IRITZIA. Iñaki Goikoetxea. Gazteekin, hitzetatik ekintzetara

 

IÑAKI2Lan kontuengatik, Euskadi mailan gazteekin lan egiten duten eragile eta pertsonen iritziak entzuteko aukera daukat: politikariak, teknikariak, elkarteetan lan egiten dutenak, gazteak… kolore guztietako alderdietakoak eta euren artean pentsaera ezberdinak dituztenak. Aniztasun horretan, ordea, han eta hemen mezu bat errepikatzen da: “Gazteak gizartearen etorkizuna dira eta aukerak behar dituzte”. Komunikabideetan ere, ia egunero, gazteok bizi dugun egoeraren inguruko albisteak irakurtzen, entzuten edo ikusten ditugu: etorkizunik gabeko belaunaldia, lan prekarietatea, etxebizitzaren arazoa… Eta nola ahaztu, egin berri diren udal eta foru hauteskundeetan hautagaiek asko hitz egin dute gazteen inguruan. Dudarik gabe gaia pil-pilean dago, baina oihartzun mediatiko honek eragin praktikoa dauka?
Zoritxarrez, ez. Euskal erakundeetan, baita Estatu mailan ere, gazteria sailak administrazioaren zati xumeak dira eta, gehienetan, hezkuntza, kultura, prebentzio komunitarioa edo kirola bezalako eskumenekin nahasiak ikusten ditugu. Irungo Udalean gazteria politikak hezkuntza eta kulturarekin batera daude; kultura eta kirolarekin Gipuzkoako Foru Aldundian, eta kirolarekin Eusko Jaurlaritzan. Honek zer eragin dauka? Bada, gai hauek jorratzen dituzten zinegotzi, zuzendari edo teknikariek denboraren tarte handiena beste zereginetara eskaintzen dietela eta, askotan, gazteriari leku sinbolikoa ematen zaiola soilik. Administrazioko beste departamentuak ere ez dira gazteriaz asko gogoratzen, eta enplegu edo berdintasun planak aurrera eramaten dituzte gazteen ekarpenak jaso gabe.
Tortillari buelta eman beharko genioke, eta gazteria saila indartsuak sortu: gazteria politikei benetako garrantzia eman nahi bazaie, instituzioek arreta handiagoa jarri eta baliabide gehiago bideratu beharko lituzkete; ezin dira ekimenak egin aurrekonturik gabe edo teknikarien babesik gabe, biak ezinbestekoak dira. Batzuek defendatzen dute gazteria politikak zeharkakotasunez landu behar direla, eta arrazoia izan dezakete, baina oro har honek ez du arrakasta handirik izaten. Gazteria politikek azken urteetan berdintasun arloek izan duten bultzada jarraitu beharko lukete eta, Administrazioak gazteengana hurbildu nahi baditugu, hauen ikuspuntuak jaso eta kontutan izan. Esate baterako, zergatik ez beka batzuk sortu gazteria arloan langile gazteak izateko? Adibideekin jarraituz, Irunen Gazte Artean ekimena edo gazteentzako aurrekontu parte-hartzaileak izan ditugu, baina egiteko asko badago oraindik. Orain dela gutxi berezko Gazte Kontseilua sortu dute Hernanin, ezingo genuke ideia hau edo interesgarriak diren beste batzuk gure hirira ekarri?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude