Paco Carrillo, Alarde Tradizionaleko Jenerala: “Erabaki zaila izan da eta azken momentura arte itxaro dugu alardea antolatzeko aukerarik genuen aztertzeko”

Argazkia: Estudio Gover

Irungo Alarde Tradizionaleko buruzagien batzordeak maiatzaren 15ean 2020. urteko alardearen antolaketarekin lotutako adierazpena zabaldu zuen. Bertan, aurtengo San Martzial alardea eta alardea inguratzen duten gainontzeko ekitaldiak egingo ez zirela adierazi zuten. Paco Carrillo, Alarde Tradizionaleko Jeneralak erabaki historikoaren nondik norakoak azaldu ditu.

Erraza izan da aurten alarderik egingo ez dela erabakitzea?
Ez, erabaki zaila izan da eta azken momentura arte itxaro dugu alardea antolatzeko aukerarik genuen aztertzeko, baina, hasieratik konplikatua izango zela ikusten genuen. Hiru diputazioak eta Eusko Jaurlaritza udako jaien funtzionamenduaren inguruko protokoloa sortu zutenean aurtengo alardea antolatzea ezinezkoa izango zela ikusi genuen. Alardean parte hartzen duten soldaduen artean bi metrotako distantzia mantenduz alardea antolatzeko gai izango ginateke, baina, ezinezkoa da espaloietan pilatzen den jende guztia kontrolatzea.

Erabakia hartzeko prozesuko momenturen batean alardea egin ahal izateko aukerarik ikusi duzue?
Ez, egia esan, guztiz kontrakoa gertatu zaigu. Hasieran esperantza apur bat genuen, baina, konfinamendua arintzeko antolatutako faseetako arauak ikusi genituenean aukera guztiak desagertu ziren. Fase guztiak gainditu arren, normaltasun berriaren barruan ezinezkoa litzateke San Martzial egunean pertsonen arteko distantzia guztiak errespetatzea.

Nork parte hartu du aurten alarderik ez egiteko erabakian?
Alardean hartzen diren erabaki guztiekin gertatu ohi den bezala, Agintarien batzordeak hartutako erabakia da eta alardeko Jeneralak, Infanteriako Komandanteak eta kapitain eta unitate buru guztiek parte hartzen dute bertan. Normalean hilabetean behin bildu ohi gara, baina, osasun krisialdia iritsi zenetik astero, asteazkenetako txaloen ostean, era telematikoan bilerak egin ditugu. Bileretan egoeraren bilakaera aztertu dugu, baina, azkenean alarderik ez egiteko erabakia hartu dugu.

“Aurten ahal bezain beste disfrutatzeko ahalegina egin behar dugu, beti ere, segurtasun neurri guztiak errespetatuz”

Alardeaz gainera, Alardealdia ere bertan behera gelditu da?
Bai, noski. Alarderik egingo ez zela jakinarazi genuenean, alardearekin lotutako ekitaldi guztiak ere bertan behera gelditzen zirela adierazi genuen, hau da, Alardealdia, kantineren aukeraketa, entseguak, kantineren aurkezpena edo Armen Ikuskatzea.

Nola erantzun dute irundarrek erabaki honen aurrean?
Alde batetik, irundarrek egoera honen aurrean hartutako erabakia primeran ulertu dutela uste dugu, inork ez baitu kontrako asmorik adierazi. Ardura handia izan da erabaki hau hartu beharra, baina, karguarekin loturik dagoen zerbait da.

Arraroa da alarderik gabeko urte batean Jenerala kargua betetzea?
Bai, oso arraroa da, izan ere, 1938. urtean gertatu zen azkeneko aldiz. Hala ere, badira okerragoak diren egoerak.

Alarderik egin ez arren, ardura eta zereginek ez dute etenik?
Bai, erantzukizun handiko karguak dira eta hor erdian botoa berritzeko ekitaldia dago, 1522. urteaz geroztik gure arbasoak emandako zin-hitza betetzeko. Urtero egin ohi den moduan egitea ezinezkoa izango dela argi dago, baina, ikusteko dago ekitaldia beste moduren batean egiteko aukerarik izango ote dugun.

Bestelako ekintzak antolatzeko asmorik duzue?
Bai, alardearen antolakuntzaren barruan alardeko komunikazioa kudeatzeaz arduratzen den lantaldea dugu eta haiek arduratzen ari dira ekaineko hilabetean zehar antolatuko diren ekintzak eta sare sozialetako edukiak prestatzeaz. Orokorrean ekintza birtualak egingo dira eta oraindik antolatuko diren gauzen xehetasunak zehazteko daude.

Zuk pertsonalki aurtengo jaiak nola ospatuko dituzun pentsatu duzu?
Nire ustez tristura eragiten duten bestelako ezbeharrak daude bizitzan. Beraz, nahi ez genuen egoera bat izan arren, aurten ahal bezain beste disfrutatzeko ahalegina egin behar dugu, beti ere, segurtasun neurri guztiak errespetatuz.

Datorren urteko alardea gogo gehiago disfrutatuko duzuela uste duzu?
Badira datorren urteko alardea zalantzan egon daitekeela esatera ausartzen direnak, baina, nik momentuz ez dut horrelako zerbaitetan pentsatu nahi. Nire buruan 2021. urteko alardea zoragarria izango da eta, aurtengoaren balorazioa egin ostean, hurrengoa antolatzen hasiko gara irailetik aurrera. Horrela, hurrengo urterako sei kapitan berri aukeratuko dira eta dena martxan jarriko da berriro.

Zein mezu bidaliko zenieke irundarrei?
Aurreko urteetako mezu berdina bidaliko nieke, hau da, disfrutatzea. Gure sare sozialetan partekatu bezala ekaineko hilabete berezi bat izango da eta gure ondorengoei kontatu ahalko diegun zerbait izango da. Familia eta lagunekin elkartzeko aprobetxatu behar dugu, soilik urtean behin gertatzen diren momentu berezi hauetaz disfrutatzeko.

 

Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude