Irundarrek eguraldiaren bi aurpegi ezberdin ezagutu zituzten Santo Tomas egunean. Eguraldi eguzkitsuak erakarrita, Urdanibia plaza jendez bete zen eguneko lehen zatian. Horrela, 2019ko abenduaren 21a azken urteetako Santo Tomas egun jendetsuenetako bat izango zela zirudien. Arrataldean, aldiz, eguraldi txarraren ondorioz Santo Tomas egunaren inguruan udalak antolatutako ekintza guztiak bertan behera utzi zituen.
Abenduaren 21eko goizak irudi eguzkitsuak utzi zituen eta Txorimaloak soinu taldeak eta Adaxka eta Eraiki dantza taldeek haien emanaldia eskaintzeko aukera izan zuten. Eguzki izpien artean, Barazki, Animali eta Ezti lehiaketetako sariak banatu ziren. Barazki lehiaketan Maria Guadalupe Echevestek lehen saria irabazi zuen, bigarren saria Joaquina Gaztelumendik eskuratu zuen bitartean. Animalien lehiaketako irabazlea Unai Gonzalez izan zen, bigarren sari hori ere Joaquina Gaztelumendik eskuratu zuen bitartean. Azkenik, ezti lehiaketako lehen saria Miguel Berridik eskuratu zuen eta Juan Mari Arambolozak bigarren saria lortu zuen.
Arratsaldean, aldiz, eguraldia erabat aldatu zen. Eguzkia desagertu ostean, haize bolada eta euri zaparraden ondorioz udalak arratsalderako prestatutako ekintza guztiak bertan behera gelditu ziren. Ondorioz, Irungo Udal Musika Eskolako ikasleak, Auntxa trikitixa taldeak, Ibarla Meaka Dantza Taldeak, Meakako euskal dantza taldea, Bidasoako trikitilariak, Meakako Adixkideak eta Kemen Dantza Taldeak ez zuten Urdanibia plazako eszenatokira igotzeko aukerarik izan. Hala ere, gaueko 21:00etan Burrunba Elektro-txarangak eguraldiari aurre egitea erabaki zuen. Gaueko aterraldia aprobetxatuz Urdanibia plaza inguruko kaleak musikaz bete zituzten, horrela, Santo Tomas eguna giro alaiarekin amaituz.