Ohorezko B Mailako errugbi neurketa hastera zihoan Alacalá de Henaresen, Madrilen. FC Barcelonaren errugbi taldearen aurka ariko ziren etxekoak. Blaugranen bisita baliatuta, hiriko Peña Barcelonista hurbildu zen errugbi zelaira. Haien lehen errugbi partida izango zen. Neurketak aurrera egin ahala, protestan hasi ziren, epailearen erabakien aurka. Etxeko zale batek isiltzeko agindu zien Epaileak eta jokalariek, denek huts egiten zutela, eta errespetua eduki beharra zegoela.
Iñaki Vergara irundarra izen zen epailea norgehiagoka hartan: “Bukaeran, etxeko taldeak hirugarren deborara gonbidatu zituen Peña Barcelonistako kideak. Txundituta geratu ziren giroarekin, primeran pasa zuten”. Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Vergarak errugbiari lotuta. Azken hemezortziak, epaile lanetan. Erreferentea da estatu mailan, gaur egun, Espainiako Epaileen Batzordeko Presidentea.
Errugbi jokalari izan al zinen, epaile baino lehenago?
Jakina. Eskolan hasi nintzen, hamalau urterekin. Gogoan dut Iñaki Alberdi etorri zela, garaiko Rugby Club Iruneko presidentea. Futbola izan ezik, beste kirol asko ere probatu nituen txikitan: eskubaloia, saskibaloia, judoa, mahai tenisa etab. C.D.Bidasoan sartzeko probak egin nituen, baina ez nintzenez altua, ez ninduten hautatu. Errugbiak hasieratik harrapatu ninduen.
“Errugbian hasten zarenetik, aurkariarekiko eta epailearekiko errespetuz jokatzen erakusten dizute”
Zein harreman zenuen orduan epaileekin?
Errugbian hasten zarenetik, aurkariarekiko eta epailearekiko errespetuz jokatzen erakusten dizute. Ez dut esango noizbait kexatzen edo protesta egiten ez denik, batez ere zerbait jokoan dagoenean. Baina jokatzen hasten zarenetik, epailearen erabakiak errespetatzen erakusten dizute.
Epaileak huts egiten baldin badu ere, jokalariek ez dute inguratzen eta estutzen, beste kirol batzuetan ez bezala. Zaleek beraiek ere, ez diete epaileari txistu egiten edo oihukatzen. Beste kultura bat da, zeharo ezberdina. Horregatik harrapatzen zaitu errugbiak, beste mundu bat delako.
Hala ere, gogorra eta zakarra dirudi, batzuetan.
Kontaktu handiko kirola da, hori ez dago ukatzerik. Baina jokalariak ahaleginak egiten ditu aurkariak ukitu ez dezan. Gertatzen dena da kontaktuak gogorrak direla, gero eta gehiago, kategoriaz igotzen zoazen neurrian.
Beti egoten da jokalariren bat, momenturen batean burua galtzen duena, zirikatzen aritu direlako, edo dena delakoagatik. Baina aurkariari muturrekoa jo dionak, badaki epaileak txartel gorria aterako diola. Onartu egiten du, eta zelaia uzten du, protesta egin gabe.
“Arauak aldatzerako orduan, batzorde mediko batek parte hartzen du, hartutako neurria arriskutsua izan daitekeen erabakitzeko”
Argi dago zeintzuk diren arau-hausteak?
Arauak argi daude, eta lehen premisa jokalariaren segurtasuna da. Urtero moldatzen dira arauak, errugbia ez da XIX.mendean iltzatuta geratu. Arauak aldatzerako orduan, batzorde mediko batek parte hartzen du, hartutako neurria arriskutsua izan daitekeen erabakitzeko. Gero eta kontrolatuago dago dena. Gainera, interakzio handia dugu epaileen, jokalarien eta entrenatzaileen artean.
Nola hasi zinen epaile lanetan?
30 urterekin, Gipuzkoako Federazioak antolatu zuen ikastaro batean izena eman nuen. Araudia ikasi nuen, eta konturatu nintzen betidanik egin izan nituen zenbait gauza okerrak zirela. Askoz hobeto jokatzen hasi nintzen orduan.
Partida batean lehen aldiz epaile izan nintzenean, horren zaila iruditu zitzaidan, harrapatu egin ninduela. Gaur arte. 1999az geroztik ari naiz honetan.
Epaileak ere parte hartzen du hirugarren denboran?
Bai, ohitura polita da. Etxeko taldeak jatekoa eta edatekoa ateratzen du, eta bi taldetako jokalariek, entrenatzaileek eta epaileek bat egiten dute. Neurketan zehar izandako gorabeherak komentatzen dira, giro lasai eta atseginean.
Nolatan hartu zenuen Epaileen Batzordeko Presidente kargua?
Arrazoia sinplea da. Nik pentsatzen dut kexatzeak eta neurririk ez hartzeak ez duela ezertarako balio. Kasu honetan, gauzak aldatzeko, barrutik egin beharra dago. Lan handia eskatzen du, bidaiak, eztabaidak, buruhausteak etab. Baina ez dut dominarik jantzi nahi, nire filosofiaren eta ideologiaren parte da. Bizitzeko modua da errugbia.
Zein bilakaera izan du estatuko errugbiak urte hauetan?
Hobetuz doa etengabe. Gero eta jende gehiago, lizentzia gehiago daude. Gero eta epaile gehiago ere bai, eta hori ez da ohikoa errugbiaren munduan, ezta herrialde anglosaxoietan ere. Kirol maila ere gero eta handiagoa da, emakumeetan batez ere. Irlandako Mundialean parte hartu berri du selekzioak.
Euskal talde onak daude, klubetan ahalegin handia egiten delako. Ikaragarria da egiten duten lana, klub txikiak direlako, baliabide eskasak dituztenak. Baina estatuko gainerako taldeak bezala, ez dira profesionalak. Jokalari gehienek haien ogibidea dute, errugbiaz aparte.
Urrun geratzen dira errugbian tradizio handiagoa duten herrialdeak.
Pentsa Ingalaterran futbolak zein garrantzi duen. Eta hala ere, errugbian milioi bat fitxa gehiago dituzte. Herrialde anglosaxoietan, batez ere, ikaragarria da errugbiaren pisua.