‘Multipass’ bonuek erdigunean merkeago aparkatzea erraztuko dute tokiko merkataritza bultzatzeko

Irungo Udaleko Hiri Bultzada eta Ekonomiaren Sustapeneko Arloak berriro batu ditu indarrak Telpark enpresarekin, hiriko merkataritza zein ostalaritza establezimenduetan kontsumoa sustatzeko eta aparkatzea errazteko asmoz. Ekimena dela medio, ‘Multipass‘ bonu berria jarri da eskuragarri Colón pasealekuko, Mendibil merkataritza-guneko zein San Juan plazako aparkalekuetan tarifa beheratuekin aparkatu ahal izateko. Pase hauek irailaren 29ra arte erosi ahal izango dira Telpark mugikor-aplikazioaren bidez, 5, 10 eta 20 paseko paketetan banatuta.

Bonu hauei esker, erabiltzaileek 12 orduz utzi ahal izango dituzte beren ibilgailuak 1,69 eurotik, 2,99 eurotik edo 3,39 eurotik aurrera, inolako ordutegi-tarterik edo egun-murrizketarik gabe. Bonu bakoitzak urtebeteko balioa izango du erosketa unetik, eta matrikularen irakurketa digitalaren bidez funtzionatuko du, aparkalekura automatikoki sartu eta irteteko aukera emanez eta paperezko txartelen beharra kenduz.

Ibilgailu elektrikoen kargan deskontua

Mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz, ‘Multipass’ erosleei % 30eko deskontua aplikatuko zaie ibilgailu elektrikoen kargan abenduaren 31ra arte, Colón pasealekuko eta San Juan plazako karga-puntuetan. Azkenik, Udalak jakinarazi du aste honetatik aurrera hiriko TAO guneetako aparkaldia ere mugikorraren bidez ordain daitekeela Telpark aplikazioa erabilita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude