Bueltan da San Tomas eguneko Futbito Txapelketa

2021ean San Tomas egunaren inguruan berriro ere Futbito Txapelketa izango dela baieztatu da. Aurten, ordea, txapelketa bi zatitan banatuko da, lehen partiduak abenduaren 18an eta 19an jokatuko baitira. Jadanik zabalik dago txapelketan izena emateko aukera. Elixabet Aragon Ibarra Irungo Sare Herritarreko partaidea da eta, orain arte egindako moduan, Futbito txapelketa Uranzu pilotalekuan jokatuko dela azaldu du.

2021 urtearen amaierarekin San Tomas Futbito Txapelketaren antolaketa berreskuratu duzue?
Bai, izan ere, joan den urtean ezinezkoa izan zen txapelketa antolatzea. Aurten ere ez zaigu erraza izan txapelketa aurrera ateratzea, baina ahal den moduan egingo dugu. Jada txapelketa egin ahal izateko lehen pausuak eman ditugu. Aurreko edizioan bezala gehienez 24 taldek parte hartu ahalko dute txapelketan. 2019an San Tomas Eguna igandea izan zenez, txapelketa egun bakarrean egin ahal izan genuen. Aurten, ordea, asteguna denez, bi zatitan banatu dugu. Lehen partiduak aurreko asteburuan jokatuko dira eta finalekoak, berriz, abenduaren 21ean, San Tomas Egunean.

Pandemiak aurtengo edizioaren antolaketa oztopatu ostean, jendea txapelketa jokatzeko gogoz dago?
Bai, hala da. Txapelketaren antolakuntzan hainbat gazte inplikatuta daude eta haiek esan digutenez jendea jada galdezka dabil ea aurten txapelketarik izango dugun. Sare sozialetan aurtengo edizioaren berri eman bezain laster jendea galdezka hasi zitzaigun lehiaketan izena emateko nola egin behar den.

Txapelketa 2019. urtean berreskuratu zen, baina aurretik ospe handia izandakoa zen, ezta?
Bai, aurretik hainbat urtez antolatu izan den presoen eskubideen aldeko txapelketa baita. Urte luzez antolaketa bertan behera gelditu zen eta orain ezinezkoa da txapelketa lehengo moduan antolatzea. Izan ere, egun horrelako ekintza bat egiteko aseguruak behar dira eta antolaketa lan sakonagoa eskatzen du. Txapelketa Uranzu pilotalekuan egiten jarraitzen dugu, betidanik hori izan baita bere tokia.

Beraz, lehen partiduak abenduaren 18 eta 19an jokatuko dira?
Hori da. Abenduaren 18an plangintza egun osokoa izango da eta bertan 16 taldek jokatuko dute. Abenduaren 19an, igandean, goizean bakarrik elkartuko gara eta gelditzen diren 6 taldeen txanda izango da. Horrela, sailkatutako 4 taldeak abenduaren 21eko finaleko partiduak jokatzera pasako dira.

Finala berriz, ohiko egunean, hau da, abenduaren 21ean?
Egia esan, oraindik ez dugu gehiegi pentsatu nola antolatuko ditugun San Tomas eguneko ekintzak. Momentuan indarrean dauden murriztapen neurrietara egokituko gara. Egun horretan, Irunen giza eskubideen alde lan egiten duen talde bati sari bat eman ohi diogu beti eta aurten ere horrela egingo dugu. Taldea aukeratu badugu ere, oraindik haiei jakinarazi ez zaienez, momentuz behintzat ezin dezakegu publikoki aipatu. Aurreratu dezakegun gauza bakarra da San Tomas egunean giro polita izango dugula. Bertan edateko eta jateko aukerarik egongo ez bada ere, jendea Uranzu pilotalekura hurbiltzera gonbidatzen dugu.

“Aurtengo edizioaren berri eman bezain laster jendea galdezka hasi zitzaigun lehiaketan izena emateko nola egin behar den”

Elixabete Aragon Ibarra, Irungo Sare Herritarreko partaidea

Pandemiaren egoera dela eta, neurri berezirik hartu beharko da?
2019an nahiz eta pandemiarik ez izan pilotalekura sartzeko edukiera mugatuta zegoen jada. Orduan jada eraikinera zenbat jende sartu zitekeen kontrolatzen egon ginen, beraz, oraingoan aurreko moduan egingo dugu. Bestetik, gainontzeko guztia nahiko normala izango dela uste dugu.

Zenbat pertsonako taldea izan behar da parte hartu ahal izateko?
Taldeak 8-12 pertsona artekoak izan ahalko dira. Berez, partiduan 5 jokalarik eta atezainak jokatuko dute, baina jende gehiago apuntatzeko aukera ematen dugu azkeneko momentuan jokalaririk falta ez dadin. Talde mistoak izan ahalko dira eta derrigorrezkoa izango da 18 urte baino gehiago izatea, asegurua egiteko funtsezkoa baita.

Zer egin behar da txapelketan izena emateko?
Izena emateko Internet bidez Google galdetegi bat sortu dugu. Bertan parte-hartzaileen datuak zehaztu behar dira. Ostean, ordainketa egin beharko litzateke. Jokalari bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu eta ordainketa Bizum bidez egingo da. Bildutako dirua alokairua, aseguruak, kamisetak, sariak eta antolaketak eragindako gastuei aurre egiteko erabiliko dira. Behin ordainketa eginda izen-ematea baieztatzen da eta taldeen zozketan sartuko lirateke. Izan ere, partiduak jokatu ahala taldeak eliminatu edo hurrengo faserako sailkatuko dira.

Txapelketa irabazteak saria izango du?
Oraindik ez dakigu zehazki zeintzuk izango diren irabazleek eskuratuko dituzten sariak. Hala ere, txapelketako lehenengo, bigarren eta hirugarren sailkatuek sariak izango dituzte ziur.

Informazio gehiago nahi duena nola jarri daiteke zuekin harremanetan?
Informazio gehiago eskuratu nahi duenak torneosantotomas@gmail.com helbidera idazteko aukera du. Bestetik, Twitterren @StTxapelketa eta Instagramen @santotomastxapelketa erabiltzaile izenekin aurkituko gaituzue.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude