Astelehenean hasiko da Solas Jolas udaleku irekietan aurre izen ematea egiteko epea

Solas Jolas udaleku irekien programaren aurre izenemateko epe irekiko da astelehenean. Programa 2016 eta 2021 urteen artean jaiotako Irunen erroldatuta dauden haurrei edo, bestela, Irungo ikastetxe batean matrikulatuta dauden haurrentzat da, betiere euskara hutsean edo euskaraz eta erdaraz ikasten badute. Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak prentsaurrekoa eman du gaur goizean programaren xehetasunak azaltzeko.

Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko gelakoak (2021 eta 2020an jaiotakoak), Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. mailaren artean daudenak (2019, 2018, 2017 eta 2016an jaiotakoak) eta aipatutako mailaren batean badaude edota 5. edo 6. mailako gelakoak (2015 eta 2014an jaiotakoak) eta heziketa premia zehatzen bat badute izango dira aurtengo parte hartzaileak. Ohi bezala, aurten ere bi txanda izango dira: uztailaren 3tik 30era eta abuztuaren 4tik 31ra.

Josu Iguiñiz ordezkariak azaldu du “Solas Jolas programaren bidez euskararen erabilera sustatzen dugu; hizkuntzarekiko jarrera hobetzea dugu helburu. Udan ere euskaraz aritu eta jolastu nahi duten haur guztiak animatu nahi ditut Solas Jolas programan parte hartzera; Udako oporretan ere euskaraz aritzera, euskaraz jolastera, lagun arteko harremanak euskaraz izatera eta hizkuntzaren erabilera hobetzera”.

Aurreizenematea

Interesa duten familia guztiek datorren astelehenetik aurrera, martxoak 2, egin ahal izango dute aurre izen-ematea. Irun Txartela edo ziurtagiri digitala erabiliko dira Egoitza Elektronikoan (https://www.irun.org/eu/egoitza), baita HAZen, Katean eta Anakan dauden udal autozerbitzuko terminaletan ere eta Palmera Montero Gunean, Alhondiga Belaskoenean eta San Migeleko Helduentzako eremu sozialean.

Aurreizenematea egiteko azken eguna martxoaren 13a izango da, 14:00etan amaituko da epea. Interesdunek haurraren datuak eman beharko dituzte: izen abizenak, helbidea, ikastetxea, ikasketak egiten ari den zikloa eta harremanetarako guraso edo tutorearen telefonoa eta posta elektroniko helbidea (bi posta elektroniko eman daitezke).

Aurre izenemateak egin eta gero, martxoaren 30ean plazaratuko dira onartu eta ez-onartuen behin-behineko zerrendak, eta apirilaren 15a izango da erreklamazioak aurkezteko azken eguna.

Ostean, behin betiko zerrendak apirilaren 22an argitaratuko dira eta apirilaren 13an 10:00etan zozketatuko dira izen ematea egiteko hitzorduak. Egun horretan bertan, zozketaren emaitzak 15:00etatik aurrera ikusgai jarriko dira Irungo Udal Atarian.

Hala, zozketan esleitutako hitzorduen hurrenkeran egingo dira inskripzioak, apirilaren 27tik maiatzaren 8ra bitarte. Zozketa horrek erabakiko du nork duen lehen hitzordua, eta ondorengo hurrenkera errespetatuz, ikastetxeetan eskainitako plazak aukeratzen joango dira interesdunak plazak bete arte.

Edozein zalantza edo galdera izanez gero, informazioa eta argibideak Euskara zerbitzuan eska daitezke irun@euskara.org helbide elektronikora idatziz eta 943505152 zenbakira deituz.

Iazko balorazioa

Iazko txandei dagokienez, balorazio oso positiboa egin du Euskara zerbitzuak. Izan ere, Solas Jolas udalekuetan 574 haurrek parte hartu zuten. Uztailean 507 lagunek euskaraz aritu ziren aisialdian eta abuztuan, berriz, 67k. Horiek guztiak 83 hezitzaileen gidaritzapean aritu ziren. “Baliabide gehiago jarri genituen eta Hezkuntza Premia Zehatzak dituzten harrentzat 20 plaza eskaini ahal izan ziren”, baloratu du positiboki Josu Iguiñiz ordezkariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude