Datorren asteazkenean, ekainaren 30ean, San Martzial egunean, Udalbatzak 12:00etan egingo du, urtero bezala, baselizaren aurrean botoa betetzeko ekitaldia. Aditzera eman zen bezala, COVID 19agatik bertan behera utzi ziren 2021eko San Pedro eta San Martzial jai hauetako ekitaldi instituzionalak, botoa betetzea izan ezik.
Horrela, segurtasunagatik, ekitaldia itxita egongo da jendearentzat, eta soilik Udalbatza, mazolariak, txistulariak eta behar bezala akreditatutako komunikabideak izango dira bertan. Itxita egongo da baselizara eta zelai-ingurura sartzeko arrapala.
Botoa betetzeko lekua nolakoa den ikusita, udalbatzako kideak banatu egingo dira, pertsonen arteko distantziak errespetatzeko. Lehen lerroan, Irungo alkate José Antonio Santano egongo da, eta harekin batera, udal-taldeetako bozeramaileak, banderaduna eta mazolariak.
Gainera, jakinarazten da San Martzial mendira igotzeko errepidea zirkulaziorako itxita egongo dela hilaren 30ean, 6:30etatik Udalbatzaren ekitaldia amaitu arte (12:30-13:00). Zelaitik baselizara oinez igotzeko bidea ere itxi egingo da goizeko lehen ordutik 12:30era.