Udalak bertan behera utzi du aurtengo jaietako egitaraua

Irungo Udalak jakinarazi duenez, bigarren urtez COVID-19ren pandemiagatik 2021eko San Pedro eta San Martzial jaietako programa bertan behera uztea erabaki du. Izan ere, apirileko azken datuen arabera Gipuzkoa gune gorrian sartu da, azken asteetan birusaren kutsaketek gora egin dute eta Irunen, zehazki, 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatuak 400 kasuen langa gainditu dituela ikusita hartutako erabakia izan dela azaldu du udalak.

Udalaren iritziz, egoera ikusita hiriko jaiak ez ospatzea da jarrera arduratsuena. Erabaki horren bitartez pandemiaren aurkako borrokan egiten ari den lan handia arriskuan jartzea saihestu nahi da. Udalak zabaldutako mezuan irakur daitekeenez, “urte luze honetan herritar guztiek egin duten sakrifizioa” arriskatzea ekidin nahi da.

Era berean, udalak hilabete hauetan guztietan irundarrek pandemiaren aurka borrokatzeko erakutsi duten konpromisoa eskertu du, neurriak betetzen jarraitzeko deia egiteaz gainera. “Izan ere, horrela, 2022an –dena pasata egongo da!– ilusio eta gogo handiagoz ospatu ahal izango ditugu elkarrekin San Pedro eta San Mar- tzial jaiak”, adierazi dute udaletik.

Gauzak horrela, jaietako programa bertan behera uzteko erabakia Kultura, Kirol eta Euskara arloetan eta Hiri Bultzadako batzordean jakinarazi da jada. Hain zuzen ere, batzorde horretan, Udalbatzako talde guztiak eta hiriko hainbat batzorde ordezkatuta daude. Horretaz gainera, komunikatu bat bidali zaie jaietako programaren antolaketan parte hartzen duten elkarte eta entitateei, jakinaren gainean egon daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude