Real Union taldeak Lehenengo RFEF mailan jokatuko du hurrengo denboraldia. Talde irundarrak sailkapena lortu zuen SD Tarazona taldea puntu bateko aldearekin garaitu ostean. Lorpena ospatzeko udal ordezkariek maiatzaren 6ean udaletxean talde txuri-beltzari harrera egin zioten.
Maiatzaren 2an Tarazonako partiduan sinatu zuen Real Unionek hurrengo denboraldia Lehenengo RFEF mailan jokatzeko pasea. Izan ere, 150 ikusleren aurrean jokatutako partiduaren amaieran Real Union taldea garaile izan zen, markagailua 1-2 emaitzarekin itxi ostean. Partidua hasi eta gutxira, 4. minutuan, Ekhi Senar jokalariak buru-kolpe batekin egindako golak abantaila eman zion partidu hasieratik talde irundarrari. Partidaren 9. minutuan Tarazona taldeak markagailua berdintzeko aukera izan bazuen ere, Irazusta atezainak Ballarín jokalariaren asmoak garaiz aurreikusi zituen. Horrela, partiduaren lehen zatian Tarazona taldeak saiakera asko egin arren, Real Unioneko defentsa tinko mantendu zen.
Partiduaren bigarren zatia hasi bezain laster, Zourdine Thiorrek sartutako golak Real Unionen bigarren puntua gehitu zuen markagailura. Gainera, Arenas taldea Tajonarren bere partidua irabazten ari zela jakinda, partiduaren erritmoak behera egin zuen. Partidaren emaitza ziurtatuta zegoela zirudienean, ordea, Casi jokalariaren buru-kolpe batekin Tarazona taldeak bere lehen puntua lortu zuen 82. minutuan.
Maiatzaren 2ko partiduaren emaitzarekin Real Union taldeak sailkapen orokorrean 45 puntu batu zituen, denboraldi amaierarako bi jardunaldi falta zirenean. Hurrengo denboraldia Lehenengo RFEF mailan jokatzeko sailkatu ondoren, Real Unionek etxean Osasuna Promesas taldea jaso zuen maiatzaren 9an. Ligako azken partidua, ordea, Murok bigarren zatiaren hasieran sartutako gol batek hiru puntuak eman zizkion Osasuna Promesasi Stadium galen jokatutako partidan. Hala ere, irundarrak partiduaren amaierara arte saiatu arren, ezinezkoa izan zitzaien berdinketaren gola lortzea eta partidua Real Unionen porrotarekin amaitu zen. Behin azken partidua jokatuta, denboraldiko azken jardunaldian atseden hartzea egokituko zaio Real Union taldeari.
Udaletxean harrera
Datorren denboraldian Lehenengo RFEF mailan tokia ziurtatu ostean, Real Unioneko lehen taldeari harrera egin zitzaion Irungo udaletxean. Harrera horretan José Antonio Santano Irungo alkateak, Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak eta Udalbatzako talde guztietako ordezkariek parte hartu zuten. Klubaren aldetik, berriz, Ricardo Garcia presidentea, Aitor Zulaika entrenatzailea eta taldeko bost kapitainak izan ziren: Mikel Azkoiti, Jorge Galan, Jon Irazustabarrena, Ekhi Senar eta Mario Capelete.
Alkateak hiriko bandera bat eman zion taldeari, “Aupa Unión” leloa bordatuta zuena. Opari sinboliko horren bitartez hiriak eta zale txuri-beltzek adi eta urrutitik indar egiten jarraitu dutela erakutsi nahi izan da, nahiz eta aurten Galera joatea ezinezkoa izan den.
Harrera ekitaldiaren hasieran José Antonio Santano alkateak Real Union klubeko ordezkariei ongietorria egin zien. “Mila esker une zail hauetan albiste onak emateagatik”, esaldiarekin hasi zuen Irungo alkateak harrera ekitaldia. José Antonio Santanok adierazi zuenez, ohiko harrera ekitaldi jendetsua antolatzea ezinezkoa bada ere, talde txuri-beltzak “lehen mailako” taldea dela erakutsi du berriro ere. Denboraldian zehar jokalariek zelaian zuzenean zaletu irundarren babesa jasotzea ezinezkoa izan den arren, alkateak irundar asko hiriko futbol taldearen maila igoerak eragindako poztasuna sentitu dutela helarazi die klubeko ordezkariei.
Lorpenaren protagonistak
Mikel Azkoiti kapitainak hiriaren eta futbol klubaren arteko lotura azpimarratu zuen, lotura horri esker etorkizunean Real Unionek aurrerapausoak ematen jarraitzeko aukerak izango dituela ziurtatuz. Jorge Galan kapitainak, aldiz, klubak une zailetan udalaren eta jende askoren babesa jaso izana eskertu zuen, klubaren azken lorpena aurretik egindako lanaren emaitza dela azaltzeaz gainera. Aitor Zulaika entrenatzailea futbol taldearen inguruan une zail zein onetan sortu ohi den elkartasuna gogora ekarri zuen bere hitzaldian. Horrekin batera, alkateak ekitaldiaren hasieran lorpenak eskuratzeko errezeta zein den galdetu ziola aprobetxatuz, Zulaikak honakoa adierazi zuen: “futbola igandeetan ikusi arren, errezetaren gakoa astelehenetik larunbatera egiten den lanean dago”.
Ricardo Garcia Real Unioneko presidenteak, hunkiturik, Tarazonako partidua nola bizi izan zuen kontatu zuen. Era berean, Lehenengo RFEF mailara igoerak klubean datorren denboraldian eragingo dituen aldaketak aurreratu zituen, Real Union “maila altuko” kategoria batean sartuko dela azaltzeko. Horretarako, taldea indartzeaz gainera, udaletxeko bisita aprobetxatuz, Stadium Galeko zelai eta instalakuntzek etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko behar dituzten hobekuntza lanak aipatu zituen Real Unioneko presidenteak. Izan ere, maila igoerak ahalegin bereziak eskatuko dizkio talde irundarrari 2021/2022 denboraldian.