artistak ekartzeko?
Operen kasuan ez, baina zarzueletarako Jose Antonio Irastorzarekin lan egiten dugu, generoan esperientzia handia duela aprobetxatzeko. Bere ekarpena oso lagungarria da aktoreak eta abeslariak aukeratzeko unean. Kalitate egiaztatuta duten bakarlariekin lan egitea gustatzen zaigu, hori bai, Ainhoa Arteta edo Plácido Domingo bezalako abeslari ezagunik gabe.

Non lor daitezke emanaldira sarrerak?
Beti bezala sarrerak Colon pasealekuko turismo bulegoan edo sarreren salmentarako udal webgunean eros daitezke. Gure bazkideentzako sarrerek 25 euroko prezioa dute, publiko orokorrak 32 euroren truke eskuratu ahalko ditu eta gazteentzako sarrerak 5 eurotan mantendu ditugu. Prezio erakargarri hori esker gero eta gehiago dira gure emanaldietara hurbiltzen diren 30 urtetik beherako gazteak.

Pandemiaren eraginez elkartearen ohiko jarduera asko aldatu da?
Elkartearen egunerokotasunean eragin gutxi izan du, gure bulegotik lan egiten jarraitzen dugulako. Emanaldiak antolatzeko orduan, lana apur bat zaildu zaigu. Izan ere, artisten bidaiak kontu handiz antolatu behar ditugu, indarrean dauden arau guztiak errespetatzeko. Ikusleen artean eserleku bateko hutsunea egongo da. Gure helburu nagusia emanaldiak edonola salbatzea da, buruhausteen gainetik kulturak aurrera egin dezan.

Zein beste emanaldi eskainiko ditu Luis Mariano Lirika Elkarteak urtea amaitu aurretik?
2021. urtea amaitu aurretik beste bi ikuskizun eskainiko ditugu. Batetik, elkarteko presidente izandako José Luis Barrios omentzeko emanaldi bat antolatuko dugu. Horretarako, urriaren 2an “Un réquiem alemán” emanaldia eskainiko dugu, Ametsa abesbatza, gure abesbatza eta gure orkestraren arteko elkarlanari esker. Barrios kultura alemaniarraren zaletu amorratua zenez, uste dugu egin diezaiokegun omenaldi onena izango dela. Azaro erdialdean, berriz, Mozarten Don Giovanni operaren txanda izango da. Opera hori 2009. urtean egin genuen, baina aurten formatu ezberdin batean prestatu dugu. Esandako moduan, tituluak ez errepikatzeko ahalegin berezia egiten dugun arren, batzuetan saihestezina da, ikusleen eskakizunak erantzun ahal izateko. Gainera, astearte askotan zine operak antolatzen ditugu, munduko antzoki famatuenetako operak ikusteko. Urtea amaitu aurretik bi ikuskizun antolatzea falta bazaigu ere, jada 2022. urterako prestatzen ari gara. Are gehiago, 2023. urterako zenbait ideia dauzkagu, elkartearen 20. urteurrena ospatzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude