Pagotxaren bila

Bilduma Azoka hartu du Zabaltza plazak

Bero saparekin esnatu da hiria, abuztuko azken larunbatean. Hondartzan edo igerilekuan uretan murgiltzeko giro aproposa ari du. Zabaltza plazan, ordea, erakustokiak atontzen ari dira goizean-goizetik. Bilduma Azokaren 9.edizioa egingo dute plazan, egun osoan zehar. Dozena bat bildumagile ariko dira haien objektuak erakusten eta saltzen. SONY DSC

Josema Martínez da ekimenaren antolatzaile nagusia. Azpimarratzeko moduko pertsonaia da, azken 50 urteetako Irungo musikaren historian. Hiriko lehen rock taldeetan aritu zen 60ko hamarkadan, Centro Musical Irunés denda erreferentea zabaldu zuen 1970ean, eta hamarnaka kontzertu antolatu zituen hurrengo urteetan. Atseden une bat hartu du, binilozko diskoak prestatzen ari den bitartean, Jesus Etxeberria lagun zaharrarekin hitz egiteko. Elkarrekin aritu ziren aspaldiko taldeetan, eta Back bandan elkartu dira berriro, gaur egun. “Azkenean, betikoak gara egurra ematen jarraitzen dugunak”, aipatu du Etxeberriak. Rock musikari egin dio erreferentzia, baina bildumazaletasunarentzat ere balio dezake esaldiak.

“Urteak daramatzagu mundu honetan, gehienok aspaldi ezagutzen dugu elkar”
Josema Martínez, antolatzailea

Duela hogei urte inguru antolatu zuen, Josema Martínezek, lehen Bilduma Azoka, Artaleku kiroldegian. Han egin zituzten lehen edizioak, baina bertan behera utzi behar izan zuten ekimena, eta duela bederatzi urte berreskuratu zuten, Zabaltza plazan. Josema Martínezek baieztatu du Irungo Udalaren kolaborazioarekin pozik daudela, baina onartu du, espazioa ez dela nahi bezain handia: “Nahiko nituzke bildumagile gehiago ekarri, eta erakustoki gehiago jarri, baina leku handirik ez dugu”. Hala ere, hamabi postu daude, gehienak, inguruko bildumagileenak. “Urteak daramatzagu mundu honetan, gehienok aspaldi ezagutzen dugu elkar”, adierazi du Martínezek: “Jendea deitzerakoan, denetarik egon dadin saiatzen naiz, ez daitezela denak diskoak edo liburuak izan”. Lan zaila izaten den arren, aniztasun handi samarra aurki daiteke Zabaltzan.

“Disko bat erostekotan izan naiz, baina ez nago ziur etxean ote dudan edo ez”
Aitor Perez, musikazalea

Kioskoaren alde batean, musika da protagonista ukaezina. Binilozko diskoak, KDak, kasete zintak, gitarrak eta baxuak etab. Josema Martínezek postu luzea jarri du, eta ehunka disko ditu “Centro Musical Irunés” inskripzioa daramaten kutxa gorrietan. “Beste estilo batzuk ere baditut, baina nire espezialitatea 60-70eko hamarkadetako rock klasikoa da”, aitortu du. Gero eta jende gehiago dabil postuan, jatorri, adin eta itxura ezberdinetakoa. Mod, Skinhead eta Punk estetika daraman jendea dabil, batzuk Bilbotik, eta beste batzuk, baita Bartzelonatik ere etorritakoak. Behe Bidasoko musika panoraman ezagunak diren Joseba Ponce (Dut, Kuraia, JP Lohian) eta Aitor Perez (Apurtu, Defecto Humano, Kaos Kooperativ) ere ibili dira. “Disko bat erostekotan izan naiz, baina ez nago ziur etxean ote dudan edo ez”, esan du Perezek. Bilduma ederra du musikariak etxean.

“Langabezian gelditu nintzenean, irtenbide gisa ikusi nuen, diru gehigarri bat lortzeko”
Isidro Agudiez, saltzailea
Bildumazaletasunaren mundu zabala

Kioskoaren beste aldean, musikaz harago doan beste unibertso bat dago. Denetarik topa daiteke: hiztegiak eta entziklopediak, eskolako materiala, eleberriak, poesia liburuak, aldizkariak, kromoak, jostailuak, baxerak, zeramika, bitxiak eta abar, eta abar. Rosa Velasco eta Isidro Agudiez bildumagile irundarrak haien postuetan daude, bezeroen zain. “Denetarik izaten da. Batzuk aldez aurretik dakite, eta apropos etortzen dira. Beste batzuk paseoan daude, edo inguruko tabernetan aperitiboa hartzen”, azaldu du Velascok. Orokorrean, jendeari begiratzea gustatzen zaiola baieztatu du Agudiezek. Erosten dutenak gutxiengoa direla. Haien artean ere elkarri erosten diotela argitu du: “Buelta bat ematen dugu postuetan zehar, eta zerbait interesatzen baldin bazaigu, erosten dugu”.

Erosle izan zen Isidro Agudiez, saltzaile baino lehenago. Galdetuz joan zen garai hartan, ea azokak nola funtzionatzen zuen, edo nor zen arduraduna: “Langabezian gelditu nintzenean, irtenbide gisa ikusi nuen, diru gehigarri bat lortzeko”. Gaur egun, bospasei azokatan parte hartzen du hilabetean: Hondarribian, Irunen, Errenterian, Pasaian etab. Egurrezko jostailuetan ari da espezializatzen: “Ez dira plastikozko jostailu arruntak, erabili eta zaborretara botatzekoak. Beste balio bat dute bildumazaleentzat”. Gaur egun, egurrezko jostailu dezente ikus daiteke azoketan. Isidro Agudiezek azaldu du boladaka funtzionatzen duela: “Garai batean arropa asko egoten zen, adibidez”. Zabaltzako azokan jada, ez da arroparik ikusten. Aukera zabala dago, hala ere, bildumazaletasunak zertan datzan ezagutu nahi duenarentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude