IÑAKI SALABERRIA, zeharkaldietan aritzen den igerilaria: “Beharrezkoa da itsasoan entrenatzea”

Txikitan hasi zen igerian, anaiaren bideari segika. Aitak ere erreferente gisa balio zuen, triatloietan ibiltzen baitzen. “Gure etxean futbolak ez zuen arrakasta handirik”, onartu du Iñaki Salaberriak. Urte ederrak pasa zituen igerilekuan, baina hemezortzi urte bete zituenean, aurkikuntza ederra egin zuen. Udaran jokatzen diren zeharkaldiak ezagutu zituen, eta harrapatu egin zuten. Txingudiko Zeharkaldia irabazi zuen orduan, 2012an. Lau urte beranduago, laugarren izan da aurtengo edizioan, abuztuaren 6an. Bidasoa XXIek antolatzen du proba, eta Hondarribian izaten da, Kai Zaharretik hondartzara. Salaberriak ez du podiumik lortu aurtengo udaran, baina itxaropentsu dabil hurrengo hitzorduak prestatzen. 10985380_1771344196425712_4116815690457130313_n
Txingudiko Zeharkaldian hamar segundoko tartean sartu zineten lehenengo lau sailkatuak. Horren lehiatuak izaten al dira lasterketa guztiak?

Bai, azken aldian, zeharkaldiek joera hori hartu dute. Gero eta maila handiagoa dago, eta parekatuta egoten dira igerilari asko. Hori dela eta, irteerak konplikatuak izaten dira, kolpe pila bat jasotzen baitira. Niri ez zait lasterketaren buruan irtetea gustatzen.

“Beti saiatzen naiz azken ahaleginerako indar pixka bat gordetzen”
Lehenengo tokian kokatu zinen lasterketaren erdian. Ezin izan zenion erritmoari eutsi?

Hondarribiko espigoira iristerakoan, multzoko lehenengoak pixka bat desbideratu ziren. Nik norabide hobea hartu nuen, eta lehenengo postuan jarri nintzen. Hamar segundoko abantaila hartu nuen, baina ez nuen nire burua alde horri eusteko gai ikusten. Horregatik, erritmoa jaitsi nuen, berriro taldean sartzeko. Hondartzara seigarren tokian iritsi nintzen, eta zutitu ondorengo azken korrikaldian, bi aurkari aurreratu nituen. Beti saiatzen naiz azken ahalegin horretarako indar pixka bat bat gordetzen, jende asko leher eginda iristen baita.

Astebete lehenago, Getaria-Zarautz Zeharkaldian, seigarren izan zinen. Baina podiumetik gertu gelditu zinen, orduan ere.

Bai, lehen sailkatuengandik oso hurbil ibili nintzen, eta pozik amaitu nuen emandako mailarekin. Normalean, neguko sasoia baliatzen dut, udako zeharkaldietan ondo aritzeko. Aurten, ordea, ezin izan dut horrenbeste ibili igerilekuan. Ondorioz, ez naiz horren indartsu iritsi lehen zeharkaldietara. Dena den, udak aurrera egin ahala hobetuz ari naiz, eta azken zeharkaldietarako ilusioa dut oraindik.

Nolatan espezializatu zara zeharkaldietan?

Zortzi urte nituela sartu nintzen klubean, eta oso ondo pasa nuen igerilekuko lehiaketa nagusietan ibili nintzen garaian. Lagun asko egin nituen, bidaiatu nuen, Espainiako Txapelketetan parte hartu nuen etab. Unibertsitatean hastera nindoanean, ordea, banekien ez nuela entrenamendu maila berdinari eusteko aukerarik izango. Uda horretan zeharkaldiekin probatu nuen, eta emaitza onak lortu nituen. Hortik aurrera, igerilekua sasoia hartzeko baliatu izan dut, gero, udaran, zeharkaldietan zentratzeko.

“Lasterketa luzeak dira, eta era ezberdinetan kudeatu daitezke”
Zergatik nahiago dituzu zeharkaldiak?

Ikaragarri gustatzen zaizkit. Bestelako faktore batzuk sartzen dira jokoan: marea, korronteak, lasterketako erritmoa, egon daitezkeen erasoak etab. Estrategia ere kontuan hartu behar da. Lasterketa luzeak dira, eta era ezberdinetan kudeatu daitezke. 100 metroko proba batean ez dago misteriorik. Dena eman beharra dago, hasieratik bukaerara. Azkarrenak irabazten du, eta normalean, lasterketa hasi aurretik igerilarien postuak igartzea ez da zaila izaten. Zeharkaldietan ez da hori gertatzen.

Itsasoan igeri egiteak ez du zer ikusirik. Zaila iruditu zitzaizun hasieran?

Bai, lehen zeharkaldiak egin nituenean, ez nuen ideiarik. Batzuetan nik bide bat hartzen nuen, eta gainerako guztiek beste bat. Denborarekin konturatu nintzen zer nolako eragina duen kokapenak.

Hori esperientziak konpontzen du, eta horregatik, beharrezkoa da itsasoan entrenatzea. Serieak igerilekuan egiten ditut, baina gainerakoa, itsasoan. Arazoa da Hondarribian ura oso barea dela. Hori dela eta, batzuetan Donostiara joaten naiz, irlari buelta ematera etab.

Igerilekuan ere distantzia luzeetan ibiltzen zinen?

Txikitan distantzia luzeekin probatu nuen arren, beranduago abiadurakoetan hasi nintzen. Aitortu behar dut igerilekuko proba luzeetan ez nintzela ondo moldatzen. Hala ere, alde handia dago. 1.500 metroko proban, adibidez, erritmo handi bati eutsi behar diozu denbora luzez. Zeharkaldietan, guztira distantzia bikoitza egin behar bada ere, erritmo aldaketa gehiago egoten dira: erasoak, etenak etab. Ondo moldatzen naiz guzti hori kudeatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude