Irudika LHII eta Plaiaundi LHII, “Prebentzioan ON egon: minbiziari aurre egiteko bizi ohiturak” proiektua garatzen ari dira 2025-2026 ikasturtean. Helburua minbiziaren prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra gizartera hurbiltzen dituen berrikuntza-proiektua garatzea da. Proiektuaren baitan, material pedagogiko digital eta interaktiboak garatuko dira. Gainera, urtarrilean zehar proiektuaren inguruko 3 jardunaldi egingo dira.
Ekimen hau “ONkologia 360º” proiektuaren jarraipen eta bilakaera da, aurreko esperientzian metatutako ezagutza eta lankidetza-sarea prebentzioaren esparrura zabaltzeko helburuarekin. ONkologia 360º proiektuak minbizi-prozesuari buruzko ikuspegi integrala, gizatiarra eta hezitzailea eskaini zuen, Lanbide Heziketa, osasun-sistema eta pazienteen elkarteen arteko lankidetza eredugarria garatuz. Proiektu hartan, paziente onkologikoen behar integralak landu ziren —ongizate emozionala, elikadura, ariketa terapeutikoa eta gorputz-irudia—, hezkuntzak pertsonen zaintza integralean duen zeregina agerian utziz.
Esperientzia horren arrakasta eta harrera positiboa oinarri hartuta, Prebentzioan ON egon proiektuak minbiziaren prebentzioan eta diagnostiko goiztiarrean jartzen du arreta, gizarte osoari zuzendutako ikuspegi hezitzaile eta sentsibilizatzailearekin. Proiektua Irudika LHII eta Plaiaundi LHIIren arteko lankidetzan eraiki da, eta Asgicer, Katxalin, Iñurri, Aspanogi, Agadelprise eta Contra el Cáncer Gipuzkoa elkarteekin batera garatzen ari da, osasunaren eta gizartearen arloko ikuspegi osagarria bermatuz.
Proiektuaren baitan, material pedagogiko digital eta interaktiboak garatuko dira, minbiziaren prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleengana hurbiltzeko, baina baita komunitate osoan eragina izateko ere. Horrez gain, hainbat jarduera aurreikusi dira, hala nola tailer praktikoak, adituekin hitzaldiak eta “Prebentzioaren Astea”, komunitate osoari irekia egongo den sentsibilizazio-ekimena.
Testuinguru horretan kokatzen dira proiektuaren baitan antolatutako hiru jardunaldi tematikoak, prebentzioa ikuspegi osagarrietatik lantzen dituztenak: prebentzioaren testuinguru psikosoziala, bizi-ohitura osasungarriak eta detekzio goiztiarra Osakidetzaren ikuspegitik. Jardunaldi hauek Irudika LHIIko eta Plaiaundi LHIIko ikasleei zuzenduta daude, eta bi zentroen arteko lankidetza estua islatzen dute, aurrez aurreko saioak eta streaming bidezko jarraipena uztartuz.
Ekimen honek agerian uzten du Lanbide Heziketak osasunaren prebentzioaren, sentsibilizazio sozialaren eta diziplinarteko lanaren esparruan duen ahalmen eraldatzailea, hezkuntzatik abiatuta gizartean eragin handia duten erronkei erantzuteko duen gaitasuna erakutsiz.
Urtarrileko jardunaldiak
Lehenengo jardunaldia urtarrilaren 19an izango da, 9:00etatik 11:00etara Irudika LHIIn. Maider Sierra biopsikologoa, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen eskutik, minbiziaren testuingurua landuko du.
Urtarrilaren 22an, bigarren jardunaldi bat egingo da Plaiaundi LHIIn, 9:00etatik 11:00etara. Bertan, Nerea Lorok biopsikologoak Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea ordezkatu parte hartuko du. Jarduera fisikoan aditua den heinean, bizi-ohitura osasungarriez mintzatuko da, elikadura eta kirola aipatuz.
Hirugarren jardunaldia Irudika LHIIn egingo da urtarrilaren 21ean 9:00etatik 10:300era. Sara, Osakidetzako erizain komunitarioak minbiziaren detekzio goiztiarraz hitz egingo du. Azkenik, urtarrilaren 23an, 12:30etik 13:30era Plaiaundi LHIIn Laura Ramude erizain komunitarioa izango da, minbiziaren detekzio goiztiarra ere ardatz izango duen hitzaldian.



