Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, «Grabatuaren artea Bidasoan» erakusketaren esparruan, familientzako bi arte tailer eskainiko dira. Itsaso Labari arte irakasleak dinamizatuta, bi saio eskainiko dira: azaroaren 9an eta 22an. Tailerrak arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara egingo dira, Amaia KZn. Izen-emateak irekita egongo dira azaroaren 22ra arte.
Tailerrak doakoak dira, eta 16 plaza eskainiko dira bakoitzean. Hasteko, grabatuaren teknikari buruzko sarrera teoriko bat emango da eta erakusketa bisitatuko da. Ondoren, laborategi esperimental bat egingo da, alderdi teorikoan ikasitakoa praktikara eramateko, eta parte-hartzaileek matrize bat osatuko eta estanpaziorako erabiliko dute. Tailerra 5 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzenduta dago.
«Grabatuaren artea Bidasoan» erakusketa
Erakusketa Amaia KZn dago ikusgai, eta Bidasoaldearen historiaren errepaso bat eskaintzen du gurean izandako gertakari nabarmenenak jasotzen dituzten grabatuen bidez, hala nola 1638ko Hondarribiko setioa, Pirinioetako tratatua, Luis XIV.aren eta Maria Teresa Austriakoaren arteko ezkontza edo karlistaldiak.
Gainera, erabilitako tekniken inguruko aurkezpen bat eta grabatu garaikideari buruzko erakusketa bat ere baditu. Guztira, 38 grabatu daude ikusgai, Udalaren bildumakoak eta artxibokoak batzuk eta zenbait bilduma partikularretatik hartutako beste batzuk.
Erakusketa abenduaren 8ra arte egongo da ikusgai Amaia KZko erakusketa-aretoan, ordutegi honekin: asteartetik larunbatera 18:00etik 21:00era, igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era eta astelehenetan itxita.
Gainera, doako bisita gidatuak ere egingo dira. Bisitak azaroaren 8an, 19:00etan José Luis Noain Cendoyaren eskutik, azaroaren 22an, 19:00etan María José Noain Mauraren eskutik eta abenduaren 1ean, 12:00etan José Luis Noain Cendoyaren eskutik izango dira. Bisita gidatuetan izena emateko irunkultura@irun.org helbidera mezu elektroniko bat bidali behar da.