Jaien egitarauak, San Pedro eta San Martzial festek izandako bilakaeraren erakusle

Irungo Udalaren artxiboaren webgunean 1906. urteaz geroztik Irunen San Pedro eta San Martzial jaiek egitarauak kontsulta daitezke. Bilduman XX. mendearen hasierako egitarau batzuk falta diren arren, programen azalak aztertuta ekintzak noraino aldatu diren uler daitkee. Orokorrean, urteen joanarekin jaien egitarauan ekintzak ugarituz joan dira, jarduera berriak antolatu dira eta, aldiz, beste batzuk bertan behera gelditu dira.

1921
Irungo jaietako egitarau guztiak orrialde gutxi batzuetan aztertzea ezinezkoa denez, XX. mendearen hasieratik 1 zenbakiarekin amaitzen diren urteetako egitarauen azalak aztertuko dira erreportaje honetan. Irizpide hori jarraituz eta artxiboaren webguneko edukiak arakatu ostean, 1921. urteko egitaraua da lehena. Azaleko tipografiak eta irudiak egitarauaren antzinatasuna agerian uzten dute. Hala ere, azala sortzeko egungo jaietan nagusi diren koloreak erabili ziren, hau da, beltza, gorria eta zuria.

1931
1931ko jaietako egitaraurekin aurrekoarekin alderatuz gero, aldaketa nabariak ikus daitezke. Batetik, bigarren egitarau honetan era askotariko koloreak nahasten dira herri osoa jaietako partaide egiten dituen irudian. Hain zuzen ere, kolore horiei esker irudiaren goiko zatian estatu osoan 1931eko apirilaren 14an hasitako Errepublikaren zantzuak antzeman daitezke, irudiko balkoiak bandera errepublikanoekin apainduta baitaude.

1941
1941eko jaien egitarauaren azalean, berriz, festen adierazgarri diren kolore beltz, gorri eta zuriak nagusi dira. Kasu horretan, lehen planoan alardeko infanteriako konpainia bat desfilatzen ageri da, San Martzial mendiaren aurrean. Oraingoan Irungo jaien izena aipatzean, aurreko egitarauetan egin ez bezala, San Pedro eta San Martzial izena irakur daiteke 1941eko azalean.

1951
1951. urteko hiriko festen egitarauaren lehen orrialdean berriro alardea eta San Martzial mendia dira irudiko protagonista nagusiak, jaietako koloreak bestelako koloreekin nahasten dituen marrazki batean. Urte horretako berezitasun nagusia da Irungo hiriarentzat gazteleraz idatzitako programaz gainera, artxiboaren webgunean frantses idatzitako beste egitarau bat jaso- tzen dela. Deigarria da urte berean frantses idatzitako egitarauaren azala eta argitalpenaren barneko edukia gazteleraz idatzitakoarekiko guztiz desberdinak direla.

1961
1961. urteko programaren azalean eskopetari baten marrazkia ikus daiteke. Bertan jaietako koloreekin soldaduaren irudia marraztu zen kolore urdineko hondo baten gainean. Oraingoan, festen izenarekin batera, Irungo jaiak ekainaren 28an hasi eta uztailaren 2an amaitzen direla azaltzen da egitarauaren azalean bertan.

1971
1971ko egitarauaren azalean, aurreko jaien egitarauetan gertatu ez bezala, argazki bat ikus daiteke. Azal horrek berezitasun gutxi dauzka, jaien izenean San Pedro eguna aipatzen ez dela eta urte horretako jaiak ekainaren 26tik uztailaren 1era ospatu zirela kenduta.

1981
1981eko jaietako azalean, aldiz, San Juan plaza ekainaren 30ean nola egon ohi den erakusten duen marrazkia ageri da. Eskuz egindako marrazkiarekin batera, jaien berri ematen duen portadako testua urre koloreko letrekin eskuz idatzi zen. Zehazki, testu horretan Sanmar- tzialetako alardearen ehungarren urtemuga aipatzen da.

1991
1991. urteko hiriko jaiak iragartzeko sortutako azalaren atzealdean alardeko soldaduen marrazkia ikus daiteke. Irudia arretaz aztertuz gero, ordea, atzeko marrazkiaren aurrean lerro zuriz marraztutako irudi baten bitartez alardeko jeneralaren silueta antzeman daiteke.

2001
2001eko jaietako egitarauaren azalak urte gutxitan diseinu grafikoaren bilakaera azkarrak kartelgintzan eragindako iraultza agerian uzten du. Kolore gorri eta zuriko lerro heterogeneo eta abstraktuak nahasten dira bertan, kolore beltzeko atzealde baten gainean. Irudia guztiz argi ikusi ez arren, koloreek argi eta gabi uzten dute Irungo jaiekiko lotura.

2011
2011. urteko jaietako kartelean berriz San Martzial ermita da protagonista. Kolore gorri eta beltzak erabiliz egunsentia ageri da ermitaren atzeko aldean urte horretako San Pedro eta San Martzial jaiak iragartzen dituen egitarauan.

2021
2021. urtea jaietako egitarauaren azalaz gainera, aurtengo jaiak inguratzen duten testuinguruarengatik bereziak izango dira. Horrela, baliteke norbaitek etorkizunean 2021eko jaien irudia eta egitaraua errepasatzen dituenean, urte ezohiko honetan bizitakoaren eta ekintzak bertan behera uztearen zegatia ulertzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude