Irungo Udalak, Udaltzaingoaren bitartez, igande honetan, azaroak 9, Behobia-Donostia lasterketa dela eta ‘Irunbus’ autobus zerbitzuan trafiko-arazoak eta aldaketak izango direla jakinarazi du. Goizeko 06:30etik 14:00etara, gutxi gorabehera, hiriko hainbat guneetan mozketak aurreikusten dira.
GI-636: Osinbiribiletik Behobiako biribilgunera arteko tartea
6:30etik 14:00etara, gutxi gorabehera, moztuta egongo da. Desbideratzeak honela egingo dira:
- Behobiako eta Nafarroako norabidean Artiga eta Blaia ibilbidetik eta Gazteluzar eta Lastaola kaleetatik egingo da.
- Donostiarantz:
- AP-8tik, Behobiako sarrera erabilita (gomendatutako aukera).
- Behobiako nazioarteko zubia, Hendaia, Santiagoko nazioarteko zubia, GI-636 (Donostiarantz) eta AP-8, Kateako sarrera erabilita.
- 06:30etik 08:00etara eta 11:30etik 14:00etara Zaisa III barnealdetik Blaiako hilerriraino joan ahal izango da Juan Wollmer, Urdanibia plaza eta Junkal karrikara joateko. Hortik, Iparralde hiribidera, Stadium Galeko biribilgunera, GI-636ra eta AP-8ra sartu, Kateako sarreratik.
Behobiako biribilgunearen eta AP-8 eta N-121-A lotzen dituen biribilgunearen arteko tartea
8:00etatik 11:30era, gutxi gorabehera, moztuta egongo da. Desbideratzeak honela egingo dira:
- Behobiako eta Nafarroako norabidean Artiga eta Blaia ibilbidetik eta Gazteluzar eta Lastaola kaleetatik egingo da.
- Donostiako noranzkoan, Behobiatik AP-8rako sarrera hartuko da Zaisa I-aren barnealdetik.
Colón ibilbidea
Bi bideak zirkulaziorako itxita egongo dira 7:30etik 8:00etara eta 9:00etatik 13:00etara.
Anaka kalea
Irun erdialderako erreia desgaituta egongo da Letxunborro hiribidetik Geltoki kaleraino, 7: 30etik 10:30era, eta bertan itxaronaldia eta karga egingo dira Renfeko geltokitik datozen korrikalariek pleitatutako autobusetan. Geltoki kalean dagoen taxi geltokiak ez du eraginik izango.
Erdigunera Zubimusu eta Hondarribia kaleetatik joan ahal izango da. Parte-hartzaileen joan-etorriak ahalbidetzen badu, lineako autobusaren zirkulazioa bere horretan utziko da.
Txanaleta plaza
Distantzia luzeko autobusen ohiko geralekua bertan behera geratuko da 7:30etik 13:00etara.
Nafarroa hiribidea, Elizatxo hiribidea, Molinoko errepidea eta Letxunborro hiribidea (Suhiltzaileen parketik Ospitaleko biribilgunera bitartean) itxita egongo dira zirkulaziorako 09:00etatik 13:00etara.
Bestalde, lasterketaren ibilbideak hiria bi gunetan banatzen duenez (iparraldea eta hegoaldea), bi pasabide prestatu dira gune batetik bestera joan ahal izateko larrialdi-kasuan:
- Iparraldetik (GI-636 zonaldea) hegoaldera (Olaberria, Katea,…) joateko pasabidea:
- Anbulantzientzat, GI-636 eta AP-8tik, eta irteera Oñaurren edo Behobian.
- Junkal karrika, txandaka. Pasabidea udaltzainek erregulatuko dute.
- Hegoaldetik iparralderako pasabidea:
- Junkal karrika erabiliz, Nafarroako hiribidea azpitik zeharkatzeko.
- Gabiria poligonotik, kalearen amaieratik doan landa-bidetik AP-8ra joateko, Arasoko biribilgunean buelta emanez GI-636 errepidea hartzeko Behobiarako noranzkoan. Desbideratzea behar bezala seinaleztatuta egongo da.
Aparkatzeko lekuak kenduko dira:
- Beraketa karrikan, azaroaren 7tik, ostirala, hasi eta azaroaren 9ko, igandea, 14:00ak arte, baina taxi geltokia lanean ariko da.
- Behobia auzoan asteazken honetatik azaroaren 9ko 14:00ak arte. Lasterketaren irteerako azpiegitura prestatzeko hainbat zonalde erabiliko da.
Taxi-geltokiak
Jenaro Etxeandiako, Geltokiko eta Jose Ramon Agirretxeko geltokiak kendu egingo dira, eta Beraketa karrika erabiliko da geltoki alternatibo bezala.
9:00etatik, eta 12:30ak arte, gutxi gorabehera, aparkalekuetako sarreretan arazoak egongo dira:
- Colón aparkalekua:
- Gipuzkoa hiribidetik eta Jose Ramon Agirretxetik sartzeko itxita egongo da.
- Atera, berriz, Jose Ramon Agirretxe eta Joaquin Gamon (kontrako noranzkoan) kaleetatik eta Pikoketa eta Artaleku karriketatik egingo da.
- San Juaneko aparkalekua:
- San Juanetik sartzeko itxita egongo da, baina Prudencia Arbidetik normaltasun osoz sartu eta irten ahal izango da.
- Mendibileko aparkalekua: aparkalekura sartu eta irteteko normaltasuna.
Udaltzaingoak eskerrak ematen dizkie herritarrei kolaboratzeagatik, eta, aldi berean, egun horretan ibilgailua erabili behar izanez gero, ondo planifikatzeko eskatzen du.
Irunbus
Irunbus autobus zerbitzuan ere aldaketa hauek egitea aurreikusten da:
L1: Zaisa – Ospitalea
Goizeko lehenengo zerbitzutik 15:00ak arte gutxi gorabehera, irteera-gunea muntatu, desmuntatu eta garbitzeko lanengatik eta korrikalariak pilatzen direlako, autobusak ezingo dira iritsi Behobiara, eta Osinbiribileko biribilgunean bukatuko dute ibilbidea.
07:30etik 13:00ak aldera arte, korrikalariek irten behar dutelako eta Irungo kaleetan ibiliko direlako, autobusak ezingo du egin ohiko ibilbidea. Horregatik, bertan behera utziko da zerbitzua ordu-tarte horretan.
L2: San Juan – Katea – Txingudi
07:30etik 14:00etara arte gutxi gorabehera, korrikalarien irteeragatik eta Irungo kaleetan ibiliko direlako, autobusak ezingo du egin ohiko ibilbidea. Horregatik, bertan behera utziko da zerbitzua ordu-tarte horretan.
Su-hiltzaileeneko 07:30eko irteera Elizatxoraino helduko da, Olibondoen biribilguneraino, eta erretiratu egingo da.
L3: San Juan – Artia
9:00etatik 14:00etara arte gutxi gorabehera, korrikalarien irteeragatik eta Irungo kaleetan ibiliko direlako, autobusak ohiko ibilbidea aldatu egingo du eta Nafarroa hiribidetik ez da pasatuko.
9:00etatik aurrera, 30 minuturo, ibilbide hau egingo du: Arbes-Artia: Arbesko biribilgunea – Blaia 22 – hilerria – Harrobieta – J. M. Franco – Portu plaza – César Figuerido – Juan Wollmer – Arbes
L4: San Juan – Antzaran – Olaberria
07:45etik aurrera eta 14:00ak arte, 30 minuturo, ibilbide hau egingo du:
Arbes – Olaberria: Arbesko biribilgunea – Urdanibia plaza (Menchu Gal) – Larreaundi – Olaberria HHI – Olaberria – S. J. Langilea – Santa Elena zubia – Arbes.
Aldaketa horietatik kanpo gelditzen diren geraleku guztiak zerbitzuz kanpo egongo dira zirkulazio-mozketak irauten duen bitartean.
Ordutegi guztiak gutxi gorabeherakoak dira, lasterketaren gorabehera zehatzengatik ordutegi horiek zertxobait alda baitaitezke.
Irunek Behobia agurtuko du
Beste urte batez, Irungo Udalak bat egingo du Behobia-Donostia lasterketarekin eta hiria apainduta egongo da. Lasterketako kaleak ‘Emozioa Irunen hasten da’ dioten banderatxoekin apainduta daude aste honetatik hasita. Aurtengoan ere jai giroan murgilduko dira irundarrak igandean, lasterketan parte hartzen duten pertsona guztiak animatzeko.



