Abian da dagoeneko Oiasso Museoaren urteko lehen ikastaroan izena emateko epea. «Bestelako Egipto: Alexandria eta mundu greko-erromatarra» izenburua du, eta EHUko Antzin Aroko Historiako irakasle Elena Torregaray Pagola irakasleak emango du. Eskolak astelehenetan emango dira, eta ordubete iraungo dute. Goizeko saioak 11:00etan izango dira, eta arratsaldean ematen direnak, aldiz, 18:00etan. Guztira, ikastaroak hamar saio izango ditu.
Ikastaroak hamar saio izango ditu, honela banatuta: otsailaren 16an eta 23an, martxoaren 2an, 9an eta 16an, apirilaren 27an eta maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean. Ikastaroak75 euroko prezioa du eta izen-emateak Oiasso Museoko harreran edo 943 63 93 53 telefonoan egin daitezke.
Ikastaroaren edukia
Alexandro Handiak fundatutako Alexandria hiria Egipto greko-erromatarraren bihotza izan zen: merkataritzaren eta jakintzaren gune garrantzitsua, eta Greziako, Erromako eta Egiptoko kulturek bat egin zuten arragoa. Ptolomeotarren dinastiaren eta erromatarren pean, sinkretismo berezi bat sortu zen bertan, artean, erlijioan, arkitekturan eta eguneroko bizitzan aztarnak utzi dituena. Hiria Egipto erromatarra ezagutzeko ataria da: inperioko probintzia aberatsenetako bat zen, eta idatzizko dokumentazio ugari utzi zuen. Papiro horietan, inperioaren funtzionamendu instituzional eta administratiboaz gain, egitura sozial eta erlijioso konplexua ere islatzen da. Egipto greko-erromatarraren kulturen aniztasuna herrialdeko bizitza instituzional, ekonomiko, sozial eta erlijiosoaren alor guztietan geratu zen agerian, eta gaurdaino heldu den ondare arkeologiko eta historiko ezin aberatsago bat utzi digu.
Urtarrileko hitzorduak museoan
Bestalde, Oiasso museoak eskaintza zabala dauka urte hasiera honetan. Alde batetik, Gordailua – Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroarekin elkarlanean, Gordailua Oiasson espazioko pieza etnografikoen bilduma berritu da. Horrela, urtarrilaren 20tik aurrera, bisitariek jolasekin eta jostailuekin lotutako pieza multzo bat izango dute ikusgai, museoaren bilduma arkeologikoaren erromatar garaiko koloretako fitxekin, tortolosekin eta dadoekin lotuta.
Gainera, urtarrilaren 29an, ostegunarekin, Ostegunean Oiasson hitzaldi zikloari hasiera emango zaio. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Eva Tobalina Oraá historialariak eskainiko duen «Erromatar Inperioa eta Zetaren Bidea» izenburuko hitzaldiaren bidez. Sarrera librea da, tokiak bete arte.
Eva Tobalina Oraá
Eva Tobalina Oraá unibertsitateko irakaslea eta Antzin Aroko Historiako doktorea da. Ikasketak Nafarroako Unibertsitatean egin zituen, eta ikerkuntzako egonaldiak egin ditu Heidelberg eta Boloniako unibertsitateetan. Erromatar administrazioa izan du ikergai nagusi, bai eta senatarien cursus honoruma ere.
Gaur egun, Historia irakasle lanak eta dibulgazioa uztartzen ditu, hitzaldiak ematen ditu erakunde eta entitate askotan, bidaia kulturaletako irakasle laguntzailea da eta zenbait artikulu argitaratu ditu Historia National Geographic eta beste aldizkari batzuetan. Los caminos de la seda: la historia del encuentro entre Oriente y Occidente liburua idatzi zuen, 2024ko Literatura Historikoko Hislibris Sarien XV. edizioan ez-fikzio historikoaren kategoriako lan onenaren saria irabazi zuena, hain zuzen.



