Badator kalamuari eskainitako asteburua

Seigarren edizioa izango du Expogrow azokak, irailaren 15etik 17ra, Ficoban

Irailaren 15etik 17ra izango da Expogrow kalamuaren nazioarteko azoka, Irungo Ficoban. VI.edizioa izango du dagoeneko, eta estatuko eta Europako azoka garrantzitsuenen artean kokatu da, kalamuaren kulturari dagokionez. 5.000 metro karratuko espazioa hartuko du Ficobako lau pabiloietan, kanpoko aparkalekuaz gainera (7.000 metro karratu). Mundu osotik etorritako enpresa eta elkarteek haien produktuak eta zerbitzuak eskainiko dituzte, 180 erakustokitan. Sektoreko profesionalak eta bezeroak erakarriko ditu. Iaz, esate baterako, akreditatutako 1.200 profesional, eta 17.000 bisitari hartu zituen Expogrowk.

Aurreko bost edizioetan, azokaren zutabeetako bat izan da Kalamuaren Nazioarteko Foro Soziala. Aurten formatu berria emango diote, Cannabis Box Forum izenarekin. Kalamuaren eta droga politiken inguruko hainbat gai landuko dituzte, hitzaldi eta mahai-inguruetan: aspektu terapeutikoa, aktibismoa, erregulazio prozesuak, emakumeen rola etab. Talk Show moduan ariko dira hizlariak, eta publikoak ere parte hartu ahal izango du.

Hizlarien artean nabarmendu daitezke Augusto Vitale uruguaiarra eta Michael Collins eskoziarra. Vitale psikologoa bigarren aldiz egongo da Expogrow-ko foroan. Aditua da droga politiketan, indarkeriaren prebentzioan eta osasunaren sustapenean. Michael Collins eskoziarra Washington DCko Drug Policy Allianceko zuzendariordea da, eta bere ikuspuntua eskainiko du.

Chambao eta Asian Dub Foundation ariko dira zuzenean

Musika emanaldiak ere egongo dira, kanpoko aparkalekuan, ostiralean eta larunbatean, 19:00etatik aurrera. Hiru taldek eskainiko dituzte emanaldiak, egun bakoitzeko. London Afrobeat Collective, Dirty South Crew eta Chambao ariko dira ostiralean (irailak 15), eta Asian Dub Foundation, Saritah eta Natascha Rogers larunbatean (irailak 16). Dj Don Cornelius eta Dj Víctor Santana ariko dira lehenago, karpa girotzen, ostiralean eta larunbatean, hurrenez-hurren.

Sarrerarekin azokara, forora eta kontzertuetara sartu ahal izango du bisitariak. Aldez aurretik erosita, egun bateko sarrerak 15 euro balioko du, bi egunekoak 23, eta hiru egunekoak 28. Iganderako sarrera berezia eskainiko dute, 12 euroren truke (kontzerturik gabe). Ficobako leihatilan erosiz gero, garestiagoak izango dira sarrerak (18, 26, 30 eta 15). Ostiralean, publiko orokorrarentzat ateak zabaldu aurretik, B2B (Business to business) saioa egingo dute, sektoreko profesionalentzat bakarrik (9:30-14:30). Bestalde, familia osoarentzako jarduerak, aisialdirako eremuak, gastronomia eta sarien banaketa ere egongo dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude