Gabonetako giroa Irungo kaleetan

Abenduko hilabetea iristearekin batera Gabonetako giroa zabaltzen da hiriko bazter guztietan. Gaztaina erreen usaina, apaindutako kale eta erakusleihoak, familia eta lagunak mahaiaren inguruan elkartzen dituzten otorduak eta azken orduko erosketak urteko egun berezi horien etorrera iragartzen dute. Aurtengo Gabonetan, apaingarriez gainera, kaleko ekitaldiek, haurrentzako emanaldiek eta mota askotako proposamenek osatuko dute Gabonetako programazioa.

Argiztapen berezia
Hiria jai giroan murgiltzeko abenduaren 3ko arratsaldetik hiriko kale eta bazter ezberdinak apaintzen dituzten Gabonetako argiak pizturik daude. Ohikoa denez, argiak pizteko ekitaldia San Juan plazan egin zen arratsaldeko 18:30etan eta, Kontserbatorioko Akordeoi Orkestra eta Musika Eskolako abesbatzaren kontzertuaren ostean, Toki Alai ikastetxeko 6. mailako ikasleek Jose Antonio Santano alkatearekin batera argiak pizteko botoia sakatu zuten. Gabonetako argiek urtarrilaren 6ra arte Irungo kaleak apainduko dituzte. Aurtengo aurrekontua handiago da beste urteekin alderatuta, guztira, 91.960 euro erabili baitira aurtengo Gabonetan Irun argiztatzeko eta mota desberdinetako 284 apaingarri sakabanatu dira hiriko auzo guztietan zehar.

Izotz pista
Azken urteetan bezala, Zabaltza plazan kokatutako izotz pista izango da Irungo Gabonetako ekintza erakargarrienetako bat. Aurreko urteetako txirristen ordez, izotz pistaren azalera handitzea erabaki da aurten. Horrela, 500 m2-ko azalera du eta plazako kioskoa inguratzen du. Gainera, ohi baino lehenago ireki zen, abenduaren 6ean, eta urtarrilaren 6ra arte martxan egongo da, Eguberri eta Urte Berri egunean izan ezik. Izotz pistak hiriko dendarien kolaborazioa izango du, ekintza horren bitartez Irungo merkataritza bultzatzeko asmoarekin. 13 urtetik beherako haurren sarrerak 2 eurotan salduko dira eta, 13 urtetik gorakoenak, aldiz, 3 eurotan. Hortaz gain, 5 sarreren bonoak eskuratu ahal dira 13 urtetik beherakoentzat, 8 eurotan, eta 13 urtetik gorakoentzat 12 euroren truke.

Gabonetako Azoka
Joan den urtean antolatutako azokak izandako arrakasta errepikatzeko asmoz, aurtengo Gabonetako merkatua Luis Marianoko lorategietan kokatuko da. Sei etxolez osatutako merkatua izango da eta bertatik hiriko 12 saltoki baino gehiago igarotzea espero da. Azoka abenduaren 20tik urtarrilaren 5era zabalik egongo da, goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:30etara. Gabonetako azoka honen bitartez gune komertzialak dinamizatzeaz gainera, Gabonetako erosketak Irungo denda txikietan egitea sustatu nahi da.

Haurrentzako eremua
Abenduaren 20tik aurrera Gabonetako kanpaina honetako berrikuntzetako baten txanda izango da. Izan ere, Pio XII. plazan haurrentzako eremu erraldoia eraikiko da, haurren-pertsonai eta Gabonetako apaingarriekin. Bertan, haurrentzako emanaldi ezberdinak eskainiko dira datozen egunetan zehar.

Haurrentzako eremuan egingo diren ekintzen artean, abenduaren 20ean arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara Txaborro Magoraren ikuskizuna izango da eta abenduaren 27an Azkona pailazoek haien emanaldia eskainiko dute 17:00etatik 18:00etara. 2020 urtearen hasieran, hau da, urtarrilaren 2 eta 4ean Ipuin Boro-Borobilen ipuin-kontaketez gozatzeko aukera izango dute haur irundarrek arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Azkenik, urtarrilaren 3ko arratsaldeko 16:30etatik 18:30etara Malabare eta oreka tailerra egingo da plazan.

Bestelako ekintza ibiltariak
Aurretik aipatutako ekintzez gainera, kaleko ekintza ibiltarien multzo handi bat prestatu da animazioa hiriko bazter ezberdinetan zehar zabaltzeko. Abenduaren 27an arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara Kolpez Blai Perku Show Batukadaren ikuskizuna San Miguel auzoa, Colón pasealekua eta Luis Mariano artean mugituko da.

Abenduaren 28an, Ondare ekarteko erraldoi eta buruhandiek San Migueletik San Juan plazarako ibilbidea egingo dute arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara. Emanaldi horren amaierarekin bat eginez, Rockalean taldeak 18:30etatik 20:30etara rock bertsioen doinuekin Luis Marianotik CBA udal liburutegirako bidea egingo dute, Almirante Arizmendi kaletik igarota.

Gabonetako kanpaina ixteko, urtarrilaren 3ko 18:30etatik 20:30etara Peña Poteo Txarangak San Miguel auzoa, Colón pasealekua, Zabaltza plaza eta Almirante Arizmendi kalea alaituko ditu. Azkenik, urtarrilaren 4ean Burrunba Elektrotxarangaren txanda izango da eta arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara Oiasso Erromatar Museoan abitu eta Fermin Calbeton kalea, Colón pasealekua, Zabaltza plaza, Luis Marianotik igaro ostean, San Juan plazan amaituko dute haien emanaldia.

Gabonetan gogoz
“Gabonetan gogoz” programaren bitartez Gabonetako programazioa indartuko da hiriko gizarte zentroetan. Ekintzak abenduaren 3an hasi eta urtarrilaren 2ra arte egingo dira hirian adineko pertsonentzat erreserbatutako espazioetan. Zehazki, Luis Mariano, San Miguel, Palmera Montero, Behobia, Anaka-Puiana eta Belaskoenea gizarte zentroetan zein Lekaeneako apartamentuetan egingo dira ekintzak. Berrikuntza nagusia Berto magoaren “Magiak ez du adinik” ikuskizuna izango da, adineko pertsonek haien bilobekin batera emanaldiaz gozatzeko helburua duena. Hortaz gain, gizarte-zentroetan Gabonetako eskulan tailerrak, musika emanaldiak, zinema eta bestelako ekintzak egingo dira hiriko entintate ezberdinen kolaborazioari esker.

Santo Tomas eguna
Abenduaren 21ean Santo Tomas egunaren ospakizuna Urdanibia plazaren inguruan egingo da ohikoa denez. Goizeko, 10:00etan Barazki, Animalia eta Ezti lehiaketa hasiko da eta sariak eguerdiko 12:30etan banatuko dira. Hortaz gain, 11:30etatik 13:15etara eta 18:30ak eta 22:00ak bitarte, hiriko dantza eta musika taldeek haien emanaldiak eskainiko dituzte Urdanibia plazako eszenatokian eta Burrunba Elektrotxarangak egunari ameira emango dio.

Olentzeroren etorrera
Abenduaren 23an arratsaldeko 17:00etan Alberto Anguera plazatik aterako dira Olentzero eta bere laguntzaileak San Juan plazaraino iristeko. Ondoren, arratsaldeko 18:00etatik 21:00ak arte udaletxeko arkupeetan haurren gutunak jasoko ditu. Hurengo egunean, abenduaren 24ean, Olentzero kantuen eta Gabon kantuen jaialdia egingo da San Juan plazan arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Erregeak eta gutunak
2019 urteari agur esan ostean, urtarrilaren 4ean erregeen pajeek hiriko umeen gutunak jasoko dituzte Irungo udaletxean. Urtarrilaren 5ean, aldiz, Errege magoak Irungo tren geltokira iritsiko dira Erregeen trenean. Horren ostean, Zubimuxuko hiribidetik abiatuko dira kabalgatan eta Hondarribia kaletik eta Colón pasealekutik igaroko dira San Juan plazara iritsi eta udaletxeko balkoitik hiriko haurrak agurtzeko.

Pin! Pan! Pun!
Eguberrietako Haur Parkea Ficoban kokatuko da urtero moduan eta abenduaren 28tik urtarrilaren 4era zabalik egongo da, abenduaren 31 eta urtarrilaren 1a kenduta. Pin! Pan! Pun! haur parkearen ateak arratsaldeko 15:00etan ireki eta arratsaldeko 20:00etan itxiko dira. Ficobako hiru pabilioiak beteko dituen parkean 3 eta 13 urte bitarteko haurrentzako ekintza, jolas eta atrakzioak izango dira. Horrela, 3 eta 13 urte arteko haurrentzako sarrerak 8 eurotako prezioa izango dute, helduenak 7 euro eta 3 urtetik beherako umeak dohan sartu ahalko dira. Hortaz gain, haur talde handi eta familia ugariei deskontu bereziak egingo zaizkie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude