Iraunkortasuna helburu

Jarduera jasangarriaren bidea hartu du Irungo Udaleko lorezaintza zerbitzuak

Kolore bizietako lore eta landare erakargarriak ikus daitezke, udaran zehar, Irungo biribilguneetan, hiribideetan, parkeetan eta bestelako lorategietan. Hiria apaintzeko ahalegina egiten du Irungo Udalak urtero. Alabaina, hiritar gehienek aldaketa handirik nabaritu ez badute ere, hiriko lorezaintza zerbitzuan norabide aldaketa eman dute azken aldian. Jarraibide eta irizpide zehatzak hartu dituzte, lorezaintza iraunkorraren bidean.SONY DSC

Udal Haztegia du Irunek, Meaka auzoan. Donostiakoarekin batera, Gipuzkoako bakarra da. Horrek kudeaketa propioa edukitzeko aukera ematen dio lorezaintza zerbitzuaz arduratzen den lantaldeari. Alde batetik, lanerako material guztia gordetzen dute bertan. Baina gainera, loreak eta landareak ekoizteko azpiegiturak dituzte. Izan ere, Irungo kaleetan ikusten diren gehien-gehienak, bertan landatutakoak dira. Kanpotik, zuhaitzak eta zuhaixkak ekartzen dituzte bakarrik.

Urtean 50.000 landare ekoiztera iritsi ziren Irungo Udal Haztegian, udaberria-udara eta udazkena-negua denboraldien arabera, sei hilero landareak aldatuz. Azken urteotan, ordea, joera aldatu dute, ingurumenarekiko arduragatik, baina arrazoi ekonomikoengatik ere bai. “Hiriko metro karratu berdeak gero eta gehiago dira, baina aurrekontua ezin da hainbeste handitu”, onartu du Esteban Jara lorezaintza zerbitzuaren arduradunak. Ia 820.000m² hartzen dituzte hiriko gune berdeek, eta Irungo Udalak, 1,5 milioi euro bideratzen ditu haien mantenurako.

“Landare bizikorrak hautatu ditugu. Mantenu gutxiago behar dute, eta askoz gehiago irauten dute”
Esteban Jara, lorezaintza zerbitzuko arduraduna

Lorezaintza iraunkorrago baten alde urratsak ematen ari dira, hortaz, lorezaintza zerbitzuan. Alde batetik, ekoiztutako landareen kopurua murriztu dute. 35.000 inguru dira, gaur egun. Jarak azpimarratu du horrek ez duela esan nahi kanpotik gehiago ekartzen dituztenik: “Sasoiko landareen ordez, kasu askotan landare bizikorrak hautatu ditugu. Mantenu gutxiago behar dute, eta askoz gehiago irauten dute”. Horrela, ez dituzte denboraldi bakoitzean landareak aldatu behar izaten. Landare bizikor batzuek, urte oso bat baino gehiago iraun dezakete.

Aitzitik, hiriko leku jakin batzuetan denboraldiaren araberako txandatze sistemari eusten diote oraindik. “Egia da landareak jartzeak eta kentzeak kolore gehiago ematen duela. Hori leku adierazgarrienetan egiten dugu, San Juanen edo Luis Marianon, adibidez”, aitortu du Jarak. Dena den, puntu horietan ere, iraunkortasunaren aldeko gainerako neurriak aplikatzen dituzte. Esaterako, ongarri kimikoak murriztu dituzte, eta abonu naturalekin ordezkatu. Era berean, produktu fitosanitarioak ere ia zeharo ezabatu dituzte. “Horien ordez, gaixotasunen eta plagen kontrol biologikoa egiten dugu”, azaldu du Jarak.

“Zailtasunak dituzten kolektiboen lan insertziorako apustua ere egiten du zerbitzuak”
Cristina Laborda, Bide Publiko eta Mantenu arloko ordezkaria
Desgaitasunak dituzten langileak ditu zerbitzuak

Loretzaintza zerbitzuaren kontratuak gizarte klausula du, eta enplegurako gune berezientzat erreserbatua dago. Gaur egun, Gureak taldeko Goroldi enpresa da zerbitzuaren ardura duena. Hogeita hamabost langile ari dira guztira, eta horietatik hogeita zortzik ezintasun edo urritasun mota ezberdinak dituzte. “Zailtasunak dituzten kolektiboen lan insertziorako apustua ere egiten du zerbitzuak”, nabarmendu du Cristina Laborda Bide Publiko eta Mantenu arloko ordezkariak. Apirilaren eta irailaren artean, beste hamahiru langile kontratatzen ditu zerbitzuak, lan karga handiagoa izaten delako.

Orokorrean, hiritarrek lorezaintza zerbitzuaren lana errespetatzen dutela baieztatu du Esteban Jarak. Arazo puntual batzuk sortu izan direla onartu du, hala ere: “Erdiguneko lorategietan, betiko arazoak izaten dira. Haurrek zapaldu egiten dituzte, zakurrek zeharo hondatu etab.”. Biribilguneetan eta beste puntu batzuetan, landareak desagertu izan direla ere aitortu du arduradunak. Zentzu horretan, hiritarrentzako mezua luzatu du Cristina Labordak: “Lorategiak denonak dira, eta espazio horiek zaintzeko ekarpena denok egin behar dugu”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude