Bueltan dira Kabigorriko bertso-gauak, abenduaren 3ko lehen saioarekin

Hainbat urteko etenaren ondoren, bueltan dira Kabigorriko bertso-gauak Irunera. Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, aurten egitasmoa berriro martxan jartzea erabaki dute Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoarekin eta bertako langileekin elkarlanean. Garai bateko ohiturari eutsiz, hilean behin egingo dute hitzordua, hilabete bakoitzeko lehen ostegunean, eta ikasturtea amaitu bitarte luzatuko dute dinamika.

Aurtengo lehenbiziko bertso-gaua datorren abenduaren 3an, osteguna, izango da, 19:30ean hasita. Lehen saio horretan lau bertsolari igoko dira oholtzara kantuan: Maider Arregi Markuleta eta Aitor Tatiegi Loidi oñatiarrak, Nerea Elustondo Plazaola legazpiarra eta Igauri Lopetegi Amostegi irundarra. Saioaren gidaritza eta gai-jartzaile lanak, berriz, Egoitz Zelaia Perez hendaiarraren esku egongo dira.

Horrez gain, antolatzaileek iraganeko formatua berreskuratuko dute eta saio nagusiaren aurretik bertso-jarriak entzuteko aukera izango da; estreinako hitzordu honetan, Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarrak plazaratuko du bere bertso-sorta. Bestalde, bertsozaleei gogorarazi diete Kabigorrik bertan afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela emanaldiaz gozatu bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude