Ekaineko hilabetea iritsi aurretik hasten da Irungo Kultura arloa hiriko jaietan zehar egingo diren ekintza eta ekitaldiak antolatzen. Pandemiaren eraginez alarma egoera ezarri zenean, berriz, ekitaldi asko bertan behera utzi eta aukera eskaintzen zutenak berrantolatzeko erronkari eutsi behar izan diote Juncal Eizaguirre kultura arloko ordezkariak azaldu duenez.
Covid 19-aren pandemia Irunera iritsi zenean, Kultura arloan jaietako egitaraua antolatzen hasiak zineten?
Bai, duela zenbait hilabete hasi ginen jaietako programari forma ematen. Adibidez, kontzertua gehienak lotuta genituen eta hiriko elkarteekin harremanetan jartzen hasiak ginen ekitaldi ezberdinak antolatzeko. Hortaz gain, festetako kartela aukeratzeko prozedura hasi genuen.
Jaietako egitarauaren barnean hiriko elkarteek ekintza asko antolatu ohi dituzte. Ekitaldiak antolatzeko asmoari eutsi diote?
Zetorren egoera ikusi genuenean egin genuen lehen gauza hiriko elkarteekin harremanetan jartzea izan zen, haiekin egoera aztertu eta erabakia hartu ahal izateko. Eskertzekoa da elkarte guztiek egoera honen aurrean erakutsi duten jarrera, egoeraren larritasun ondo ulertu baitute. Zein ekintza antolatu daitezkeen erabakitzeko kasuan kasuko ikerketa bat egin behar da, beraz, ekintzak batzuk bertan behera uztea ezinbesteko izango da, jende pilaketa handiak eragin ohi dituztelako. Beste batzuk, ordea, egokitu eta baliabide digitalen bitartez aurrera aterako dira.
Erraza da jaiak momentuko egoerara egokitzeko modua topatzea?
Ez, izan ere, jaiak kalean lagun eta familiako kideez inguraturik ospatzera ohiturik gaude, baina, aurten festak horrela ospatzea ezinezkoa da. Dena den, ohikoa izango ez den arren, hiriko festak ez galtzeko helburua duen programa bat osatzeko lanean ari gara, hiritarrei festak modu berezi batean eta segurtasun neurri guztiak errespetatuz jaiak bizitzeko aukera emateko. Aurten hiritarrek etxeetako leiho eta balkoiak apaintzeak garrantzi berezia izango du, hiria kolore gorri, beltz eta zuriz janzteko.
Osasun krisialdia iritsi aurretik jaietako kartela eta kontzertuak abiatzeko prozesuak martxan jarri ziren. Zer gertatuko da prozesu horiekin?
Alarma egoera eta osasun krisialdiaren ondorioz, ezinezkoa izan da prozesu horiek amaitzea. Jaietako kartela hautatzeko lehiaketa bertan behera gelditu ostean, ezinezkoa zen prozesu guztia berriro abiatu eta ekainera jaietako kartel batekin garaiz iristea, beraz, lana egiteko enkargua hiriko gazte bati egin diogu. Kontzertuei dagokienez, aurten ezingo da Urdanibia plazan kontzerturik antolatu, baina, hiriko taldeekin Amaia Kultur Zentroan ate itxiekin kontzertu bat antolatzeko lanean ari gara. Kontzertua hori bideoz grabatu eta emanaldia ordaintzeaz gainera, datorren urteko jaietara berriro aurkezteko aukera emango genieke.
Ekitaldiak berrantolatzeko orduan, zein irizpide jarraitu dituzue?
Osasun agintariek markatutako segurtasun neurriak jarraitu ditugu, adibidez, sarbidea kontrolatuko da horretarako aukera ematen duten tokietan eta jende pilaketak eragiten dituzten ekintzak antolatzea ekidingo da. Jarraitutako irizpide nagusiak erantzukizuna eta zuhurtzia dira, izan ere, ekitaldiak antolatu direnean oraindik ez genekien ziur ekainaren amaieran alarma egoeran egongo ote ginen edo ez.
Sare sozialek inoiz baino garrantzi gehiago izango dute aurtengo jaietan?
Bai, zalantzarik gabe. Konfinamenduan zehar oso baliagarriak izan zaizkigu online antolatutako ekintzak zabaldu eta aurrera eraman ahal izateko, adibidez, Irun Zuzenean Etxean kontzertuak. Sare sozialek etxean dagoen jende gehiagorengana iristeko aukera ematen digute eta teknologia berrien erabilerara ohiturik ez dauden pertsonen kasuan, ohiko komunikabideak erabiliko ditugu informazioa helarazteko.
Programa egokitu ostean, nolako ekintzak antolatzea aurreikusten duzue?
Hiriko biztanle guztientzako jaietako programa bat antolatzen saiatu gara, gai eskaintza zabalarekin. Haur zein helduentzat pentsatutako ekintzak antolatu ditugu, musika, umorea, artea, kirola eta erraldoiekin ere lotutako ekintzak proposatzeko. Guzti horiek, segurtasun eta garbitasun neurriak errespetatuz egingo da.
Antolatuko diren ekintzen bat aipatu ahalko zenuke?
Krisialdia zehar adineko pertsonak gehien sufritu duten taldeetako bat izan direnez, jaien historia haien testigantzen bitartez dokumental batean bilduko dugu. Haurrak jaietako protagonistak izan dira beti eta aurten ere horrela izango da, marrazki lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango baitute. Bestetik, Amaia kultur zentroan 1906. urtetik aurrerako jaietako kartelekin erakusketa bat antolatuko da. Bakarrizketetan Agustín Jiménezek irunekin lotutako bakarrizketa bat grabatuko du. San Juan Arbola , jaietako ikurra dena, ohiko tokian kokatuko da eta pandemiaren biktimentzako omenaldi leku batean bihurtuko da jendeak bertan loreak uzteko aukera izango duelarik.
Jaietan antolatu ohi diren kirol ekitaldiren bat egokitzeko modua topatu duzue?
Kirol ekintza gehienak bateraezinak dira egun jarraitu beharreko segurtasun neurriekin, beraz, antolatzaileek ekintza gehienak bertan behera geldituko dira aurten. Hala ere, segurtasun neurriak bereziekin, uztailaren 1eko pilota partidua egingo dela baieztatu dezakegu.
Zer gertatuko da jaien antolaketara bideratutako aurrekontuarekin?
Jaietako ekitaldiak antolatzeko erabiliko den aurrekontua aurreikusitakoa baino txikiagoa izango da, beraz, diferentzia udaletik pandemiaren ondorioei aurre egiteko antolatzen diren gauzetarako erabiliko da.
Hiritarrek Irungo jaiak aurten modu ezberdin batean ospatzeko gogoak dituztela uste duzue?
Guztiok aurtengo jaiak ezberdinak izango direla dakigula uste dut eta, erantzukizunez jokatuz, egun polit batzuk igarotzeko elkarrekin lan egin behar dugula uste dut.