
Real Uniónek, aurtengo denboraldian Bigarren RFEF mailan aritu ostean, datorren urterako mailaz igotzea lortu du. Denboraldia amaitu baino lehen lortu du aurtengo helburu nagusia zena, urtebete lehenago mailaz jaitsi ostean. 2026-2027 denboraldian Lehen RFEF mailara itzuliko dira. Igoerak klubean utzitako zapore onaz hitz egin dute Igor Emery Real Unióneko presidenteak eta Jon Tena irundar eta taldeko atezainak.
Nola ikusten zenuten denboraldi honetan mailaz igotzeko aukera?
Igor: Nik, klub bezala, buruan daukat oraindik iazko irudia Lezaman. Han jokatu genuen azken partidua RFEF mailan. Ia 1.000 irundar izan ziren bertan talde zuri-beltza babesten eta momentu gogor haietako batasun irudia gogoratzen dut etengabe. Uste dut orduan, duela urtebete, hasi ginela igoera hau lortzen. Beraz, irudi horrekin geratzen naiz.
Jon: Oso ongi. Oraindik lau jardunaldi falta direnean igotzea lortzen duzunean, erraza dirudien arren. Denboraldia nola joan den ikusi dugu. Kostata hasi ginen, baina talde ona izan dugu eta entrenamenduetan bilakaera ona ikusi da. Orain 3 aste dauzkagu ospatzeko eta denok disfrutatzeko.
“Gure helburua egunerokoa ona izatea da, gerora emaitzak ere onak izateko”
Igor Emery, Real Unióneko presidentea
Azken urteetan denboraldi korapilatsuak izan ostean, denboraldi honetarako taldearen berritzea nola antolatu zenuten?
Igor: Lezamakoa gertatu ondoren taldea osatzen hasi ginen. Lehen gauza Bigarren RFEF mailan lehiatzeko nolako taldea behar genuen jakitea izan zen. Hasiera hartan helburua ez zen igoera, talde on bat osatzea baizik, lehiakorra. Entrenatzailez aldatzea erabaki genuen proiektu honetarako. Ramsésen erreferentziak geneuzkan eta talde tekniko on batez inguratzen saiatu ginen. Hortik aurrera, Mikel Bengoa kirol zuzendariarekin profilak aztertzen hasi ginen, jokalarien bila joan aurretik. Denboraldi hasieran Jonek esaten zidan egunerokoan oso sentsazio onak zituela, momentuan emaitzak onak ez baziren ere eta, aurreko egun batean gogoratzen nion bezala, emaitzak iritsi dira. Gure helburua egunerokoa ona izatea da, gerora emaitzak ere onak izateko. Honek erakusten digu aurten taldearen berreraikitzearekin asmatu dugula, Real Unión sendo bat eduki arte.
Zure kasuan Jon, plantillako kide gisa, taldea osatzea lortu duzuela nabaritu duzu?
Jon: Hori da. Jokalariaren aurretik, pertsona dago eta hori beraien lanari esker izan da. Jokalariok familia bat izatea lortu dute, baita klubeko jendearekin eta zaletuekin eta hori sumatu da. Oso aldagela ona izan dugu eta horrela denboraldiari aurre egitea erraza izan da.
Hasiera kaxkarra izan arren, azarotik aurrera lortutako emaitza onek agian igoera lortzeko esperantza eman dizuete pixkanaka?
Jon: Azknean partiduak jokatu behar dituzu. Ni pertsonalki astean zehar partiduak ondo lantzean zentratzen naiz, irabazten saiatzeko. Jarraian hainbat garaipen generamatzala aipatu zidatenean ni ez nintzen konturatu, burua eguneroko lanean genuelako. Denboraldian zehar eguneroko lanean zentratzeak lasaitasun hori eman digu. Partidu on eta txarrak izan arren, lerro beretik jarraitzea lortu dugu.
Kategoria bat beherago jokatzeak ez du esan nahi denboraldi erraza izan denik.
Jon: Jokalariek klubaren identitatea sentitu dutela uste dut eta horrek partidu batzuk azken minutuetan irabazten lagundu digu, elkarrengan sinesteari esker. Zaleek ere asko lagundu digute, oso garrantzitsuak baitira.
Igor: Zaleek hemen zein kanpoan jokatzerakoan lagundu dute. Azken momentuan eta jokalari bat gutxiagorekin irabazi diren partiduak talde sendoa izateari esker izan da, azken minutuko aukerak aprobetxatuz. Partidu askotarako bi autobus betetzea lortu dugu, nahiz eta egia den maila honetan bidaiak erakargarriagoak direla, laburragoak baitira. Jendea mugitu nahi izan da taldea elkarrekin lehiatzen ikusi duelako. Ikusitakoaz harro sentitu gara eta jokalariek babesa nabaritu dutela uste dut.
Nola espero dituzue denboraldia amaitu aurretik jokatuko dituzuen azken partiduak?
Igor: Taldeak partiduetan jarraitzaile asko bertan izatea merezi duela uste dut. Bai Amorebietaren aurkakoan zein mailari agur esateko azken partiduan, taldea txalotzeko. Maiatzaren 1ean, ostiralean, arratsaldeko 17:00etan jokatuko dugu aurtengo azkena eta arratsalde hori Stadium Galen jai polit bat izatea nahi dugu, multzoko garaile izateagatik garaikurra emango baitigute. Festa bat antolatuko dugu gure kide txikienekin ere, eta beraz, denak hemen egotea espero dugu.
“Jokalariek klubaren identitatea sentitu dutela uste dut eta horrek partidu batzuk azken minutuetan irabazten lagundu digu, elkarrengan sinesteari esker”
Jon Tena, Real Unióneko atezaina
Jon: Partidu horiek irabazten saiatuko gara, garaipenak jendeari oparitzeko. Festa bat izatea nahi dugu, jendea animatzeko eta ilusio horrekin jendea datorren denboraldirako animatzeko. Inertziaz lasaiago hartzen dituzu orain geratzen diren partiduak, baina uste dut jokalari profesionalak garela eta inoiz baino hobeto entrenatzen ari garela, erritmo onarekin, beraz, gustura gaude. Jokalariak gara eta denei bezala irabaztea gustatzen zaigu, beraz, aurretik ditugun partiduetan horretan saiatuko gara, ahalik eta puntu gehien ateratzeko.
Igor: Aipatu nahi nuke, jokalariek jakingo duten bezala, oraindik partidu hauetarako helburu batzuk baditugula. Adibidez, Bigarren RFEF osoko talde hoberena izatea eta, horretarako, etengabe entrenatzen ari gara. Igoeraren egunean, igandean, hemen jokatu zuten, hurrengo egunean jai izan zuten, baina asteartean berriro hemen zeuden lanean. Lehiakorrak izaten jarraitzea helburu polita da eta parean ditugu taldeak errespetatzea, guk ahalik eta partidurik hoberena eginez. Bakarka jokalariek ere badituzte hobetzeko beren helburu propioak eta partidu bakoitzean aukera berri bat dute. Beraz, gozatuko dugu, baina lanean eta handinahiaz.
Irundarra izanik ,Jon, etxean jokatuz eta mailaz igoz, urte berezia izan da zuretzat?
Jon: Aukera proposatu zidatenean ez nuen bi aldiz pentsatu. Taldea bai ala bai igotzea nahi nuen eta horretarako ez dut uste inork nik baino indar handiagoa egin duenik. Etxean eta auzoan sentitzean, familiak eta txikiak gertuz sentituz. Azken urteak zailak izan ostean, ilusioa nabaria zen, beraz, ondo.
Igor, datorren denboraldira begira taldea osatzeko gauzak pentsatzen hasi zarete?
Igor: Lo hartu gabe lanean ari gara jada. Orain datozen asteetan apur bat lasaiago ibiliko gara, baina bulegoan egunero daukagu lana. Lehenengo RFEF mailarako prest egoteko lan dezente egin beharko dugu, adibidez, datorren urterako izen ematea ondo egiteko. Denborarekin, kirol arloa ondo antolatuko dugu. Beraz, lanik ez da falta eta klub bezala dinamika onean gaudela uste dut. Urtebete honen ostean, Real Unión osasuntsuago eta sendoago dagoela argi daukat. Maila horretan egotea nolakoa den badakigu, gogorra baita zelaian zein bulegoetan. Erantzukizunez eta handinahiez aurre egingo diogu datorren denboraldiari.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



